Ehun urtetik gorako eta bigarren eskuko liburuak eskuratzeko aukera egongo da Liburu Zahar eta Okasiozkoen Azokan. Saltzaile gehienak Euskal Herrikoak izango dira, baina Valentziatik (Herrialde Katalanak), Madrildik eta beste hainbat tokitatik ere etorriko dira. Donostiako Gipuzkoa plazan egongo da azoka, larunbatetik irailaren 7ra arte. 40. aldia duen honetan, 36 postuk beteko dute plaza; joan den urtearekin alderatuta, bost gehiago izango dira.
Donostiako udako postalen parte bilakatu da liburu zaharren azoka. Izan ere, udalak bi txoko ematen dizkio liburuari udaro; horietako bat, larunbatean abiatuko dena, Euskadiko Liburu Ganbarako presidente Jose Agustin Iturrik azaldu duenez. Bertako saltokietan, ohiko dendetan aurki ez daitezkeen produktuak egongo dira: zaharrak, katalogoetatik at daudenak, diskoak eta argazkiak, besteak beste. Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaile Asier Muniategik bi multzotan banatu ditu azokako produktuak: «antzinakotzat» jotzen direnak, batetik, eta «okasiozkotzat» jotzen direnak, bestetik. Lehenengo taldean kokatu ditu ehun urtetik gorako lanak eta berriagoak baina eskuratzen zailak direnak. Bigarren multzoan, berriz, argitaletxeek beste aukera bat eman dietenak sartu ditu. Azken horiek katalogoetatik kanpo daude, eta garai bateko prezioaren %20an salduko dituztela iragarri du.
«Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleen %69,4k irakurtzen dute aisialdian»
ASIER MUNIATEGI Euskadiko Liburu Ganbarako koordinatzailea
Muniategiren arabera, lan konplexua da azoka hori osatzea. Liburu zaharrak eskuratzeko prozesua «urte osoko lana» izaten dela adierazi du. Euskal Herriko eta kanpoko saltzaileak urte osoan biltzen dituzte Donostiako azokara ekarriko dituzten liburuak. Koordinatzaileak esan duenez, «oso ondo osatutako eta oinarritutako azoka» da Donostiakoa, urtetik urtera saltzaileak errepikatzeaz gain bezero finkoak ere badituelako.
Irakurzaletasunari buruz ere mintzatu da Muniategi, eta, horretarako, Espainiako Editoreen Elkartearen datu batzuk azaldu ditu. Datuak onak direla esan du, baikor: «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, biztanleen %69,4k irakurtzen dute aisialdian». Eta gazteei dagokienez, kopuru zehatzik eman ez arren, datuak hobeak direla gaineratu du. Joera hori aprobetxatzea du helburu Gipuzkoa plazan egingo duten azokak.