El Cabrero. Flamenko kantaria

«Botereak inoiz baino irentsiagoa dauka flamenkoa»

Ortodoxiaren jarraitzailea kantaerari dagokionez; apurtzailea hitzetan, boterearen kontrako diskurtsoan. Bizimolde xumeari lotua. Ahuntzaina. Gasteizen ariko da gaur, eta Iruñean bihar.

gorka erostarbe leunda
2015eko urriaren 22a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Espainian baino arreta handiagoa jarri izan diote beste zenbait lekutanJose Dominguez Muñoz El Cabrero flamenko kantariari (Aznalcollar, Sevilla, 1944). Frantzian, esaterako, musika fenomeno sozialtzat dute, eta El Cabrero, le chant de la sierra dokumentala egin zuten 1988an. Harrezkero, 43 herrialdetako telebistek eman dute; inoiz ez Espainiako telebista kate batek. Arrazoia ez da topatu behar haren musika ibilbidean. 1973tik hamabost disko inguru grabatu ditu; azkena, 2011n, Pastor de nubes. Bere burua libertariotzat du, eta ahal duen guztietan hitz egiten du aho bilorik gabe boterearen aurka, injustiziaren aurka, nola hitzez hala kantuz ere. Euskal Herrira sarri etortzen hasia da azken urteotan. Gasteizen hirugarrengoz ariko da gaur azken lau urteotan. Jimmy Jazz aretoan izango da emanaldia (21:00). Bihar, berriz, Iruñeko Zentral aretoan ariko da (20:30).«Beti jaso dut oso harrera beroa hor, Euskal Herrian». Ahuntzaina, bizimolde eta paisaia bati erroz lotua. Askea, hala ere. Ahuntzak zaindu ostean, gauarekin batera erantzun ditu galderok.

Goizetik iluntzera arte ahuntzain aritzen zara. Ahuntzei abesten diezu?

Ez, ez dut ohiturarik larrean nagoenean abesteko... Agian, zenbaitetan, txistuka aritzen naiz, edo marmarioan kantatzen. Hodeiei zenbaitetan, edo beste ahuntzainen bati, baina tango edo ranchera-ren bat normalean; flamenkorik ez.

Zein harreman du flamenkoak naturarekin?

Gainerako arte guztiek izan dezaketenaren antzekoa... Naturak harremana du artistekin eta musikekin: tangoa hiriko musika da, eta milonga kreola landakoa; biak dira lurralde berekoak, baina paisaia desberdinetakoak.

Nola egin duzu 40 urtetik gorako ibilian ahuntzaintza eta musika uztartu ahal izateko?

Gauza bakoitzari bere denbora emanez, eta kariñoa. Eta, batez ere, oso garbi izanik agertokitik kanpo ez daukadala inolako protagonismorik, ahuntzain bat baino ez naizela, beste edozein bezalakoa.

Kontzertuengatik kanpoan igaro beharreko aldiak gogorrak zaizkizu? 1993an hilabete egin zenuen kanpoan Peter Gabrielen bira bateko kide modura...

Pentsa: beste bira bat egiteko gonbita egin zidaten eta ezetz esan nien, nire errutinatik eta paisaiatik urrunduta egoteko gehiegizko denbora zitzaidalako.Gainontzean, bira hura esperientzia oso handia izan zen, eta oso musikari onak ezagutu nituen. Baina hilabete denbora gehiegi da...

Rockaren eta poparen mundua jarraitu duzu geroztik?

Peter Gabriel nor zen ere ez nekien bira egiteko proposamena egin zidatenean. Ez dut denbora askorik izaten musika entzuteko, soilik loari orduak kenduz, edota euriagatik ahuntzak larrera irteten ez direnean. Ia beti flamenkoa entzuten dut, edo tangoa edo Alberto Cortez kantugile argentinarra. Ikusi eta entzun dudanagatik, bihotzez egindako musika da rocka, eta eurena asko sentitzen dute, nik seguiriya bat senti nezakeen bezala. Popa... zer den ere ez dakit.

Sekula ez dituzu ezkutatu zure pentsamendu politikoak eta ezkerreko ideiak. Arazo asko eragin dizkizu horrek?

Asko... eta mota askotakoak, baina hori guztia neure gain hartu nuen oholtzetan kantatzen hasi nintzenetik; banekien gerta zitekeela. Egun, botereak inoiz baino irentsiagoa dauka flamenkoa, eta gazteek inoiz baino zailagoa dute, zirkuituak maneatuagoak baitaude...

Flamenkoko zirkuitu ofizialak ez zaitu ondo tratatu izan...

Flamenko zirkuitua ez dute zaleek osatzen, kontzertu eta jaialdietara joaten direnek. Kargu publikoak dituztenek, kultura kudeatzeko dirua darabiltenek osatzen dute, gauzak nahierara eginez eta deseginez. Duela asko baztertu ninduten zirkuitu horretatik, baina cuando hay algo que decir/ no se puede uno callar/ porque callar es morir [berak kantatu ohi duen kopla bat da, eta zera dio: «Esateko zerbait dagoenean/ ezin gera gintezke isilik/ isilik geratzea hiltzea baita»].

Flamenkoaren mundua itxia da? Kontserbadorea?

Ez dakit nolakoa den. Biran nagoenean, neure burua zaintzeaz soilik arduratzen naiz, oholtzaren gainean eman behar dudana ondo emateko, eta, etxera itzultzean, beste ahuntzainen batekin, lagunen batekin egoten naiz bakarrik. Horrela izan da duela 42 urtetatik. Ez naiz sekula arduratu flamenko giroa zein den jakiteaz, eta, era guztietako etiketak jarri baldin badizkidate, ez zait axola.

Enrique Morentek arnasa berria eman zion flamenkoari. Bat egiten duzu haren ikuspegiarekin?

Asko errespetatzen dut; beti esan izan dut artista bakoitzak nahi duen adierazpidea erabil dezakeela, baina ni neu flamenko ortodoxoarekin, klasikoarekin, palo gogorrenekin lotzen naiz: seguiriya-k, tonak edo fandango ausarten bat. Ditugun flamenko estiloetan topatzen dut esan nahi dudan guztia esateko modua. Cante oro desberdin da aldi bakoitzean, norberak bere izaera eta tonua jartzen baitio. Urte asko daramatzat honetan, eta oraindik ere ikasten ari naiz. Hori bai: nik kantatzen ditudan hitzak ez dira preseski kontserbadoreak, ezta klasikoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA