'PALAIS'
Artista:Â Alex Reynolds.
Non:Â Artium museoan.
Noiz arte:Â Urtarrilaren 4ra arte.
Eguerdiko ordu batean museoaren ateak zeharkatzen ditut. Atea irekitzen da, haize bolada bat sartzen da nirekin batera, eta beirazko ehunka ontziz konposatutako pieza erraldoia mugiarazten du. Batak bestearen kontra egiten du talka: klin, klin, klin… horren azpian erakusketa espazioranzko eskailerak daude. Hala, behera egiten dudan heinean kristalezko objektuen arteko talka horiek nire desplazamenduaren soinu banda bilakatzen dira.
Erakusketa espazioan sartu baino lehen motxila armairutxo batean sartu, eta koadernoa eskuan, orduan bai, Alex Reynoldsen Palais pieza audiobisuala biltzen duen espaziorantz noa. Bertaratzen naizen bitartean, sumatzen dut museoa erdi hutsik dagoela, eta hala erakusketa espazioarekin kontaktuan pertsona bakarra naiz. Hor gaude, eraikina eta ni. Neutraltasunaren defentsan bere identitatea eraldatzen duen espazioa, aurretik bildutako istorioen zantzuak ezabatuz.
Mostra bi espaziotan sailkatzen da. Lehenengoa erdi hutsik dago, bertan ikus dezakedan diptikoagatik izango ez balitz. Murruan eskegitako bi pinturetarantz gerturatzen naiz, urrunetik horma bezain zuria den paper bat ikusi dezakedalako soilik. Hots, gerturatzen naizen heinean zuritasun hori hazkatzen duten ingeradak identifikatzen ditut.
Dirudienez, Alex Reynoldsek Palais bideoan egindako desplazamenduen mapa da. Artista 2020an Bruselako Justizia Jauregian murgildu zen momentuan, haren barrenak arakatu zitueneko arrastoen grafikoa, alegia. Desplazamendua deszifratzeko saiakera egiten dut, eta arkatzez egindako marrek espazio ezezagun horri buruzko pistak ematen dizkidate. Dena den, hurrengo gelan sartu arte ez dut bere neurri monumentala benetan harrapatzen.
Bruselako Justizia Jauregia 1866. eta 1883. urteen artean eraiki zuten, Leopoldo II.aren erregealdian. Eraikinak 26.000 metro koadro ditu, eta egun ere munduko eraikin handienetako bat da. Bada, eraikinaren beraren monumentalitateak haren karga sinbolikoarekin bat egiten du: alde batetik, estatuaren boterearen ikur sinboliko eta praktikoa da; bestetik, jauregia Marolles auzoaren gainean eraiki izanak —auzo osoa suntsitu eta milaka pertsona beren etxeetatik kanporatu zituztela kontuan izanik— batzuen boterea besteenari gainjartzen zaiela adierazten du. Halatan, justiziaren, ordenaren eta legearen izenean eraikia izan arren, jauregiak burokrazia, kontrol instituzionala eta zapalkuntza espaziala ere irudikatzen ditu.
Hurrengo espaziora lekualdatzen naizenean, iluntasunean banku bat identifikatu eta bertan esertzen naiz. Orain hasten da bideoa. Reynoldsen presentzia sumatzen dut, baina ez dut bere gorputza identifikatzen. Izan ere, bere begiek ikusten dutena guk ikusiko bagenu bezala erabiltzen du kamera artistak. Hala, jauregian zehar mugitzen den bitartean bere pausoak, mugimenduak… entzuten ditugu, eta nolabait, desplazamendu horren parte bihurtzen gara.
Pasabide bat, eskailerak, abandonatutako espazioak, material ezezagunez betetako tokiak… agertzen dira batzuetan. Eraikinaren historiaren atzean ezkutuan dauden elementuak, hain zuzen. Eta, beste batzuetan, eszenak aldatu eta eraikinaren kupuletan, marmoletan, erliebeetan… jartzen du fokua Reynoldsek. Kamera horietan gelditu eta figura horien argazki pausatu baten aurrean kokatzen gaitu, haien testurak, formak eta koloreak dastatu ditzagun.

Halaber, bideoak eraikinaren immanentziaz ere ohartarazten gaitu, eraikinaren eraldatze prozesuaren fase ezberdinak erakusten dituen heinean: obrak, espazio ahaztuak, ur isuriak... Hots, ikusten dugunaz beste, espazioaren azalaren azpian gordetzen diren memoriak, kontakizunak eta bizipenak irudikatzera eramaten gaitu artistaren kamerak; eta haren atzean kokatzen garen neurrian, gu geu ere eraikin horri lotutako memoriaren eraikuntzaren parte bihurtzen gara.
Baina ez hori bakarrik: Reynoldsek agerian uzten du espazio horrek igor dezakeen dimentsio sinbolikoa eraikinaren beraren dimentsio fisikoan islatzen dela. Horrela, erakusten denaren eta ezkutuan geratzen denaren arteko tentsioa urratzen du, apaindurarik gabe eraikinaren barrenak arakatzen dituen heinean. Boterearen handitasunaren adierazpenak gure gorputzaren txikitasunarekin talka egiten duen modu berean, artistak espazioaren eta boterearen arteko harreman horren hauskortasuna bistaratzen du.