MUSIKA

Brasil Bilbobus barruan

Diego Ain musikari brasildarrak Bilboko hainbat autobus linea girotuko ditu hurrengo hiru egunetan, Ernesto Neto herrikideak Guggenheim museoan daukan erakusketa sustatzeko asmoz.

Ernesto Netoren erakusketan oinarritutako esperientziaren aurkezpena. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
2014ko apirilaren 23a
19:58
Entzun

Bizkaiko hiriburua lotzen duen Bilbobus autobus zerbitzuak ezusteko berezia eskainiko die erabiltzaileei ostiralera arte. Izan ere, Ernesto Neto artista brasildarrak Guggenheim museoan atondu duen erakusketa promozionatzeko asmoz, Diego Ain herrikideak musikaz beteko ditu hiria zeharkatzen duten autobus lineak.

[Youtube]http://youtu.be/HafEttnXoZw[/Youtube]

Ernesto Neto: naraman gorputza erakusketa plastikoa joan den otsailaren 14an estreinatu zen, eta maiatzaren 18an bukatuko da. Brasilgo artista nabarmenduenetarikoa da Neto, eta nazioartean oso ezagunak dira haren eskultura organikoak, sarritan tamaina erraldoia dutenak. Erakusketaren azken txanpa berrindartzeko asmoz, Rio de Janeiroko autobusetako jai giroa ekartzea izan dute helburu Guggenheimek eta udalak. Horrela, musika emanaldiez gain, 8.000 goxoki poltsatxo banatuko dituzte autobus erabiltzaileen artean, Brasilgo hiri horretako camelos-ek —kalez kale ibiltzen diren goxoki saltzaileak— autobusetan egiten dituzten joan-etorriak gogoraraziz.

Diego Ain musikariak Ain & The Machine izeneko proiektuaren zatiak joko ditu goizez eta arratsaldez banaturiko emanaldietan. Musika sortzeko, gorputza, ahotsa eta hainbat objektu erabiltzen ditu. Ain musikagilea, ekoizlea eta perkusionista da, eta hainbat lankidetza sonatu egin ditu azken urteetan, Prince-ren gitarra jotzaile Miko Weaverrekin eta Ara Malikian biolinistarekin, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.