Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Brighton

2025eko maiatzaren 25a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Gatwick, Londres. Ez dut aurkitzen hotelerako autobusa, 20:00ak dira eta ez daukat bateria askorik telefonoan. Galdetzen dut, gutxi gorabehera esaten didate zerbait, eta autobuseko gidari batek baieztatzen dit, iritsi naiz paradara.

Hotelera iristen naiz, eta Alberto, soinu teknikaria, bertan dago. Hango jatetxean afaltzen dugu. Soinu probarako puntual edo apur bat beranduago iristea negoziatzen dugu bion artean, hamaika garraiobide hartu behar ditugulako, eta oso goiz edo ez hain goiz esnatzea jokoan dagoelako. Bigarren aukera hartzen dugu, eta ondo erabaki dugu, Brightonera iritsi, oinez aretora joan, eta oraindik ordu erdi itxaronarazten digute eta.

Hondartzako kaian dagoen kasino/jauregi/taberna batean jotzen dut. Disneyland dekadente bat bezalakoa da, itsasoan sartua, antxeta harroputzez inguratua. Hot Dog, Fish and Chips, Chocolate and Churros diote kioskoetako kartelek. Imitaziozko bitxiak, eguzkitako betaurrekoak, perfumeak eta abar saltzen dira. Joko makina distiratsuak daude kaiko jauregi horren barruan, objektu distiratsuagoak lortzeko makinak. Lekua nerabez josita dago, eta atrako bat antolatzen ari balira bezala eguna antolatzen duten irakasle urduriez.

Jotzen dudan eremuan Irish Pub bat dago. Ez dago kamerinorik eta bezeroen komunean aldatzen naiz. Utzitako diseinuzko arropa eta WC-a, sinbolo nahiko zehatza lan hau deskribatzeko.

Jotzen dut, jende gutxi dago, baina ez dakizu zein egon daitekeen; egin gogo berberarekin, esaten diot neure buruari.

Bukatu, eta arratsaldean beste kontzertu bat joko dudanez, teklatu alokatua eraman behar dugu beste aretora; beraz, bazkaldu eta buelta bat eman eta gero Brighton eguzkitsu eta politean, bueltatu, teklatua soinean hartu, eta txandaka, joko dudan hotelera eramaten dugu. Bertan, atenditzen gaituen gizonak banda bat daukala ere esaten dit. Hemen ere ez dago kamerinorik. Komunetan aldatu eta hor tipo honekin itxaron behar dut kontzertua hasi arte, bere solasaldiari jarraitzen. Jotzen dut, berriro jende gutxi, baina normala iruditzen zait. Bukatu, eta nire ahotsarekin zer produkzio eta esperimentu egin beharko nituzkeen azaltzen dit lehengo gizonak. Irribarre egiten diot. Banoa, hiru pertsona etortzen zaizkit zoriontzera, haien artean mutil oso gazte bat, ez dakit adinez nagusia den. Hunkitzen nau. Ateratzen gara, eta zerua laranja dago; parean, kaia/kasinoa ikusten dut; neonak eta ilunabarra, 80ko poster batean bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.