Bruce Springsteen: ekaitza Anoetan

Euri jasak ordu erdiz geldiarazi zuen musikari estatubatuarrak atzo Donostian emandako kontzertua, baina hori ez zen oztopo izan Anoetako estadioan bildutako 40.000 lagunentzat.

Bruce Springsteen, larunbateko kontzertuan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Bruce Springsteen, larunbateko kontzertuan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
mikel lizarralde
Donostia
2025eko ekainaren 25a
11:44
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaua hastean, gauza batzuk argitzeko zeuden oraindik. Sargori egiten zuen, eta Anoetara tantaka sartzen ari ziren zaleetako askok esku batean edatekoa eta bestean abanikoa zeramatzaten. Baina jende artean aditzen zen ekaitza sartzen ari zela Bizkaitik, eta jakina zen Donostiara ere iritsiko zela. Galdera zen zer ordutan izango zen hori, eta kontzertuari eragingo ote zion. Beste zalantza bat agerikoagoa zen hasiera-hasieratik. Steve Van Zandt gitarrista Donostiako erietxe batean ospitaleratu zuten igandean, apendizitisak jota, eta urgentziaz egin behar izan zioten ebakuntza. Ondorioz, aspaldiko partez, 1999tik zehazki, E Street Bandek gitarrista bakarrarekin jo beharko zuen. Eta hori izan zen Bruce Springsteenek Euskal Herrian eman dituen bi emanaldien arteko alde nagusietako bat. Larunbateko kontzertuan ere izan zirenek bi emanaldien artean alderdi horretan izan ziren ezberdintasunak sumatuko zituzten agian, baina atzoko emanaldian ez zirudien Van Zandten absentzia asko nabaritu zenik, ezpada Nils Lofgren beste gitarristak protagonismo handiagoa izan zuelako, edo Bruce Springsteenek berak soloren bat edo beste egin zuelako gitarrarekin.

Springsteenek maiatzean hasi zuen bira, Manchesterren (Ingalaterra), eta ordutik eman dituen kontzertuetan abesti sorta bertsuarekin ari da, emanaldi batetik bestera aldaketa gutxi batzuk eginez. Agerikoa da bira hau, zeinaren izenburuak ere asko esaten duen —Land of Hope and Dreams (Itxaropenaren eta ametsen lurraldea)—, garai politiko eta sozial oso jakin batean iritsi dela, Donald Trumpek eta hark ordezkatzen duen guztiak AEBetan boterea berreskuratu dutenean. 1970eko hamarkadan bere lehenengo diskoak argitaratzen hasi zenetik, Springsteen langile klasearen ordezkari bihurtu da jende askorentzat, ez hainbeste haren aldarrikapen sozialen bozeramaile izan delako, baizik eta beharginen istorioak kontatu izan dituelako: fabrikek, tabernek eta kaleek zizelkatutako gizon eta emakumeak dira haren kantuen protagonista. Baina, horretaz gain, amets amerikarrean sinetsi du, eta haren ustez, amets amerikar hori arriskuan dago orain.

Horregatik, Land of Hope and Dreams bira hau Trumpen kontrako eta Springsteenek sinesten duen AEB horien aldeko aldarrikapen ozen bat ere badenez, kantutegia ere ondo aukeratuta dauka musikariak. Eta, halere, aldaketa txiki batzuk ere egiten ditu saiotik saiora. Atzo, adibidez, Lonesome Day-rekin hasi zuen kontzertua, eta berehala iritsi zen gaueko lehen sorpresa, Prove It All Night, orain arteko kontzertuetan jo gabea baitzen Darkness On The Edge of Town diskoko (1978) harribitxi handienetakoa. Kantuak balio izan zuen erakusteko E Street Band ondo olioztatutako makina dela oraindik ere.

Bere diskurtsoa ondo uler dadin nahi du Springsteenek, eta oholtza inguratzen zuten pantaila handietan kantu jakin batzuen hitzak irakur zitezkeen euskaraz eta gaztelaniaz, baina baita kantu eta kantu artean esaten zituenak ere. Alde horretatik, hitzaldi batzuk —erabat politikoak— ondo prestatuta zituela nabari zen, inprobisazioari tarterik utzi gabe, pantailetako azpidatzi itzuliek erakusten zutenez. Baina hitzaldiak argiak eta zuzenak ziren. Land of Hope and Dreams kantua aurkeztu aurretik, Trump ustel eta traidoretzat jo zuen, eta kantuaren bidez, berriz, bere trenera igotzeko gonbita luzatu zuen. «Bihar berriro eguzkia aterako da, eta iluntasun hau guztia iragana izango da».

Bere diskurtsoa ondo uler dadin nahi du Springsteenek, eta oholtza inguratzen zuten pantaila handietan kantu jakin batzuen letrak irakur zitezkeen euskaraz eta gaztelaniaz

Kontzertuaren lehenengo parte osoan bere ibilbideko hainbat abesti tartekatu zituen: garai loriatsuko kantuak —No Surrender epikoa, Atlantic City soila, The Promised Land hunkigarria— eta azken 25 urteotan idatzi dituen piezak —Death to My Hometown, Rainmaker («AEBetako buruzagi maitatuari» ironiaz eskainia), Long Walk Home—, batzuetan jatorrian biluziak ziren kantuak jantziz. Hori agerikoa izan zen Atlantic City-n eta John Steinbecken The Grapes of Wrath nobela gogoan idatzitako Youngstown-en.

Gustura zegoela sumatzen zitzaion Springsteeni. «Donostia, San Sebastian!» oihukatzen zuen aldiro, eta jendartera jaisten zen, eskuak ukitzera, konplizitate keinuak konpartitzera, eta baita gaztetxoren batek eskainitako loreren bat jasotzera ere. Hungry Heart soul arimako kantua jotzen hasi zenerako, irribarreak eta poz aurpegiak nagusi ziren Anoeta osoan, oholtza gainean nahiz zelaigunean eta harmailetan bildutako milaka lagunen artean.

Eta orduan iritsi zen ekaitza.

Zeru beltza argitzen zuten tximistek iragarri zuten, eta, Springsteen House of a Thousand Guitars bakarka gitarrarekin jotzen ari zela, euri jasa handi batek une batetik bestera hartu zuen Anoeta. Teknikariek gomendatuta, taldeak eta Springsteenek berak oholtza utzi zuten arriskuak saihesteko, eta publikoak ere estadioaren barrualdera egin zuen, nahiz eta izan ziren zelaian gelditu ziren ausart batzuk ere. Ordu erdi pasa igarota, baina, taldekideak eszenatokira itzuli ziren, eta Springsteenek agur esan zion ekaitzari, Greetings From Ashbury Park (1973) bere lehenengo diskoko kantu baten —Growin' Up— bertsio biluzi eta elektriko baten bidez. Baretuta bazen ere, ez zuen atertu, eta kantaria bera bustita eta gitarratik tantak erortzen zitzaizkiola ageri zen pantailetan. Irribarretsu. Bataila guztiei aurre egiten dien heroia balitz bezala.

Hortik aurrera, beste klasiko batzuk harilkatu zituen, rock-and-rollari —Darlington County, Working On The Highway—, eta baladei —I'm on Fire— kasu eginez; Born in The USA diskoko hiru kantu horiek biran jo gabeak zituen, eta Donostian bata bestearen atzetik eman zituen, 2001eko irailaren 11 gogoratuz —The Rising—. Eta publikoa ozen kantatzen jarri zuen Because the Night eta Badlands ereserkiekin, Thunder Road-ekin, ekaitzaren errepidearekin, agur esan baino lehen.

Clemons eta Federici gogoan

Segundo batzuk baino ez zituen behar izan itzultzeko. Born in the USA eta Born to Run elkarri lotuta eman zituen, eta bikote epiko garaiezina osatzen dutela erakutsi. Springsteenek ondo daki kontzertu baten tempoak neurtzen, eta sentikortasuna ere ageri zen kantuen artean, bere beste klasiko batek —Bobby Jean— erakutsi zuenez. Gaueko momentu hunkigarrienetakoa, baina, bandak Tenth Avenue Freeze-Out jotzen zuenean iritsi zen. Ordura arte musikarien eta publikoaren irudiek betetzen zituzten pantailak, baina aurten 50 urte betetzen dituen Born to Run diskoko kantu hori jotzen zuten bitartean, Clarence Clemons eta Danny Federici E Street Bandeko bi kide zenduak agertu ziren irudiotan.

Ez zen askoz gehiagorako tarterik gelditzen. Twist and Shout-en bertsio festazale batekin —ematen zuen kantariak berak ez zuela amaitu nahi—, eta Bob Dylanek idatzi eta Springsteenek bere egin duen Chimes of Freedom-ekin (Askatasun kanpaiak) amaitu zen ekaitzak zapuztu nahi baina zapuzterik lortu ez zuen gaua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.