Bryce Echenique idazlea hil da, 87 urterekin

Peruko egile nabarmenetako bat izan da. 'Un mundo para Julius' estreinako nobelari esker egin zen ezagun, 1970ean, eta ondotik landutako obra zabalak narratiba latinoamerikarraren erreferenteetako bat bihurtu zuen.

Alfredo Bryce Echenique idazlea, iazko azaroan, Liman. PAOLO AGUILAR / EFE
Alfredo Bryce Echenique idazlea, iazko azaroan, Liman. PAOLO AGUILAR / EFE
itziar ugarte irizar
2026ko martxoaren 10a
17:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Maisu batek utzi gaitu». Hala eman du Alfredo Bryce Echenique idazlearen heriotzaren berri Peruko prentsaren zati handi batek. 1970. urtean kaleratu zuen bere estreinako eleberria idazleak, Un mundo para Julius, eta oihartzun handia eskuratu zuen lehen urrats horrekin berarekin, hala herrialdean nola handik kanpo. Limako goi burgesiaren erretratu bat egin zuen lan hartan, luxuzko etxe batean bizi den mutiko umezurtz baten begietatik, eta Peruko Literatura Sari Nazionala (1972) irabazi zuen, eta Nobela Onenaren Saria (1974) Frantzian, besteak beste. Gaur hil da Echenique, 87 urte zituela, eta «umoreak, nostalgiak eta samurtasun sakon batek ezaugarritutako haren obrak Peruko letretan lorratz ezabaezin bat» utzi duela nabarmendu du herrialdeko prentsak.

Batik bat kazetaritza testuak eta narratiba landu zituen Echeniquek. 30 urte inguru zituela hasi zen argitaratzen, eta obra zabala osatu zuen jarraian, hamarkadaz hamarkada. Haren parte dira, besteak beste, La felicidad, jĂ¡ ja (1974), La vida exagerada de MartĂ­n Romaña (1981), Magdalena y otros cuentos (1986), CrĂ³nicas personales (1987), La Ăºltima mudanza de Felipe Carrillo (1988), No me esperen en abril (1995), Reo de nocturidad (1997), GuĂ­a triste de ParĂ­s (1999) eta Las obras infames de Pancho Marambio (2007) liburuak.

1975ean, Guggenheim Fundazioaren beka batekin, AEBetara lekualdatu zen idazlea, eta agerkari mexikar batentzat hainbat kronika idatzi zituen bertatik —A vuelo de buen cubero y otras crĂ³nicas (1977) lanean bildu zituen gero—. Aurrerago ere jarraitu zuen hainbat hedabiderekin kolaboratzen, eta 2009an plagioaz akusatu zuten. Zehazki, hamabost autoreren hamasei testu plagiatzeagatik zigortu zuen Peruko auzitegi administratibo batek —tartean zen Sergi Pamies idazle katalanak idatzitako testu bat—, eta polemika handiak inguratu zuen orduan.

Aitona bankari, herenaitona presidente

Ez edonon, Limako familia aristokratiko ospetsu batean jaio zen Echenique, 1939an —haren aitona Francisco Echenique Bryce bankaria izan zen, zeina DĂ¡ndole pena a la tristeza (2012) nobelako protagonista bihurtu zuen idazleak; eta haren herenaitona, berriz, Peruko presidentea, 1851tik 1855era—. Lehenengo, Zuzenbide ikasketak egin zituen, baina literaturan murgildu zen gero, eta Europako hainbat hiri hartu zituen bizitokitzat 1964tik aurrera. Parisko Sorbona Unibertsitatean egin zuen doktoretza tesia, esaterako, eta irakatsi ere egin zuen han, bai eta inguruko beste zenbait unibertsitatetan ere.

Behin galdetu zioten ea ados zegoen bere obrako gai nagusiak maitasuna, bakardadea, gaixotasuna eta zoriontasuna zirela, eta bat etorri zen idazlea. «Literatura salbazio luze-luze bat da», defendatu zuen, «gaurdaino salbatu nau ni». Idazkerari dagokionez, berriz, Peruko gizartearen gaineko begirada beti zorrotz, umoretsu eta pertsonal batengatik jaso izan du aitortza idazleak, eta sari entzutetsu ugari jaso ditu horregatik.

Bartzelona izan du bizitoki azken urte luzeetan, eta hainbatetan izan da Euskal Herrian ere. 2002an, esaterako, Bilbon izan zen El huerto de mi amada liburua aurkezten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA