«Amets bat da, baina esna gaude». Tomas Lizarazuren hitzak dira, Bulego taldeko abeslariarenak. Taldeak azken urtean egindako ibilbideaz dihardu, espero zutenaz eta lortu dutenaz; horri buruzkoa da ekoiztu berri duten Gure bizitzako lehen bira dokumentala. Atzo argitaratu zuten lehen atala, taldearen Instagrameko profilean (bost ditu denera).
Ikus-entzunezkoa Barbara Fernandez zinemagileak zuzendu du, eta David Mendizabal izan da edizio eta argazki zuzendaria. Han, taldekideek diote bizitzeko modu bat bihurtu dela Bulego eurentzat, eta, oraingoz, esfortzu horrek «gauza positiboak soilik» ekarri dizkiela. Aitortu dute sekula jotzea espero ez zuten lekuetan jo dutela.
Izan ere, aurtengoa izan da Bulegok kontzertuak ohiko formatuan eman ahal izan dituen lehen urtea: taldeak lehen abestia argitaratu eta gutxira, itxialdia heldu zen, eta bi urte igaro dituzte kontzertuak ahal zuten moduan egiten.
Dena den, ez da kasualitatea Azkoitiko taldeak bira dokumentatu eta bideo formatuan argitaratu izana; Lizarazuk BERRIAri esan zion moduan, taldearen «bizkarrezurra musika da, baina inguruan hainbat arlotako profesionalak biltzen saiatu gara proiektu osoago bat eratzeko». Horren beste adibide bat da Gure bizitzako lehen bira.
Ikusi gehiago: «Musikaz gain, zerbait gehiago eskaini nahi diogu entzuleari»