Burdinaren sentsualitatea

Sahatsa Jauregik burdinazko eskulturak sortu ditu lagunen gorputzetan oinarrituta. 'Los brutos' erakusketan bildu ditu; Bilboko Artiatxen erakutsiko dira irailaren 26ra bitartean

Sahatsa Jauregi artista, erakusketako eskultura baten atzean, Bilboko Artiatx aretoko bigarren solairuan. RAUL BOGAJO / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Askotariko piezak bildu, eta horiek gainjarriz eta uztartuz taxutzen ditu Sahatsa Jauregi artistak bere eskulturak. Osagaien talka bilatu ohi du proiektuetan; ez oraingo honetan, ordea. Los brutos erakusketa osatzen duten bost pieza mardulek badituzte kontrastea eragiten duten detaileak, baina agerikoa da irizpide aldaketa: burdin xaflaren koloreak homogeneo bilakatzen du bilduma, eta figura iluna beti gailentzen zaie itsatsita dituen ñabardurei, izan arrautzaz osatutako gerriko bat, izan oinarrian paratutako plastikozko hanka multzoa, izan burdinazko bi figuratan bermatutako beirazko taula apaindua. «Eskulturak isilagoak dira, siluetek garrantzia hartzeko», sortzailearen arabera. Irailaren 26ra arte ikusi ahalko dira Bilboko Artiatx guneko bi solairuetan.

Aretoak egonaldi artistikoak eskaintzen ditu, eta Los brutos horietako baten emaitza da. Hiru hilabetean garatu du Jauregik proiektua, eta, batez ere, azkenengoan. Tokia ez ezik, Artiatxekoek baliabideak ere eskaintzen dizkiete egonaldia egiten ari diren sortzaileei, eta horietako batek baldintzatu du Jauregiren erakusketaren moldea. Izan ere, Artiatxen xaflak mozteko makina dutela aprobetxatuta, teknika «garatzea eta sakontzea» erabaki zuen, eta adiskideen gorputzetan oinarritu da silueta nagusiak ebakitzeko.

«Baneraman denbora bat lagunak estudiora gonbidatzen, eta haien gorputzekin hasi nintzen eskulturak egiten». Ondo pasatzeko modu bat baino ez zen izan hasieran, inprobisazio hutsa. Argazki andana bat egin zuen, eta horietan oinarritu zen piezak sortzeko: estudioko jazoera batzuk harrapatu zituen, eta irudietan azpimarratutako forma eta siluetak izan dira moztu dituenak. Bi dimentsiotakoa hiru dimentsiotara itzultzea zen «erronka», dioenez, eta prozesuak «arrarotu» eta «errealitatetik aldendu» ditu irudiok. «Ez zait gustatzen argazkiak erakustea; nahiago dut jendeak esperientzia errealago bat izan dezala erakusketetan. Irudi asko ditugu egunerokoan; ikusleari gainbalio bat eskaintzea da nire helburua. Irizpide horrekin landu ditut eskulturak».

Prozesua «intuitibotzat» jo du Jauregik, eta nabarmendu du argazkietan dauden «sentsualitatea eta erotismoa» ere landu dituela piezetan. «Iruditzen zait eskulturaren ikuspegi orokorra, behintzat euskal testuinguruan, oso eutsia dela, zenbait pasiori dagokionez itxia, arrazionala eta oso gizonezkoa». Umorearen bitartez sentsualitate hori guztia barneratzea zuen jomuga artistak, bai eskulturetan, ez zitezen «hotzak» izan, bai garapenean, «lanean plazera eta gozamena egon zitezen».

Tradizionalki hainbeste erabili ez den molde bat hautatu du horretarako: eskultura figuratiboa. «Eskulturak oso morfologikoak dira —busto bat, adibidez—, edo oso abstraktuak; badago gabezia bat, eskultura figuratiboarena, eta horren inguruan hausnartu dut». Eta, paradoxikoki, burdin xaflaren gogortasunak modua eman dio silueta bihurgunetsuak egiteko, «materiala bere buruaren kontra joango balitz bezala», azaldu duenez. «Lanean ari nintzenean, pentsatzen nuen: 'Laguna postura honetan sartuko dut'. Tela edo kakorratza erabili izan banitu, ez nituzkeen irudi horiek egingo, epelegiak geratuko ziratekeelako, baina materialak oinarritik eragozten du hori».

Arkitekturaren mende

Siluetak ebaki ondoren geratutako xafla soberakinekin pieza bat egin du Jauregik: aretoko lehenengo solairuan kokatutakoa, zehazki. Ez zuen aurreikusia hondarrak erabiltzea, baina, azkenean, zatiak pilatuz eta gainjarriz beste eskultura bat taxutu du, handiena, eta ikusten den lehena. Gela banatzen duen hesia da, eta bi planorekin jokatzen du, artistaren arabera. Aldeetako bat, leihoak dituena, argiztatuta geratzen da; nabarmen ilunago dago beste aldea, eskailerarena.

Arkitekturak baldintzatu du piezen kokapena; lehen pieza beheko solairuan baino ezin zen zintzilikatu. «Asko pentsatzen dut lan bat zer testuingurutan txertatu. Arkitekturak berak ematen dizkit erantzun teknikoak, eta horiek zehazten dute azken forma». Arteak «dena egiteko aukera» ematen duenez, artistak «beti» ari omen dira gidak aurkitzen, eta askotan horiei esker jakiten dute zer egin nahi duten. Jauregiren kasuan, arkitektura da baldintzatzaile nagusia. «Ezin daiteke baztertu».

Hilabeteetako lanaren ondoren, figurekin harreman oso «pertsonala» garatu du, pieza bakoitzean hura inspiratu duen laguna identifikatzen baitu; horrek ere balio izan dio lan bakoitzaren tokia erabakitzeko, umorez adierazi duenez. «Piezei galdetzen diet ea zein den haien lekua; horretarako, ez dut ikuslearengan pentsatzen».

Beste horrenbeste bigarren solairuko piezen kokapenarekin. Eskailerak igotzean, gertu dauden hiru eskultura ikusiko ditu bisitariak. «Interakzio handiagoa izan zezaketela iruditu zitzaidan». Laugarrena, berriz, ezkutuan bezala dago, eta azkenik antzematen da, ezinbestean: eskaileraren parean dagoen horma zati batek eragozten du lehen begi kolpean hartaz jabetzea. «Muntaketan ikusi nuen pieza horrek bolumen handia zeukala, eta gela propioa behar zuela. Espazioak balio zezakeen hura hor bakarrik kokatzeko».

Irailaren bukaeran, aretoa hustu egin beharko du. Lan bat bukatuta dagoela zehaztea kosta egiten zaionez, Los brutos-eko obrak edo horien osagaietako batzuk etorkizunean berriro erabiliko ditu, beharbada. Goiko solairuko eskulturak «nahiko itxita» daude, baina behekoa zatikatu egin beharko du halabeharrez. Edonola ere, buruhauste horiek ezagunak zaizkio. «Eskultura egiten dugunontzat, biltegiratzea arazo handi bat da; diru asko eskatzen du, eta gu oso era prekarioan bizi gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.