DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. ZABALTEGI

'Buried' da oraingoz publikoaren 'bitxirik' gogokoena

Publiko gazteak, berriz, 'Abel' eta 'Izarren argia' lanei eman die orain arte ikusitako filmen artetik punturik gehien

Erredakzioa
Donostia
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Emanaldiaren ostean Zabaltegi-Bitxiak saileko filmei puntuazioa jartzeko aukera dute ikusleek, Zinemaldiko publikoaren saria erabakitzeko. Atzo arte jasotako puntuen arabera, Buried filma izan da ikusleen gustukoena, orain arte sail horretan ikusitakoen artean. 8,245 puntu lortu ditu Rodrigo Cortes zinemagile espainiarraren thriller ezohiko eta itogarriak. Hala ere, oso alde txikiagatik gailendu zaio Josh Radnor zuzendari estatubatuarraren Happythankyoumoreplease mezu baikorreko komedia, 8,234 puntu lortu baititu lanak.

Puntutan atzerago daude oraingoz Lee Changdong hegokorearraren Poetry filma (7,010) eta Semith Koplanoglu turkiarraren Bal/Honey lana (6,132). Ikusleek aukeratzen duten filmaren inportatzaile espainiarrarentzat 70.000 euroko saria ematen du jaialdiak. 35.000 euroko sari bat ere badago, puntu gehien lortu dituen Europako filmarentzat.

Gazteriaren saria

Gazteek ere badute zeresanik zinemaldiko filmei dagokienean, eta haien esku dago gazteriaren saria zein filmi eman erabakitzea. Orain arte ikusitakoen artean, Diego Lunaren Abel izan dute gustukoen; ezohiko aita baten rolean jartzen den bederatzi urteko haurra protagonista du filmak. 8,374 puntu lortu ditu orain arte. Haren atzetik, Mikel Ruedaren Izarren argia lanak lortu du gazteen aldetik puntu gehien: 7,834 puntu eman dizkiote 1936ko gerran Saturrarango emakumeen espetxean girotutako lanari.

La tête ailleurs (6,905), Schemer/Dusk (6,733), Rompecabezas (6,306), Blog (6,196), Colours in the Dark (6,154), Marieke, Marieke (5,950), Yves Saint Laurent, l'amour fou (5,829) eta A tiro de piedra (5,165) lanei buruzko iritzia ere eman dute gazteek. Gutxien atsegin izan zaien lana Norberto apenas tarde (4,923) izan da orain arte.

Zinemaldiko gazteen epaimahaia 17 eta 21 urte arteko 350gaztek osatzen dute. Borondatez parte hartzen dute ekimenean, eta gazteriaren saria jasotzeko hautagai diren film guztiak ikusteko konpromisoa dute. Film horiek sail ofizialeko zuzendarien lehen eta bigarren lanak, Zabaltegi saileko hiru ataletakoak nahiz Horizontes Latinos saileko lanak izan daitezke. Batez beste, egunean hiru film ikusiko dituzte gazteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.