Buru beretik buru berera dabil Zuberoako, Nafarroa Behereko,eta Lapurdiko Bertsolari Txapelketako txapela: hirugarren aldian ere Amets Arzallusek jantzi zuen, aurrenekoz Baionako Lauga gelan jokatutako finalean, 1.900 entzule ingururen aurrean. Hirugarren aldi horretan ere buruz burukoan piztu zen Arzallus; ordura arte duen maila berezia erakutsiz zuzen, zorrotz eta fin arituta. Buruz burukora sailkatutagogotsuago, gusturago, nabari zen, koska bat gorago egiteko prest. Oro har, saio guztian fresko aritu zen Arzallus: ideiaz eta kantaeran bizi eta bertsoak arin ekarriz.
Emil Larre euskaltzainak jantzi zion txapela Arzallusi, eta hala kantatu zuen txapeldun izanda:
Amets Arzallus:
Hitza gure joko parzela
edo uste dut lehen hala zela
orain, zoinbati hitz egitea
bihurtu zaio kartzela.
Beharrik gure bertso eskoletan
berrehun haur bazaretela
jar ezazue txapela
eta erakutsi ez dakitenei
hitza jostatzeko dela.
Aurreko finalean bezala, Odei Barrosorekin jokatu zuen buruz burukoa Arzallusek. Puntu erdiko aldeaz sailkatu zen buruz burukorako Barroso, Sustrai Colinaren aurretik. Berriz ere tarte laburrarengatik ez zuen aurrera egin, aurrera egiteko traza zuen Colinak. Buruz burukoan narbarmendu zen Barroso. Kartzelakoan, bere onenetan bezala barrutik jardun zuen, sakon, barnekoa eztarritik hauskor plazaratuz. «Bakarrik zara etxean. Amatxi zenak utzi zuen kutxari so. Badakizu ez zuela irekitzea nahi», izan zuten Arzallusek eta Barrosok kartzelako gaia buruz burukoan. Barrosok honela kantatu zuen bere bigarrena:
Odei Barroso:
Begiratu dut hortik
begiratu hemendik
ta barrena dardarka
daukat nik oraindik.
Bere eraztun zahar horrek
pena ematen dit
kutxatik argazkiei
begira egonik
barnekoa dardarka
hasi zait jadanik
eta orain artean
e' nuen uste nik
kutxa baten bizi bat
zahartu zitekenik.
Beste behin finalean azken egokitu zitzaion Arzallusek ere bertsorik jantzienak gai horri tiraka ekarri zituen. Bigarrenean azaldu zuen kaxak benetan zer gordetzen zuen:
Amets Arzallus:
Argazkiño bat eta zapia
eta zein da arrazoin zein aitzakia.]
Gure aitatxi nun ibili zen
hemen nehork badakia?
Bizitza bat zen gaztearoan
gerla batek ebakia
eta ze adabakia
Francok hezurrak gorde zituen
ta amatxik argazkia.
Kartzelaren aurretik sei puntuko motzarekin hasi zuten buruz burukoa. «Odei, bihar libre aterako duten presoa da. Atera aurreko azken bisita egitera joana zaio Amets txikitako laguna», jaso zuten gaia Itzainaren ahotik. «Presondegia ez zazu zure / barnean ereman», aholkatu zion bere lehen bertsoaren bukaeran Arzallusek. Kartzelan geratuko zirenenganako kezkari eusten zion Barroso presoak, eta «Zu lasai atera, tira / ez egon bertzei begira / horiek ere egun batean / aterako dira», lasaitu gura izan zuen Arzallus txikitako lagunak. Hala ere, Barroso presoak bakerik ez: «Eta guzion kaltean / ezin naiz egon bakean / barnean utzi ditudan hoiek / atera artean». «Jar zazu aita musuka / eta malkorik ez xuka / biharko eguna goza ezazu / merezi duzu ta», bukatu zuen bertsoaldia Arzallusek.
Bertso batzuetan gehiago, besteetan gutxiago, baina ariketa guztietan eman zuen onetik Colinak. Buruz burukoaren aurreko ariketatako kartzelarik onena egin zuen. Bertsoa puntuz puntu josi zuen, gaia artez baliatuz:
Sustrai Colina:
Esan dit: 'Sustrai zurea dugu
gutxik daukaten grazia:
neskalaguna izango duzu
ederra ta ikasia
seme-alabak eta bersotan
herri baten extasia
zure barne poesia
atxematen zoaz ia
eta gainera, izango duzu
ehun urteko bizia.
Emazte honek ez al dit esan
entzun nahi nuen guzia?
Saioa indartsu hasi zuen Maddi Sarasuak eta gazteena izanagatik finalaren mailari aise eutsi zion birritan bertsoa osatzerakoan trabatu bazen ere. Saioa hasi orduko nabarmendu zen, zortziko handian. Xumai Muruarekin batera jardun zen. Auzoak ziren, eta sukaldeko leihoak parez pare zituztela goiz guztietan kafea elkarren parean hartzen zuten, Joana Itzaina aurkezleak jarritako gaiari jarraiki. Muruak kafeak ez ote zuen zapore bitxia galdetuta «Baina gustua bai bitxia du / ta hola edan beharko / azkenaldian zuri begirahoztu egiten zaidalako», erantzun zion Sarasuak. Bere etxera gonbidatuko zuen Muruak hurrengoan, eta onartu egin zuen gonbidapena Sarasuak: «Zure etxera joanen naiz ta / egin dezagun trukea / azkenean zu izanen zira /kafe huntako azukrea».
Sarasuak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako txartela eskuratu zuen, Barroso eta Eneritz Zabaletarekin batera.Colina eta Arzallus aurreko Txapelketa Nagusiko finalistak izan zirenez, aurrez bazuten txartela.
Eneritz Zabaletak eta Xumai Muruak ale batzuk utzi bazituzten ere, ez zuten aurreko finaletan beste estutu, eta aurrekoa baino final nahasiagoa egin zuten atzo.
Doinu berezia du Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko Bertsolari Txapelketak. Txapelketatan eta plazatan entzun ohi ez diren doinuak erabili zituzten sarri bai ofizioetan, bai bakarka. Barrosok eta Zabaletak hamarreko txikian erabili zuten doinuak, esaterako, asko jantzi zuen ariketa, baita Sarasuak kartzelakoan erabili zuen doinuak ere.
Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko Bertsolari Txapelketa. Finala
Buruz buru, beti berean
Amets Arzallusek hirugarrenez jantzi du txapela Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko Bertsolari TxapelketanOdei Barrosok jokatu du buruz burukoa Suatrai Colinari puntu erdi aterata

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu