Kamareroa naiz. Kamarero esaten dudanean, ez dadila terminoa nahastu hor zehar dabiltzan tabernari baldar-narras pila horrekin. Ez, mesedez, kamareroarena bere baitan duintasun handia gorde duen ofizioa da. Dohain asko, eta topatzen zailak, biltzen dituen diziplina profesionala, niretzat: dotorezia, prestakuntza, ardura, psikologia, arreta, zuhurtasuna, sentsibilitatea…
Kamareroa naiz nire kafetegian, kamarero profesionala Irungo Café Mokka-n.
Nola iritsi nintzen honeraino? Gaztetan, 90eko hamarkadan, hiriko musika-talde bateko partaidea izan nintzen, 80ko hamarkadako suak ordurako nahiko amatatuak ziren garaian. Arrakasta dezenteko taldea izan zen gurea, eta zenbait urtez martxan aritu ondoren, proiektua amaitutzat jo genuenean, musika utzi, eta egindako diruarekin kafetegi bat zabaltzea erabaki nuen, beti izan bainaiz kafetegi klasikoen zale amorratua. 32 urte nituen orduan.
Tira, ez zen zehazki hala izan. Goazen mantsoago. Lehenik, bi hitz, musika zergatik utzi nuen azaltzeko. Teklatua jotzen nuen aipatu dudan taldean, eta garai hartantxe, nire entzuketa kaotiko samarretan, topo egin nuen, halabeharrez, musika sinkopatua eta akorde konplexuagoak erabiltzen zituen estilo batekin: jazzarekin eta bere eratorriekin. Chet Baker izan zen hasiera hartan nire epifaniaren errudun nagusia. Artista haren ahotsak eta tronpetak liluratu egin ninduten, hipnotizatu. Gerora jakin nuen zale batzuentzat tronpetajole hobea izan zela beste Baker bat, Harold, musikatik batere distirarik gabe pasatu zena, baina tira, ez gaitezen sartu adituen arteko xextretan.
Gure taldean, «pop-rock» zakuan sartu zitekeen musika egiten genuen, oso musika oinarrizkoa, bai erritmikoki eta bai harmonikoki. Eta jazza deskubritu nuenean ezin izan nuen mundu horretan ordura arte bezala jarraitu. Konkretuki, septimako akordeekin topo egitea benetako enkontru bat izan zen niretzat, hitzaren zentzu bete-betean. Ordurako entzunak nituen noizbehinka akorde horiek, jakina, baina zer edo zer misteriotsua gertatu zen jazz artista haiek jota entzun nituenean. Bizitzan zehar izaten diren topaketa bakan horietako bat, finean, musika ikuskera erabat aldatu zidana.
Taldekideei nire egoera musikal berria planteatu, eta, tentsio dezenteko krisialdi labur baten ondoren, proiektua bertan behera uztea erabaki genuen. Teklista aldatzea ere planteatu zen, halakoetan espero izatekoa den bezala, baina beste garai batzuk ziren, erromantikoagoak, nahi bada. Garbi gelditu zen: edo hasierako kide guztiok jarraitzen genuen edo amaitutzat eman beharra zegoen ibilbidea, eta ni ez nengoen jarraitzeko prest.
Zaleei taldearen amaieraz eman genien bertsioa ezberdina izan zen, esan beharrik ez dago: goian egonda agur esan nahi genuela, neke punttua… Tira, ohiko erretorika klasiko hori guztia. Baina benetako arrazoia, hemen aitortutakoa izan zen.
Behin taldea deseginda, nire situazio berrian arazoa izan zen deskubrituriko mundu musikala maitatu eta mirestu, bai, baina neure burua ez nuela gai ikusten teknikoki estilo horretan jotzaile gisa aritu ahal izateko. Teklista mugatua nintzen eta teknika konplexu hura ikasten hasteko kemen nahikorik ez nuen bilatzen nire baitan.
Dena esateko, klase batzuekin hastera animatu nintzen, baina oso aldapa gora egin zitzaidan kontua. Ezintasun horren ondorioz, dezente sufritu nuen denboraldi batez, neure burua ederki zigortuta, eta azkenean, egoera emozional kaskarrari buelta ematea lortu nuenean, taldearekin irabazitako euro batzuk nituenez, erabaki sendo bat hartu nuen: nire ametsetako kafetegia martxan jartzea. Xarma handiko kafe klasikoa izango zen, non musikak ere, nola ez, paper garrantzitsua beteko zuen.
Baina, jakina, amets, utopia eta enparauekin beti gertatzen dena: gero, errealitatea dator mailuarekin eta zure tokian jartzen zaitu, ederki jarri ere. Inmobiliaria batean lanean ari zen nire ezagun batengana jo nuen, Irungo lokalen merkatuaren berri eman ziezadan. Ezagunak berehala jakinarazi zidan nire aurrezkiekin ez zegoela erdigunean kafetegi bat muntatzeko inongo aukerarik. Taberna txiki bat, asko jota; hortik gora, ezer ez. Berri haiek entzunda, desengainu galanta hartu nuen, hori da egia.
Lur jota geratu nintzen, harik eta handik gutxira, lagun batek gonbidatuta, Iruñera egunpasa egitera joan, eta alde zaharreko Café Roch ezagutu nuen arte. Bertako lagunak, bazkaldu ondoren, kafea hartzera eraman ninduen lokal enblematiko hartara, eta hantxe ireki zitzaidan zerua, parez pare ireki ere: aspaldian sortua, txiki-txikia zen aretoa, baina ez zuen, zertan handien inbidia gehiegirik izan. Batetik, antzinatasunak eransten zion xarma, eta bestetik, gainerako kafetegi klasikoekin partekatzen zituen elementu amankomunak: marmolezko barra eta mahaitxoak, egurrezko taburete erosoak, ispiluak irudiekin, beiratea sarreran… eta pantailarik ez!
Txoratuta utzi ninduen aretoak. Lagunak, kafetegizalea bera ere, kontatu zidan Café Roch 1898an sortu zela, Iruñeko bigarren zaharrena da, antza, eta denborarekin, tertulialeku pribilegiatu bilakatu zela: pintoreak, idazleak... Hemingway bera ere ohiko bezeroa izan omen zen bertan.
Jada ez neukan dudarik: horixe zen behar nuen eredua. Café Roch kontzeptua eramango nuke Irunera.
'Café mokka'