Calvinok esan zuena baieztatuz

Hiriak bisitatu egiten dira haiei buruzko literatura lanek erakarrita. Gero, horri zinemaren eragina gehituta, 'déjà vu' sentipena eduki dezake irakurleak.

Igor Susaeta.
2012ko abenduaren 7a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Canori «pentsaezina» egiten zaio paseo luze bat ematea Parisko kanposantuetan «Cortazarren Rayuela (1963) liburuan pentsatu gabe». Edo Austerren The New York Trilogy (1985-1986) hiritik banatzea. Izan ere, hiriak bisitatu egiten dira haiei buruzko literaturak erakarrita. «Ez hiriak bakarrik, baita herrialdeak ere», argitu du Canok. «Literaturaren bidez ezagutu ditut ia beti lehenbizi, eta gero bertara bidaiatu. Alde horretatik, niretzat hiri gehienak daude aurretiaz literaturaz blai, sugestio eta erreferentzia literarioz lepo». Azken «lilura» Mexiko Hiriak sortu dio, Roberto Bolañok «eta beste hainbat idazlek» baldintzatuta. Epaltzarentzat, literatura ez zen «arrazoi bakarra» izan Pragara joateko: «Baina han nonahi ikusi uste izaten nuen Hrabalen, Haseken edo Jan Nerudaren itzala».

Florentzia aipatu du Bordak: «Danteren komedian herrokatu lekuen bila». Viena ere bai, «Arthur Schnitzleren ipuinak ahurrean». Laster Dublinera joango da, Bloomen bidetik bere «odisea partikularra» osatzera. Klasiko bat ekarri du gogora Zubizarretak: Lisboa. «Propio joan nintzen Surexpresoan. Gasteizen gauerdian hartu, eta Santa Apoloniako geltokian nintzen goizean. Bidaia bera da literarioa. Eta hain zuzen ere, Xuan Bellori esker ezagutunuen British Bar kutuna».

Italo Calvinok esaten zuen Parisera joanez gero irakurleak hiria ezagutzen zuen irudipena edukitzen duela literaturaren eraginez. Zubizarretari Austerren liburuekin gertatu zitzaion, baina «zirrararik handiena» Julio Llamazaresen La lluvia amarilla-rekin (1988) sentitu zuen. «Nobela kokatu zuen Ainielle herrixka abandonatuan izan zen, Pirinio aragoarrean». Calvinok esaten zuenaren «gisako zerbait» Berlinen sentitu zuen Epaltzak: «Doblinen, John le Carreren edo Solmssenen liburuak gidari nituen zenbait aldetan». Canoren iritziz, halakoak ez dira literaturaren eragin soilagatik gertatzen: «Neurri batean, filmei ere asko zor zaie». Jimenez ez da inoiz hiri batera joan literaturak erakarrita, baina zinemaren ondorioz «déjà vu» sentsazioa eduki zuen Parisen. Liburuetan ez da sentitu «hiriaren barruan», baina onartu du baduela Dublinera joateko «tentazioa», Joycek erakarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA