Cannesko Zinemaldiak huts egingo dio, aurten, urtero maiatzean zinemazaleekin duen topaketari. Egunotan zabalduz joan diren zurrumurruak, azkenean, egia bihurtu dira, eta antolatzaileek jakinarazi dute jaialdia ezingo dela egin iragarritako egunetan. Hasieran, apirilaren erdialdera atzeratu nahi zuten azken erabakia, baina, ikusita koronabirusa nola ari den zabaltzen Frantzian—gutxienez, 10.995 kasu baieztatuak eta 372 hildako—, aurreratu egin behar izan dute.
«Jaialdia egin dadin hainbat hipotesi ari gara aztertzen. Nagusia izango litzateke ekainera edo uztailera atzeratzea», adierazi dute antolatzaileek. Nolanahi ere, Frantziako eta nazioarteko osasun egoeraren garapenak baldintzatuko du erabaki hori, eta horren arabera hartuko dute azken erabakia. Ordura arte, eta, betiere jaialdiaren oharraren arabera, zinemaldiaren antolakuntza taldeak eskatu du konfinamendurako neurriak errespeta daitezela. Izatez, zinemaldiak apirilaren 16an iragarri behar zituen aurten lehiaketan parte hartu behar zuten filmak.
Ez da hau Cannesko jaialdia atzeratzen edo bertan behera gelditzen den aurreneko aldia. Lehen edizioa 1939an egitekoa zen, baina, II. Mundu Gerraren eraginez, 1946ra arte ezin izan zuten egin. 1968an, berriz, jaialdia abian zela utzi zuten bertan behera, maiatzeko protesten testuinguruan.
Cannesko zinemaldia atzeratu egingo dute koronabirusa dela eta
Maiatzaren 12tik 23ra ziren egitekoak zinema jaialdia; orain, aukera bat udan egitea izan daiteke, baina oraingoz ez dute datarik zehaztu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu