Cannesko zinemaldiak huts egingo dio, aurten, urtero maiatzean zinemazaleekin duen hitzorduari. Egunotan zabalduz joan diren zurrumurruak, azkenean, egia bihurtu dira, eta antolatzaileek jakinarazi dute jaialdia ezingo dela egin iragarritako egunetan. Hasieran, apirilaren erdialdera atzeratu nahi zuten azken erabakia, baina, ikusita koronabirusa nola ari den zabaltzen Frantzian —10.995 kasu baieztatuak eta 372 hildako—, aurreratu egin behar izan dute.
«Jaialdia egin dadin hainbat hipotesi ari gara aztertzen. Nagusia izango litzateke ekaina-uztailera atzeratzea», adierazi dute antolatzaileek. Nolanahi ere, Frantziako eta nazioarteko osasun egoeraren garapenak baldintzatuko du erabaki hori, eta horren arabera hartuko dute azken erabakia. Ordura arte, eta beti jaialdiaren oharraren arabera, zinemaldiaren antolakuntza taldeak eskatu du konfinamendurako neurriak errespeta daitezela.
Cannesko zinemaldiak apirilaren 16an iragarri behar zituen aurtengo lehiaketan parte hartu behar zuten filmak.
Ez da hau Cannesko jaialdia atzeratzen edo bertan behera gelditzen den lehenengo aldia. Bere lehenengo edizioa 1939an egitekoa zen, baina, II. Mundu Gerraren eraginez, 1946ra arte ezin izan zuten lehen ekitaldia egin. 1968an, berriz, jaialdia abian zela utzi zuten bertan behera, maiatzeko protesten testuinguruan.
Iaz, Bong Joon-Jo korearrak irabazi zuen jaialdiko sari nagusia, Urrezko Palma, Parasite filmarekin.