Uztailaren 17an hasi eta 21era bitarte, jazzaren hiriburu bilakatuko da 42. aldiz Gasteiz. Tarte horretan, nazioarteko eta bertako puntako musikariak bilduko dira, hala nola Carla Bruni abeslari italiarra eta Kool & The Gang talde entzutetsua. Brunik ingelesezko abestien bertsioak egin ditu French Touch lan berrian, eta, besteak beste, The Clash taldearen kantuak moldatu ditu.
Mendizorrotza futbol zelaia izango da areto nagusia, eta bertan arituko dira The Mingus Big Band eta Brooklyn Funk Essentials taldeak ere. Bestalde, Al McKay gitarristak omenaldia egingo dio bere taldeari, Earth, Wind & Fire-ri uztailaren 18an.
Mendizorrotza talde askoren topagunea izango bada ere, Gasteiz osoan izango da aukera kontzertuez gozatzeko. Principal antzokian, esaterako, XXI. mendeko jazza landuko dute. Bertan izango dira Konexioa Hasier Oleaga bateria joleak gidatutako taldea eta Txileko Camila Meza abeslaria. Hiriko kaleetan ere antolatu dituzte ekitaldiak, eta Mark Braud New Orleanseko musikariak parte hartuko du bertan.
Urteroko ohiturak eta ekitaldi berriak
Ohi moduan, uztailaren 17an emango diote hasiera jaialdiari, gospel kontzertu batekin. Aurten, Chicagoko Leanne Faine & Favor izango dira hasiera emango diotenak. Gainera, ikuskizun berezi bat antolatu dute aurtengo jaialdirako. Gasteizko Ganbara Orkestrak eta Perico Sambeat laukoteak jazz garaikidea eta musika sinfonikoa uztartuko dituzte emanaldi berezi batean.