Carlos Canovas (Hellin, Espainia, 1951) argazkilariak jasoko du 2020. urteko Kulturaren Vianako Printzea saria. Iruñeko Ateneoak aurkeztu zuen Canovasen hautagaitza, argudiatuta haren ibilbideak «profesional onartu eta miretsia» bihurtu duela, eta Nafarroako eta Espainiako museo eta arte zentroetan erakutsi dituela bere lanak. Hain zuzen ere, Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilariak hori bera nabarmendu du gaur eguerdian egindako agerraldian.
Canovas Hellinen, Albaceten jaio zen, baina haurra zela lekualdatu zen Iruñera. 1970ean egin zuen bere lehenengo dokumental zinematografikoa, baina 1972tik aurrera argazkilaritzari eman zion lehentasuna.
Nafarroako Gobernuak foru dekretu baten bidez berretsiko du orain erabakia, baina saria noiz emango dioten ez dute zehaztu oraindik.
Hainbat eragilek Berri Txarrak-en hautagaitza sustatzeko kanpaina egin dute azken egunetan, baina Lekunberriko taldea saririk gabe geratu da.
Aurten, lehen aldiz, Talentu Artistikoaren Sustapenerako saria ere banatuko du Nafarroako Gobernuak. Lehen aldi honetan, saria Ivan Carmona musikarientzat izango da. Biolontxelo eta kontrabaxu jotzailea da, eta Suakai enpresaren sortzailea.