Kritika. Antzerkia

Carmen eta Karmen

Maria Urzelai eta Getari Etxegarai aktoreak, 'Etena (exire inertia)' pieza jokatzen. ZELAKO KULTUR IDEIAK
Maria Urzelai eta Getari Etxegarai aktoreak, 'Etena (exire inertia)' pieza jokatzen. ZELAKO KULTUR IDEIAK
Agus Perez.
2026ko martxoaren 28a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

'ETENA'

Konpainia: Zelako Kultur Ideiak. Egiletza: Kolektiboa. Zuzendaritza: Miren Gaztañaga. Argiak: Edu Berja. Jantziak: Hemen proiektua. Antzezleak: Getari Etxegarai, Maria Urzelai. Soinu-ekoizpena: Garazi Navas. Lekua: Bilboko Azkuna zentroa. Eguna: Martxoak 26. 

Zelako Kultur Ideiak kooperatibak bere azken sorkuntza plazaratu berri du, oraingo honetan Miren Gaztañagaren gidaritzapean. Hala azaldu du berak: «Gogoa nuen sorkuntza prozesu bat egiteko, oso ondo jakin gabe nora helduko ginen, garrantzia emanez bideari».

Exire inertia dakar azpititulutzat proposamenak, eta nire latin pobretuak diost Inertziatik irten edo Inertzia kanporatu esan nahi duela. Egia esan, salbagarririk gabe bota dut neure burua itsasora, batere kontsultarik egin gabe, baina beraiek idatzitako sinopsitik hau atera dut: «Inertziak, sistemak edo gure […] sinesmenek eta [hainbat] patroik irentsita bizi gara». Abiapuntu ona, gero, edozein proiektu eszenikorako.

Garazi Navas arduratu da soinu-espazioaz zuzenean. Akordeoiarekin eta besaulki patioko bazter batetik nota solteak eta hots iradokitzaileak sortu ditu, hasierako giro iluna irudikatuz eta protagonista bien pauso eta keinuetan lagun izanik, duela gutxi ikusi dugun Maite Aizpuruaren Adarbakarra piezan bezalaxe.

Hemen izeneko proiektuaren jantzi zuri, abstraktu eta zamatuetan bilduta agertu dira eszena gaineko pertsonaiak. Karmen deitzen dira biak —bat C-rekin eta bestea K-rekin— eta eremu ezezagun batean daude. Erdian eta zintzilik, bulto handi batek presiditu du guztia, eta hura desegitean agertu zaizkie bizirauteko behar zituzten lehendabiziko gauzak. Argiaren diseinu interesgarriak ere girotu du ezlekuaren abstrakzioa, aldian behin kolorea aldatzen zuen argi zapal eta monokromoak blaitu duelako guztia.

Laster ekin dio haietako batek telefonoari, baina, ai, estaldura barik daude, eta behin egoera finkatuta, bizi-babesa antolatzen hasi dira. Bizi-babes oinarrizkoa, Robinsonak balira bezala, eta gero gerokoak. Ez pentsa, ordea, argumentuzkoa denik antzezlana. Aitzitik, behin oinarrizko egoera horretan kokatuta, auzirik behinenak etorri zaizkie burura, eta nik ez dizkizuet hemendik aletuko, baina bai esango progresio argumentalik ezean eta samurtasun gutxiko bide horretan behin baino gehiagotan etorri zaidala burura Samuel Becketten huts existentziala. Bigarrenez gertatu zait aste berean. 

Gaztañagaren zuzendaritzapean beren onena atera dute aktore biek ala biek, presentzia eszenikoa eta keinu definizio zehatza bezain esanguratsua erakutsiz, are gehiago kontuan izanda haien gainean egon dela pieza aurrera eramateko pisua. Bien burutazioek eta ateraldiek ironiarako eta umorerako parada eskaini dute, baina une batetik aurrera ez da gertakizun eszenikoen falta konpentsatu, eta momentuz nik ezin dut lan honen geroa iragarri. Agian, sen artistiko erostezinetik jaiotako Etena hau gure arte eszenikoek behar duten astindu bezala geratuko da, eta beharbada kultuko pieza bilakatuko da denboraren poderioz, Stereo ahaztezin harekin gertatu zen bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!