Zinema

Cate Blanchettek Donostia sarietako bat jasoko du Donostiako 72. Zinemaldian

Aktore eta ekoizle australiarrak jasoko du aurtengo jaialdiko aitortza nagusia, eta bera izango da kartel ofizialeko protagonista.

Ruth Perez de Anucita, Jose Luis Lanzagorta, Jose Luis Lopez de Zubiria eta Jose Luis Rebordinos, 2024ko Donostiako Zinemaldiko kartel nagusiarekin. JON URBE / FOKU
Ruth Perez de Anucita, Jose Luis Lanzagorta, Jose Luis Lopez de Zubiria eta Jose Luis Rebordinos, 2024ko Donostiako Zinemaldiko kartel nagusiarekin. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola - Urko Iridoy Alzelai
Donostia
2024ko maiatzaren 9a
12:12
Entzun

Cate Blanchett aktore eta ekoizleak (Ivanhoe, Australia, 1969) egile filmak eta lan komertzialagoak tartekatu ditu bere ibilbide luzean, eta zinema zuzendari esanguratsuekin egin du lan, hala nola Martin Scorsese, Steven Soderbergh, Steven Spielberg, David Fincher, Ridley Scott, Sally Potter, Wes Anderson, Alejandro Gonzalez Iñarritu, Woody Allen, Peter Jackson, Todd Haynes, Richard Linklater, Guillermo del Toro eta Todd Fieldekin. Egindako interpretazioei esker, berrehun aintzatespen eta sari baino gehiago jaso ditu; tartean, bi Oscar sari (eta beste sei izendapen), bi Volpi Kopa Veneziako zinema jaialdian, lau Bafta sari, lau Urrezko Globo, eta ohorezko Cesar eta Goya bana.

Orain, zerrenda horri beste aitortza bat gehituko dio, Donostia Saria jasoko baitu Donostiako 72. Zinemaldian.

Blanchett lehendabizikoz izango da Donostiako jaialdian, baina bere filmetako batzuk proiektatu izan dira Zinemaldian, hala nola Babel (Alejandro Gonzalez Iñarritu, Perlak, 2007) eta Veronica Guerin (Joel Schumacher, Sail Ofiziala, 2003). Halaber, Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia jasoko duen bigarren aktore australiarra izango da, Hugh Jackmani 2013an eman baitzioten. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak baieztatu du irailean Donostian izango dela Blanchett, eta film batekin ekartzeko asmoa duela jaialdiak.

Halaber, bera izango da kartel ofizialeko protagonista. Jose Luis Lanzagorta diseinatzaile grafikoak eta haren taldeak sortu du irudia, Gustavo Papaleoren argazki batetik abiatuta. «Papaleoren argazkian Catek aura misteriotsu bat erakusten du; ikusten da bere baitan dagoela. Irudi originala ez genuen zikindu nahi, eta, horrenbestez, zuri-beltzean utzi dugu», azaldu du Lanzagortak. Zinemaldiak kartel ildo berri bat ezarri zuen 2018an, zinematografia garaikidearen figura bat buru zuena. Isabelle Huppert, Penelope Cruz, Willem Dafoe, Sigourney Weaver, Juliette Binoche eta Javier Bardem izan dira irudi ofiziala Blanchetten aurretik. Argazkia zuri-beltzean izan arren, beheko aldean, Zinemaldiko serigrafia hainbat koloretan ageri da. «Kolore ukitu bat behar zuen posterrak, argitasun puntu bat. Horretarako, Zinemaldiaren kolore paleta osoa erabili dugu letretan». 

Gainontzeko kartelak

Lanzagortak gainerako sailetarako kartelak ere sortu ditu. «Sailen kartelen abiapuntua Zinemaldiak eskaintzen digun pauta grafiko batetik dator, hau da, sail bakoitzaren koloreak errespetatu behar genituen», adierazi du. Jose Luis Lopez de Zubiria argazkilariarekin batera, ilustrazioa eta argazkia uztartzea erabaki du, baina modu «erradikalean», Lanzagortaren esanetan, karteletan argazkiaren eta ilustrazioaren presentzia oso nabaria izatea zen haren asmoa: «Ez genuen nahi argazkiak ilustrazioa osatzea, edo alderantziz, baizik eta biak haien artean aurrez aurre jarri. Horrela, bien artean elkarrizketak eta momentu bakanak sortzea lortu dugu». Erabilitako argazkiak kalitate «handikoak» dira, Lanzagortak iritzi dionez, eta ilustrazioak, aldiz, existitzen diren «bakunenak», hau da, piktogramak.

Hala, zinemagile baten megafonoak paperezko ideiak jaurtitzen ditu Zuzendari Berriak saileko kartelean; transatlantiko batek kaktus formako kea botatzen du Horizontes Latinos sailekoan; boxeatzaile bat bonbilla baten harizpi goriaren aurka borrokatzen da Zabaltegi-Tabakalera sailekoan; igerilari bat nakarrezko altxorren bila murgiltzen da Perlak sailekoan; kamera retro batek xaboizko burbuilak proiektatzen ditu Nest sailekoan; marrubi bat abenturarako prest dagoen uharte bihurtu da Culinary Zinema sailekoan; eta sustrai-tximista batek Bixente Ameztoi euskal artistari omenaldia egiten dio Zinemira sailekoan. Aurten, Made in Spain sailak ere kartela izango du: anil urdin kolorea egokitu zaio, eta krabelin formako planeta bat esploratzen duen astronauta dauka protagonista.

Jaialdia irailaren 20tik 28ra bitartean egingo dute aurten, eta Audrey Diwanen Emmanuelle filmarekin emango diote hasiera. Horrez gain, inaugurazioan, Javier Bardem aktoreari joan den urtean jaso ezin izan zuen Donostia saria emango diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.