Literatura

Cees Nooteboom idazle nederlandarra hil da, 92 urterekin

Herbehereetako idazle ezagunenetako eta itzulienetako bat izan da. Eleberriak, poemak eta saiakerak idazteaz gainera, bidaia liburu sorta baten egilea ere bada.

Cees Nooteboom idazlea, Donostian, 2015ean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Cees Nooteboom idazlea, Donostian, 2015ean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Inigo Astiz
2026ko otsailaren 12a
10:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarren Mundu Gerraren osteko Herbehereetako idazle ezagunenetako bat izan da Cees Nooteboom (1933, Haga, Herbehereak - 2026, Menorca, Herrialde Katalanak), eta, hain zuzen ere, Bigarren Mundu Gerraren arrastoa igar daiteke haren literaturaren zatirik handienean. Guduaren azken hilabeteetan hil zen haren aita, britaniarrek Haga bonbardatu zutenean. Nooteboomek 12 urte baino ez zituen orduan, eta etxeko giroa, bizimodua eta gerora, are, haren literatura ere markatu zuen gertakari hark. Elkarrizketetan onartu izan zuenez, gerra haren hasierarekin hasten ziren, hain justu, bere haurtzaroko oroitzapenak ere.

1955ean eman zuen argitara bere lehen eleberria, Philip en de anderen. Mediterraneoaren bueltan eta Eskandinavian egindako hainbat bidaia hartu zituen hura idazteko oinarritzat, eta Anne Frank saria eskuratu zuen lehen lan horrekin. Herbehereetan klasiko bilakatu da lan hori geroztik, baina 1980an heldu zitzaion nazioarteko sona, Rituelen eleberriari esker. Hamar hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli zuten liburu hura, eta zinemarako ere egokitu zuten. Baina eleberriak ez ezik, poesia eta saiakera ere landu zituen, bai eta bidaia liburuak ere. Santiagora (Galizia) egindako bidaiak bildu zituen, esaterako, 1992an kaleratutako bilduma batean.

Bidaiatu, behatu eta idatzi

2015ean Donostian izan zen idazlea, Literaktum jaialdian, eta, bertan kontatu zuenez, 18 urterekin amaren etxea utzi eta Europa ezagutzeko auto-stop bidaia luze bat abiatu zuenetik, hiru jardun nagusi izan zituen bizitzan: «Bidaiatu, behatu eta idatzi». Azaldu zuenez, ordea, poesia zen harentzat «egoitza nagusia». Eta umorea ere baliatu zuen atzera begira jartzeko eskatzen ziotenean sentitzen zuena azaltzeko. «60 urte daramatzat idazten, 1954an hasi nintzenetik, eta nik idatzitakoaz mintzatzen zaizkidanean, Nurenbergen epaitu zituzten gerrako kriminalen antzera ikusten dut neure burua», aitortu zuen. «Zer egin dudan gogorarazten didatenean, harritu egiten naiz, eta ezkutatzeko gogoa sentitzen dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.