
Iritsi nintzenean hilotza artean epel zegoen, ziurrenik berogailu zentralak lagunduta. Salaren erdian sofa erraldoi bat, izara zuriz estalia. Han zetzan gizon iletsua, aukeran txiki geratzen zitzaion slip motako bainujantzi bat baino ez zeramala. Lentejueladuna, bidenabar. Inguruan zeuden gainerako lekuko guztiak, hamar bat, denak ere galtzontzillotan, eta penaz besarkatzen zioten elkarri edo laztantxoak egiten.
Zer arraio?, horixe pentsatu nuen.
Egiaztatu inork ez duela ihes egin. Eta anbulantziako papagaiek heriotza txostena sina nezan insistitu zidaten. Gorpua berehala altxatu nahi zuten. Beti berdin: azkar alde egin nahi dute, gure denborei eta beharrei erreparatu gabe.
Heriotzaren arrazoia: coitus interruptus.
Zer jakinen zuten bada hegazti txatxu horiek. Zertarako deitu zuten bestela Pantera Inspektorea, heriotza arrunta baldin bazen.
Zera galdetu nuen: Lekuko guztiekin mintzatu zarete?
Eta Txakal agente hasiberriak baietz egin zuen buruaz. Oharren libretako orriak pasa zituen azkar, eta honela erantsi: Ba-bat e-egiten dute denek, he-heriotza-a na-tuu-uu-rala izan oo-o-men du.
Baina bai zera. Giro hartan tentsio bitxi bat suma nezakeen. Han bazen beste zerbait, eta nirea bezalako usaimen felido batek bakarrik jakinen zuen identifikatzen. Zabaldu leihoak, faborez, kargatu xamar dago gela hau, sauna bat dirudi.
Arnesa zeraman Jirafak jantzi egin nahi zuela errepikatzen zuen behin eta berriz, eta alde egin behar zuela, laster zen lanera sartzekoa: susmagarria. Festa hartan parte hartzen ari ziren guztiekin ilara bat egin zezaten agindu nuen, eta galdetegia pasako genien han bertan, pisu hartako estudioan. Klarionaren arrastoak garbiarazi nituen mahaitik, baina ez nuen arbelik ikusi. Ekar iezazkiezue edari beroak, eguna luze joango da. Goizeko zazpiak jo berri zituen.
Hala, anbulantziako Hipopotamoak doblefilan utzitako ibilgailua mugituko zuen galdetu zuen. Nahikoa izan nuen begirada bat. Denak nire zerbitzura nituen, eta, ni, kausa on bategatik dena emateko prest, beti bezala. Pasioz bizi nuen lana, eta deia jaso bezain laster irrikaz prestatu nintzen etor zitekeenerako. Kasu berri bakoitzak du erronka bat.
Akaso, ba al dakizu zuk, Errekako Igaraba Arrunta, honelako zenbat kasurekin egin dudan topo nire karreran? Zure aurrekarietan ikusten ari naizenaren arabera, haragijalea zara…
Banaka-banaka pasa ziren beren lekukotza ematera: denek esaten zuten festa lasaia izaten ari zela, jolasean ari zirela, ilun zegoela, eta gero orroarena. Bizilagunek ez zutela kexarik adierazi. Ondoren, norbaitek, antza, Kaimanak, larrialdietara deitu zuela. Norbaitek atea ixten entzun zuen. Badaezpada, ez zuten gorpua mugitu.
Gero eta argiago neukan: hura ez zen festa soil bat. Den-dena ongi antolatuta zegoen: edariak, sofa gaineko izarak, globoak, larrua garbitzeko zirudien produktu bat. Adarbakarrak esan zuen bere zerbitzuak kontratatu zituztela. Baina nik puzzle hartako piezak falta nituen oraindik. Gakoa zera zen: nork izan zezakeen interesik afera horretan guztian?
Papagaietako batek atea jo zuen, forentsea heldu berri zen.
Elkar agurtu genuen: nik atzapar beltz distiratsua eskaini nion, berak hegats labainkorra eman zidan bueltan eta ileak itsatsi zitzaizkion. Ez zekarren aurpegi onik.
Kalerako keinua egin nion, eta zigarro bat eskaini. Farolen argi laranjak dena blaitzen zuen, lehen eguzki printzek ez baitzuten zerua nahikoa argitu. Kea are lodiagoa zen lehen hotz haien lurrunarekin. Zer moduz emaztea eta haurrak, Izurde? Badakizu nahi duzuna kontatzen ahal didazula. Niri ez didazu ziria sartuko, zerbait darabilkizu buruan. Baina Izurdeak nahiago izan zuen gure harreman profesionalari lotu.
Barruan xuxurlaka aritu ginen. Susmagarriei begirada eusten nien eta harrigarriki erraza izan zen haien ninietan barneratzea: pena, damua, lotsa, nazka. Denek bat egiten zuten hondo-hondoan. Bitartean, DNA froga azkarrak egiten zizkien Izurdeak, eta ohi baino harrera atseginagoa izan zuen. Erreakzio kimikoen zain geratu ginen. Dena zen hain bitxia...
Uste dut arrazoi ekonomikoak direla tartean. Goiz da ondorioak ateratzen hasteko, baina helduko gara honen guztiaren hondora.
Leihotik norbait zelatan ikusi nuen: E, zu, bai, Sugandila! Zertan ari zara elkarrizketa pribatuak entzuten? Kazetari bat zen. Azkar zabaldu zen albistea hirian, eta langile goiztiarrenek segundoetako geldialdiak egiten zituzten atarian, ea zer zen zalaparta hura. Ez izan hain labainkorra, egon hor, edo komisaldegian pasako duzu eguna!
Baina izurdeak azkar ebatzi zuen besteek esandako berdina: ez zuen ematen hil egin zutenik. Urteak eta urteak generamatzan elkarrekin lan egiten. Gure lehen kasua epikoa izan zen: zazpi antxume bahitu zituen Otsoarena. Belearen eta Azeriaren kasuarekin hiriko seme kutun izendatu gintuzten. Lehen aldiz, ez genuen bat egiten.
Zera, Pantera, uste dut joaten utzi beharko diegula… Tira, festa bat izan da, eta lagun bat hil zaie. Atseden hartu nahiko dute, tanatoriokoak prestatu eta gauza horiek.
Noiz bihurtu zara hain biguna? Ez al duzu ikusten gezurretan ari direla?
Eguerdian bulegora heldu nintzen, ezados erabat. Galdeketekin segitzeko arrazoirik ez zela-eta, dena bildu eta aske utzi zituzten festakoak. Bistan zen, nire kabuz aritu beharko nuen kasu horrekin. Inor ohartu aurretik karpetako akten fotokopiak egin nituen eta giltzapean ezkutatu. Kameraren grabazioak ere ordenagailuan gorde nituen.
Tarteka itzuli egiten naiz material horretara guztira. Errepasatzen ditut orriak, eta ordu txikitan itzalpean begiratzen diet bideoetako keinu txikienei, transkribatzen ditut haien hitzak... Baina alferrik. Inspektoreok halako kasu fetitxeak izaten ditugu, eta niri festarena egokitu zitzaidan.
Izurdeari ere botatzen diot amua noizbehinka, hasieran iheska erantzuten zidan. Azken aldian, dibortziatu denetik, ez dabil hain umore txarrez. Lasai egoteko esaten dit, hura gaizki amaitu zen maritxuen festa bat baino ez zela izan. Ez dut ulertzen nondik ateratzen duen hori.
iñigo satrustegi andres
(Iruñea, 1997). Itzulpengintza ikasketak egin zituen, eta hitzari lotutako hainbat lanetan aritu da ordutik, hala nola kazetaritzan eta bikoizketan. Pedro Lemebel eta Yaffa As ekarri ditu euskarara, besteak beste, eta Hondarreko berorik geratzen bada (2025, Denonartean) poema liburua argitaratu, Iruña Hiria Nazioarteko XIX. Poesia Saria irabazita.