Arte martzialen ikur bihurtu zen munduko karate txapelketa irabazi zuenean, 1968an. Geroztik, protagonista izan zen askotariko akziozko filmetan. Oklahoman sortu zen (AEB), 1940an, eta atzo hil zen, Hawaiien, 86 urte zituela.
Amerikako Estatu Batuetako armadara batu ostean jarri zioten Chuck ezizena Carlos Ray Norrisi, 1958an. Armadan zela hasi zen gerora ospea ekarriko zion jardunean, arte martzialetan; garaile izan zen hainbat txapelketatan, eta karatea erakusteko eskola bat ere ireki zuen aurrerago. Hain zuzen, horrek ireki zion zinemarako bidea. The Way of the Dragon filmean egin zuen debuta Norrisek, 1972an, eta Bruce Lee protagonistarekin izandako borrokak arreta piztu zuen.
Egin zituen film eta telesailetan, diziplinari, indar fisikoari eta balio tradizionalei loturiko irudia landu zuen Norrisek batik bat, eta ezin saihestuzko erreferentzia izan zen 80ko eta 90eko hamarkadetan, bereziki akziozko filmen alorrean. Lone Wolf McQuade (1983), Missing in Action (1984) eta The Delta Force (1986) filmetako protagonista izan zen, besteak beste. Baina batik bat telebistak egin zuen ezagun mundu zabalean, Walker, Texas Ranger telesailari esker. 1993an estreinatu zen AEBetan, eta berrehun atal baino gehiago izan zituen bederatzi denboralditan. Telesaila mundu osoko telebista kate askotan hedatu zen gerora.