Literatura

Claire-Louise Bennett: prosa kaotiko eta magnetiko bat

Kadentzian, errepikapenetan eta xehetasunei erreparatzeko begirada zolian ardaztutako literatura bat da idazle ingelesarena. ‘Big Kiss, Bye-Bye’ nobela du lanik berriena, maitasun haustura baten ondorenean girotua.

Claire-Louise Bennett idazlea. MARK WALSH
Claire-Louise Bennett idazlea. MARK WALSH
itziar ugarte irizar
2026ko irailaren 13a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez, berorrek ezin du irudikatu nire arimaren mila elkarrizketek nola nekatzen duten berorrena». Joris-Karl Huysmans idazlearen pertsonaia batek esaten ditu hitzok, eta irekitze lan zehatza egiten diote Claire-Louise Bennett idazle ingelesaren Big Kiss, Bye-Bye eleberriari: haren narratzailearen arimaren joan-etorriei segika irakurtzen baita nobela, mezu elektronikoekin, oroitzapenekin, digresio filosofikoekin nahasian. Idaztera etxola batera bakartu den emakume bat da narratzailea, eta desiraz dihardu, maitasun premiaz, indarkeria sotilaz, doluaz; batez ere, lotura bat puskatzen denean zintzilik geratzen den horretaz. Idazlearen hirugarren lana da, Checkout 19 (2021) eta Pond (2015) sarituen ondoren argitaratutakoa.

«Ez daukat literatura egiteko interesik. Bizitza da paperera ekarri nahi dudana». Lehen liburua plazaratu berritan aitortu zuen hori Bennettek, eta, hein batean, azaldu dezake ordutik hona ohiko narrazio moldeetatik urruntzeko haren hautua.

Big Kiss, Bye-Bye ere nabarmen aldentzen baita hausturen nobela konbentzionaletatik. Narratzailea idazlea da —ez du izenik— eta L. lagunak utzitako etxolan ezagutuko du irakurleak. Harreman baten hondarrek inguratzen dute han; Xavierrekin duen harremanarenek, hain zuzen. Dezentez zaharragoa da narratzailea baino, eta harreman anbiguo samar bat izan dute zenbait urtez. Bukatu da harreman hori, baina zer da bukatu dena? Hori da Bennettek proposatzen dituen galderetako bat. Gizonarengandik urrundutakoan, paradoxikoki, handitu egiten baita hark emakumearen eguneroko berrian hartzen duen lekua.

Bakardadea da Bennetten gai handietako bat; bakardadea gudu zelai isil modura, zeinak ez duen bakarrik egotea esan nahi, besteek utzitako aztarnekin egotea baizik

Itxuraz ezer gertatzen ez denean gertatzen da hori; idazleak kafe bat prestatzen duenean, lore sorta bat iristen zaionean, lotura erotiko eta intelektual bat izan zuen irakasle ohi baten ezusteko mezu elektroniko batek bat-batean guztiari itzal egiten dionean. Kanpoan ustez ezer gertatzen ez denean hasten da mugimendua. Horregatik itzultzen da narratzailea behin eta berriro leku berberetara, eta horregatik ez du kontakizunak ohiko ordena kronologikoa. Jauzi ugari daude, baita lehen pertsonatik hirugarrenerakoak eta singularretik pluralerakoak ere, narratzailea distantzia diferenteak probatzen ariko balitz bezala arakatzen ari den horrekiko.

Bakardadea da Bennetten gai handietako bat, baita lan berrian ere; bakardadea gudu zelai isil modura, zeinak ez duen bakarrik egotea esan nahi, besteek utzitako aztarnekin egotea baizik. Eta besteen aztarna horiek, ezinbestean, hizkuntzan ere geratzen dira. «Hitzek ez dituzte jasaten zenbait gauza», esaten du liburuko narratzaileak pasarte batean, eta, hain justu, tentsio horri heldu izana txalotu dio literatur kritikak Bennetti: bizitzaren eta pentsamenduaren izaera kaotikotik ideia sendo eta itxiak atera ordez, forma hori bera ekarri, eta irekita eta itzulika utzi izana.

«Enigmatikoa eta seduzitzailea», hala definitu zuen Claire Vaye Watkins idazle estatubatuarrak Bennetten idazkera. «Salto egiten du esaldi batean, eta bals bat dantzatzen du hurrengoan; haren estilo apartekoa aldi berean da lurrekoa eta jasoa».

Gelditasunaren bizitasuna

Bennett Ingalaterran jaio bazen ere, aspaldi da Irlandan bizi dela —Galwayn azken urteetan—. Eta, hain justu, Irlanda mendebaldeko kostaldean bakarrik bizi den emakume baten egunerokoan oinarritzen da Pond, haren lehen liburua. Hogei kontakizun laburrek osatzen dute, eta kontzientziaren fluxua ekartzeko moduak, lirikotasunak eta egunerokoaren xehetasunei zorrotz begiratzeak eman zioten oihartzuna. Dylan Thomas sarirako finalistetako bat izan zen liburua, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dute ordutik.

Haren aurretik, 2013an, Bennettek sona lortu zuen Lady of the House narrazioarekin ere; istorio laburren White Review saria jaso zuen harekin, eta gerora ere hainbat ipuin eta saiakera motz argitaratu ditu askotariko agerkarietan. Arteari buruz ere idazten du zenbait hedabidetan.

Bere lanean eragina izan duten idazleen artetik, Ann Quin, Annie Ernaux, Clarice Lispector eta Virginia Woolf aipatu izan ditu Bennettek

Checkout 19 (2021) izan zen idazlearen lehen nobela, eta Ingalaterra hego-ekialdeko langile hiri batean dago girotuta. Abiapuntuan, gazte bat ageri da koadernoan istorioak zirriborratzen, eta, hazi ahala, bidean topatzen duen guztia bihurtzen zaio irudimenerako eta idazletzarako erregai, izan lan egiten duen supermerkatuko jendea, izan amiltzerantz egiten duen laguntasun harreman bat. The New York Times egunkariak urteko hamar libururik onenen zerrendan sartu zuen liburua 2022an, eta The New Yorker aldizkari ospetsuak, berriz, «ezinbesteko irakurgaitzat» izendatu.

Bere lanean eragina izan duten idazleen artetik, Ann Quin, Annie Ernaux, Clarice Lispector eta Virginia Woolf aipatu izan ditu Bennettek, besteak beste, herentzian jasotako esateko moduei izkin egin eta «idazketaren bizitasuna» lehenesten dutelakoan: «Munduaren esperientzia islatzen dute modu horretan. Beti gertatzen da zerbait, eta zu hor zaude, begiak kliskatzen, eta gauzak hara-hona doaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA