Izan zirenak (I): CM2 aretoa

CM2: konspiratzeko metro koadro gutxi batzuk

Gasteizko CM2 aretoa arte garaikiderako gune independente bat izan zen. 1992tik 1996ra bitarte ia 30 erakusketa antolatu zituen, eta ideiak partekatzeko eta eztabaidarako erreferentziazko gune bilakatu zen artista askorentzat, batez ere hasiberrientzat.

Idoia Elosegi artista bere pieza batekin CM2 gunean, 1993. urtean. CM2 ARTXIBOA. EUSKAL HERRIKO ARTE GARAIKIDEAREN MUSEOA, ARTIUM MUSEOA.
Idoia Elosegi artista bere pieza batekin CM2 gunean, 1993. urtean. CM2 ARTXIBOA. EUSKAL HERRIKO ARTE GARAIKIDEAREN MUSEOA, ARTIUM MUSEOA.
edurne begiristain
2026ko abuztuaren 11
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak
 

Gasteizko Alde Zaharrean badira lehen begiratuan oharkabean pasatzen diren lekuak. Egunerokoan ia inork erreparatzen ez dien tokiak, denboraren joanak higatutako fatxadak eta historia isilean daramaten hormak. Hedegile kaleko 24. zenbakia da horietako bat. XV. mendeko Alaba Eskibel jauregiaren behealdean, gaur egun gainbehera nabarmenean dagoen eraikin batean, Arabako arte garaikidearen historiako pasarte berezienetako bat idatzi zen duela hiru hamarkada baino gehiago. Metro koadro gutxi batzuk besterik ez ziren, baina gune apal hartan sortutakoak sobera gainditu zituen leku fisikoaren mugak. Han egon zen CM2 arte gunea, lau urte eskas iraun zuen proiektua, baina oraindik ere belaunaldi oso baten oroimenean bizirik dirauena.

Artisten arteko topagunea izan zen CM2, ideiak probatzeko laborategia, eztabaidarako plaza txiki bat eta, batez ere, gauzak egiteko premia bizi baten adierazpena. Gaur egun, haren arrastoa Artium museoaren artxiboan aurki daiteke. Kartelen, gonbidapen txartelen eta erakusketetako argazkien gordailu da museoa, baina badira ere prentsako artikuluak, eskuorriak eta abar, eta abar.

Urte mordoa igaro den arren, Joxerra Melguizok (Gasteiz, 1968) argi dauka zerk egiten zuen berezi toki hura. «Orain konturatzen naiz benetan independentea izan zela. Ez genuen sekula diru laguntzarik eskatu, ez genuen sosik jaso, ez genuen inoren menpe jardun. Guk egiten genuen dena». Esaldi horrek laburbiltzen du, neurri handi batean, CM2ren filosofia osoa: baliabide gutxirekin, autonomia osoz aritu zen arte areto bat izan zen.

Egitasmo haren zumeak, ordea, arte gunea bera baino lehen jarri ziren. Hedegile kaleko lokala Melguizoren aitonak erabiltzen zuen biltegi gisa. Alokairuan zuen, eta urte luzez merkataritzarekin lotutako materialak gordetzeko erabili zuen. 1986an, Joxerra Melguizoren, haren anaia Emilioren eta Carmen Lopez Castillo artistaren izenean geratu zen aretoa. Garai hartan, ordea, gunea egoera kaskarrean zegoen, urteetako utzikeriaren ondorioz. «Dena hondatuta zegoen», gogoratu du Melguizok: «Hezetasuna zegoen, hormak gaizki zeuden, eta lan handia egin behar izan genuen gutxienez erabilgarri bihurtzeko».

«'Zuk zeuk egin' espiritua genuen. Gauzak egiteko gogoa zegoen, eta ez zegoen inoren zain geratzeko joerarik»

JOXERRA MELGUIZOArtista

1986 eta 1987 bitartean egokitze lanak egin zituzten. Ez zen berrikuntza handirik izan, ez baitzegoen horretarako dirurik, baina pixkanaka gunea moldatuz joan ziren. Garai hartan Joxerra Melguizo Arte Ederrak ikasten ari zen Leioan (Bizkaia), eta, ikasketek iraun zuten bitartean, lokala tailer bihurtu zuen. Han egiten zituen lanak, han prestatzen zituen proiektuak, eta han pasatzen zituen ordu luzeak. Beraz, atzera begiratuz gero, zaila da zehaztea noiz hasi zen benetan CM2 izango zenaren ideia mamitzen, Melguizok berak aitortu duenez.

Hala ere, badago mugarri argi bat. 1990eko abenduan, ikasketak amaitzear zituela, Materiarekin izeneko instalazio erakusketa antolatu zuen lokal hartan. Kartelak eta gonbidapenak prestatu, komunikabideei deitu eta erakusketa guztia muntatu zuen. Esperimentu moduko bat izan zen hasieran, baina emaitzak ustekabean harrapatu zuen. «Jende asko etorri zen, hedabideek ere arreta jarri zuten, eta orduan pentsatu nuen gune horrek beste aukera batzuk ere eskain zitzakeela», gogoratu du. 

Garai hartan Gasteizek bazuen halako proposamen bat posible egiten zuen giroa. 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran, Alde Zaharra autogestioaren eta kultura alternatiboaren erdiguneetako bat zen; gaztetxea zegoen, Hala Bedi irrati librea ere bai, fanzineak, musika taldeak, kolektiboak eta era guztietako ekinaldi independenteak sortzen ziren etengabe. Instituzioetatik kanpo jardutea garai hartako ezaugarrietako bat zen. «Zuk zeuk egin espiritua genuen. Gauzak egiteko gogoa zegoen, eta ez zegoen inoren zain geratzeko joerarik».

Joxerra Melguizo-CM2
CM2 gunearen irudi bat. CM2 ARTXIBOA-ARTIUM EUSKAL HERRIKO ARTE GARAIKIDEAREN MUSEOA.

Artearen esparruan, ordea, bestelakoa zen egoera. Hirian bazeuden erakusketa areto batzuk, baina gehienek ibilbide bat egina zuten artistekin egiten zuten lan: Amarika aretoa eta Trayecto galeria ziren erreferentzia nagusiak, eta aurrezki kutxek ere bazituzten beren aretoak. Hala ere, Arte Ederretan ikasitako belaunaldi berri batentzat zaila zen lehen erakusketak egiteko aukerak izatea. «Guk sumatzen genuen gabeziarik bazegoela, Arte Ederrak egin genituen askok ez genuelako non erakutsi. Baziren sariak edo lehiaketak, baina lehen erakusketa egiteko aukera izatea oso zaila zen». Premia horretatik sortu zen CM2. 

«CM2, eta kito»

Izena bera ere eztabaida txiki baten emaitza izan zen. Galeria deitu behar zioten? Erakusketa aretoa? Gune alternatiboa? Azkenean, definizio guztien gainetik, izen sinple bat geratu zen. «CM2, eta kito». Izenaren atzean bazegoen hitz joko txiki bat ere: Carmenengatik C. Melguizorengatik M. Eta bi Melguizo zirenez, M koadrora. Aldi berean, zentimetro koadroaren erreferentzia ere bazen, lekuaren tamaina txikiari ironiaz egindako keinua.

1992an ireki zituzten ateak ofizialki. Hasieratik argi izan zuten ez zutela inoren menpe jardun nahi. Independentzia zen proiektuaren ardatzetako bat: «Bost urtean ez genuen diru laguntzarik eskatu, ezta bat bera ere». Horrek esan nahi zuen lan guztia eurek egiten zutela: gonbidapenak banatu, kartelak itsatsi, artisten lanak garraiatu, erakusketa muntatu eta inaugurazioak antolatu. Horregatik, denbora igaro ostean, are argiago ikusten du proiektu hura berezia zela, «benetan independentea izan zelako».

«Hiru astean behin erakusketa berria jartzen genuen. Larunbatean bat kentzen genuen eta hurrengo egunean beste bat inauguratzen»

JOXERRA MELGUIZOArtista

Lan egiteko modu hark erritmo itogarria zuen. Lau urte eskasean, ia 30 erakusketa antolatu zituzten; bat amaitu eta hurrengoa prestatzen hasten ziren. «Hiru astean behin erakusketa berria jartzen genuen. Larunbatean bat kentzen genuen eta hurrengo egunean beste bat inauguratzen». Dinamika horrek artista ugari erakarri zituen. Batzuk lagunak ziren, baina beste asko erabat ezezagunak ziren haientzat. Gune hartatik igaro ziren, besteak beste, Txaro Arrazola, Dora Salazar, Francisco Ruiz de Infante, Imanol Marrodan, Arantxa Goienetxe, Sonia Rueda, Josu Ortiz de Hierro eta Manu Muniategi. 

Oteizaren dei hura

CM2 aretoaren historiari buruz hitz egitea ezinezkoa da Jorge Oteizaren izena aipatu gabe. Izan ere, Oteiza bera ere gune txiki haren parte izan zen, neurri batean. «Egun batean, CM2ko lokalean lanean ari nintzela, Jose Ramon Santxotena eskultorearekin batera agertu zen Oteiza. Orduko hartan lokalean zegoen ia objektu bakarra Oteizari eskainitako erakusketa baten kartela zen. Oteizak berehala erreparatu zion afixari, eta segituan hasi ginen hizketan arteaz, eskulturaz...». Elkarrizketa laburra izan zen, baina nahikoa izan zen Melguizorentzat: «Oteizarekin harreman estuagoa izan nahi nuen».

Joxerra Melguizo-CM2
Jorge Oteiza, Ana Arregi eta Joxerra Melguizo, 1999an Zarautzen. CM2 ARTXIBOA-ARTIUM EUSKAL HERRIKO ARTE GARAIKIDEAREN MUSEOA..

Hilabete batzuk geroago, 1992ko maiatzaren 5ean, Oteizak berak telefonoz deitu zion, eta ordutik adiskidetasun estua landu zuten. Bien arteko bazkariak, solasaldiak eta etengabeko eztabaidak ohiko bilakatu ziren. «Energia handiko pertsona zen, polemikoa askorentzat, baina inguruan zituenentzat pentsatzeko eta ekiteko akuilu zen», gogoan du Melguizok.

Garai hartan, artistaren aurkako kritika ugari entzuten ziren hedabideetan, eta Melguizok gogoan du haren adierazpenek eztabaida biziak sortzen zutela gizartean. CM2ko kideek, ordea, haren obra eta pentsamendua beste ikuspegi batetik aztertu nahi zituzten. Horregatik, literatura, artea, arkitektura eta musika arloak aintzat hartu, eta diziplina anitzeko jardunaldiak antolatu zituzten aretoan. Jardunaldi haiek espero baino oihartzun handiagoa izan zuten, eta Oteizak berak parte hartu zuen. «Aretoa txiki geratu zen. Jendea kanpoan geratu zen, eta leihoetatik entzuten saiatzen zen». 

Urteekin, Melguizok maiz gogoratu izan du Oteizaren esaldi bat: «Maite ditut konspiratzera behartzen gaituzten egoerak». Haren ustez, esaldi horrek ezin hobeto laburbiltzen du CM2ren izaera. Izan ere, CM2 ez zen soilik erakusketak egiteko gune bat izan, «konspiratzeko toki bat ere bazen». 

CM2 gunea
Emilio Melguizo, Joxerra Melguizo eta Carmen Lopez Castillo, 1993an, CM2 gunean. CM2 ARTXIBOA-ARTIUM EUSKAL HERRIKO ARTE GARAIKIDEAREN MUSEOA.

1996ko urriaren 26an amaitu zen aretoaren bidea. Juncal Ballestinen Huellas erakusketa inauguratu berritan, uholde batek dena hondatu zuen. Hasieran konpondu zitekeen arazo bat zirudien, baina egunek aurrera egin ahala egoera gero eta larriagoa bihurtu zen: hezetasunak zabaltzen hasi ziren, sabaia erortzen eta eraikinaren egiturak are gehiago ahultzen. Ordura arte pilatutako nekea ere hor zegoen, eta lau urteko jardun etengabeak higadura ekarria zuen. Baziren desadostasunak eta proiektuaren etorkizunari buruzko ikuspegi ezberdinak ere. «Edalontziak gainezka egiteko azken tanta izan zen uholdea».

Hasieran berriro irekitzeko asmoa izan zuten, baina asmo hura pixkanaka urardotu egin zen. Lekua berritu zuten gero, baina ez zen inoiz berriro erakusketetarako ireki. CM2ren bidea amaitu egin zen, baina Melguizok argi du: «Haren arrastoa ez da inoiz desagertuko».

Zuhaitzen artean ezkutaturik

Joxerra Melguizo-CM2
Joxerra Melguizo CM2 gunea zenaren atearen aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

CM2 arte guneak 1996. urtearen hondarrean itxi zituen ateak. Gunea berritu eta gero, ez zen inoiz berriz erakusketa areto gisa ireki; tailer bihurtu zen. Han jarraitu zuen lanean Lopez Castillok. 2009an Emilio Melguizo hil zenean, haren dokumentazioa eta CM2ren bilduma osoa Joxerra Melguizoren esku geratu zen, eta hark, gero, Artium museoaren esku utzi zuen. 

Melguizok askotan pentsatu du gunea berriz zabaltzea. Ideia hori, ordea, behin eta berriz zapuztu du eraikinaren egoerak. Uholdeak, fatxadako higadurek eta eraikinari lotutako bestelako arazoak etengabeak izan izan dira. «Azken urteotan hainbatetan pasatu zait burutik gunea berriz irekitzea, baina amore eman dut nola dagoen ikusita», aitortu du. Izan ere, lokala dagoen Alaba Eskibel jauregia egoera larrian dago. Tangerko Udalaren (Maroko) jabetzakoa da, urteak daramatza abandonu egoeran eta duela gutxi arte zor handia izan du Gasteizko Udalarekin.

Gaur egun, jauregiaren lorategian sartuta eta zuhaitz handi baten itzalpean ia ezkutatuta daude CM2 zenaren arrastoak. Granate koloreko ate xume bat, eta, haren gainean, burdinazko letretan, oraindik irakur daiteke izena: CM2. Garai batean arte garaikidearen topagune izan zenaren azken arrasto ikusgarria da, jauregiaren gainbeherarekin batera denboran geldirik geratu balitz bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA