Crazy Heart (Scott Cooper, 2009) taxuzko filma zen, eta batez ere bere protagonista nagusiari, Jeff Bridgesi, aktore onenaren Oscar saria eman zion. Country musikari baten eguneroko tristea kontatzen zuen pelikulak; alkoholarekin eta harremanekin arazo franko zituen kantariak musika zuen euskarri ia bakarra. Orain, nolabait horren bertsio femeninoa egin nahi izan du Shana Festek, harrigarriak baitira bi istorioek duten antz handia.
Country Strong-en Kelly Canter da protagonista, alkoholarekin arazo handia duen country musikaria. Adikzioa uzteko segitzen ari den tratamendu batean Beau Hunton gitarra jotzaile gaztearekin maiteminduko da. Bien arteko harremana ez da erraza izanen, Canterrek ezin baitu behar duen oreka aurkitu.
James senar ohia bere agente artistikoa da, eta bira txiki bat prestatuko dio. Bi musikariok baiezkoa emanen diote proposamenari, baina berehala konturatu dira kontzertu sortaren helburu nagusia Jamesen kutuna promozionatzea dela. Hortik aurrera, ezin zailagoa bihurtuko da laukotearen arteko harremana. Hala ere, agertokiaren gainean arazo guztiak ahazteko gai da Canter.
Azken urteotan Gwyneth Paltrow karga dramatiko handiagoa duten rolak egiten ari da. Two Lovers (James Gray, 2008) bikainean ederki erakutsi zuen ohiko komedietatik kanpo baduela zer esanik, eta norabide berean segitu nahi izan du Country Strong film sasi-independentean, alkoholiko baten rol konplikatuan. Horrez gain, Paltrowk berak hainbat kantu abestu ditu pelikulan.
Honakoa Shana Festeren bigarren film luzea da. Orain dela bi urte The Greatest drama iluna egin zuen, Pierce Brosnan, Susan Sarandon eta Carey Mulligarekin. Filmak harrera ona izan zuen Sundanceko zinema jaialdian, baina nahiko oharkabean pasatu zen aretoetara ailegatu zenean.
'COUNTRY STRONG'
Zuzendaria: Shana Feste.
Aktoreak: Gwyneth Paltrow, Leighton Meester, Garrett Hedlund, Tim McGraw, Kayla Perkins, Sean Symons.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2010.
Iraupena: 112 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Maiatzean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Country musikariaren gainbehera
Gwyneth Paltrowk alkoholarekin arazoak dituen kantari baten rola egin du 'Country Strong' filmean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu