Courtney Barnettek (Sydney, Australia, 1987) beti jakin izan du xehetasun txikietan handitasuna aurkitzen. Inspirazioa topatu du eguneroko keinuetan, pentsamendu iheskorretan eta errutinaren zirrikituetan sartzen den ezinegon horretan. Ez du sekula zarata handirik behar izan esan nahi izan duen hori esateko. Nahikoa izan du gitarra bat, eguneroko esaldi bat edota zalantza txiki bat konposatu ahal izateko, xehetasun hutsaletan oinarrituz narrazio sakonak sortzeko: supermerkatu bateko ilara, etxebizitza batera egindako bisita edo pentsamendu galdu bat abiapuntu hartuta, existentziari buruz hitz egin du. Prentsak, preseski, sarritan hartu izan du indie rock garaikidearen ahots berezienetako baten gisa, egunerokoaren kronikari zorrotz eta ironiko moduan.
Bi akorde aski izan zaizkio mundu oso bat eraikitzeko. Haren rock estiloak —batzuetan alferkeriaren ertzean, besteetan samur eta ironiko— maiz errepikatzen diren egitura harmonikoetan aurkitu du indarra, eta musika bera bizitzari buruzko galderak egiteko tresna bilakatu. Horixe izan da beti Barnetten nortasun ikurra: Sometimes I Sit and Think, and Sometimes I Just Sit diskoaren (2015) Depreston kantuan, adibidez, etxean sustraitua egoteko zailtasunaz ari da bost minutuz, akorde sinpleen gainean.
Bere burua ordenatu nahian
2023ko goiz batean, Kaliforniako (AEB) Joshua Tree basamortuko alokairuko etxe batean zegoen Barnett. Kafea prestatzen ari zela, marisorgin bat pausatu zitzaion atearen markoan. Hasieran ez zuen ematen ezer berezia zenik, baina, lagun bati intsektu haren argazkia bidali zionean, bestelako esanahi bat hartu zuen: pazientziaren sinboloa zen. Eta Barnettek, hain zuzen, hilabeteak zeramatzanez zurrunbilo batean kateatuta —sormena lausotua zuen, ez zen idazteko gai eta blokeatuta zegoen— pazientzian topatu zuen aurrera egiteko akuilua.
Izan ere, 2021eko Things Take Time, Take Time aurreko lanarekin izandako bira amaigabeek, osteko geldialdiak, pandemiaren hutsuneak eta bere zigiluaren amaierak (Milk Records) arrastoa utzi zioten musikariari. Los Angelesera (AEB) joan zen bizitzera, eta han, errutinaren eta desioaren artean harrapatuta, bere burua berriz ordenatzen hasi zen: terapia, ariketa fisikoa, idazketa... «Pentsatzen nuen gauza horiek ez zutela funtzionatuko, baina bai, funtzionatzen dute», aitortu izan du.
Eta prozesu horren emaitza da, nolabait, Creature of Habit estudioko laugarren lana (Mom+Pop). Barnetten itzulerako diskoa dela esan daiteke, baina hori baino zerbait gehiago ere bada: mugimenduaren diskoa da, argitasunik gabe ere aurrera egitearena. Errepide luze bateko bidaia baten soinu banda balitz bezala entzuten da: gogora ekartzen du basamortu bateko autobidean autoaren dardara, asfaltoko erritmo monotonoa eta norberaren pentsamenduak nahasten direnekoa. Izan ere, lanaren parte handi bat Kaliforniako basamortuan idatzi zuen, bakartzearen eta zarataren arteko tarte horretan, musikan jarraitu nahi ote zuen hausnartzen ari zela. «Buru barruko ahots txiki hori isilarazten saiatzen nintzen, lekua uzteko magia pixka bat gerta zedin», azaldu du elkarrizketetan.
Lan berriak duen atmosfera zabal eta mikatz-gozo horrek Barnetten aurreko lan batzuk gogorarazten ditu. Hamar kantu ditu diskoak. Mantis kanta da diskoaren erdigunea, eta, nolabait, haren sinboloa ere bai —azaleko irudia da—. Basamortuan topatutako intsektu hark pazientzia irudikatzen zuen, baina kantuak bestelako zerbait kontatzen du: «I got my head sorted, sort of» (Burua txukun daukat, gutxi gorabehera). Hau da, gauzak antolatuta dauzka, baina ez guztiz. Barnetten ibilbide osoa kabitzen da esaldi horretan: ziurtasun faltaren eraginez sortutako mugimendua.
«Lehen, umorea babes moduko bat zen, baina orain ez zait hain natural irteten»
COURTNEY BARNETTMusikaria
Kolaborazioek ñabardurak ematen dizkiote diskoari, baina ez dute lausotzen Barnetten nortasuna. Waxahatchee-ko Katie Crutchfieldekin egindako Site Unseen-ek beroa eta harmonia gehitzen ditu, eta One Thing at a Time piezak, Red Hot Chili Peppers taldeko baxu jole Flearekin egindakoak, berriz, energia kontrolatua.Â
Eta ahotsean sumatzen da, agian, aldaketarik handiena. Lehenago babesgunetzat ironia eta distantzia bazeuzkan, orain zintzotasuna dauka. «Lehen, umorea babes moduko bat zen, baina orain ez zait hain natural irteten», aitortu du. Horrek ez du esan nahi bere estiloa galdu duela, baizik eta beste leku batetik ari dela. Intimoago, zuzenago.