Zinemagintza garaikideko zenbait izen entzutetsuren itzulerak ezaugarritu du Cannesko 79. zinema jaialdia, eta, Urrezko Palma irabazteko faborito garbi bat ez zegoen arren, itzal gero eta handiagoko zuzendari batentzat izan da azkenean: Cristian Mungiuren Fjord filmak irabazi du jaialdiko sari nagusia, eta Munguik irabazten duen bigarren Urrezko Palma da —4 luni, 3 săptămâni şi 2 zile (2007) lanarekin eskuratu zuen aurrenekoa—. Lan berrian lehen aldiz ingelesez filmatu du errumaniarrak, eta bikote errumaniar-norvegiar baten eta haien bizilagunen arteko harreman gatazkatsua du hizpide, fiordoetako herrixka bakarti batean girotuta. Park Chan-wook zinemagile hegokorearra izan du buru aurten epaimahaiak eta Demi Moore aktorea eta Chloe Zhao zuzendaria izan ditu alboan, besteak beste. Tilda Swintonen eskutik jaso du aitortza Munguik.
Epaimahaiaren Sari Nagusia, berriz, Minotaur lanarentzat izan da. Andrei Zvyagintsev errusiarrak zuzendu du, eta enpresa-gizon arrakastatsu baten gainbehera kontatu du, bide batez, Vladimir Putinen gobernuaren kontra eginez eta orain arteko bere filmografia (Leviatan, The Return) ezaugarritu duen estilo kritiko eta itzaltsuari jarraituz. Bigarren aitortza nagusitzat jotzen da hori. Hirugarrentzat har daitekeen Epaimahaiaren Saria, aldiz, Valeska Grisebach zuzendari alemaniarraren Das Geträumte Abenteur filmak eskuratu du; hiru ordu pasatxoko lana da, eta Bulgariako mugan desagertu den lagun baten atzetik dabilen emakume baten istorioa kontatzen du.
Gidoirik onenaren aitortza, halaber, Emmanuel Marre zinemagile frantziarrak irabazi du. Idatzi eta zuzendu egin du Notre Salut filma Marrek —kasu gehienetan gertatzen da Cannesen—, eta enpresa testuinguru hiper-konektatu batean murgilduta dagoen gizonezko baten lan gorabeherak eta hutsune emozionalak arakatu ditu hartan.
Sari bikoitzak
Kasu bat baino gehiagotan, sari bat zinemagile bakarrari eman ordez, biren artean banatzea erabaki du aurten epaimahaiak, eta deigarria izan da zuzendari onenaren sariaren kasuan hala egitea hautatu izana. Bi ez, hiru zinemagilek jaso dute saria aurten gainera: Javier Ambrossi eta Javier Calvo espainiarrek —La bola negra filmarekin— eta Pavel Pawlikowski poloniarrak —Fatherland filmarekin, non Thomas Mann idazlearen eta haren alaba Erikaren arteko harremanaz aritu den—.
Berdin jokatu du Chan-wookek gidatutako taldeak interpretazioaren alorreko sariekin ere. Emakumezko aktorerik onenaren aitortza Virginie Efira eta Tao Okamato aktoreek eraman dute, Ryusuke Hamaguchi japoniarraren Soudain filmean egindako lanarengatik. Eta bide beretik gizonezko aktorerik onenaren sarian ere: Emmanuel Macchia eta Valentin Campagne aktoreek jaso dute aitortza, Lukas Dhonten Coward filmean aritu direnak biak. Lehen Mundu Gerran kokatutako istorio bat kontatzen du filmak.
Opera prima-rik onenarentzat sari bat gordetzen du Cannesko jaialdiak urtero, Urrezko Kamera deitua, eta Marie Clementine Dusabejamboren Ben'Imana filmak etxeratu du. Jaialdiko proposamen arriskatuenak hartzen dituen Un certain regard sailean, bestalde, Sandra Wollner austriarraren Everytime lanak eraman du sari nagusia. Film labur onenaren Urrezko Palma Federico Luis Tachella argentinarraren Para los contrincantes filmarentzat izan da.
Hilaren 12an, Pierre Salvadoriren La Venus Electrique filmarekin hasi zen munduko hiru zinemaldi garrantzitsuenetako bat dena —Veneziakoak eta Berlingoak osatuko lukete hirukoa—, eta Grisebachen Das Geträumte Abenteur erakutsi zuten azkena atzo. Ohorezko Urrezko Palmarekin, halaber, Peter Jacksonen eta Barbara Streisanden ibilbideak goratu ditu aurten Cannesko 79. jaialdiak.