Donostiako 70. Zinemaldia

Cronenbergek jasoko du bigarren Donostia saria

Aktore eta zuzendari kanadarra omenduko du Donostiako 70. Zinemaldiak. 'Crimes of the Future' haren lan berria ere emango dute

itziar ugarte irizar
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Iragarrita zegoen Juliette Binoche aktore frantziarrak jasoko duela aurten Donostiako 70. Zinemaldiaren ohorezko sari nagusietako bat —hura izango da, halaber, aurtengo kartel ofizialaren irudia—, baina ez da protagonista bakarra izango, bigarren Donostia sariaren berri eman baitu jaialdiak: David Cronenberg (Toronto, Kanada, 1943) zuzendari eta gidoilari kanadarrarentzat izango da.

Zinema garaikideko egilerik zirikatzaileenetakotzat dute askok Cronenberg, eta azken mende erdiko zinemagile «berezienetako bat» dela goratu dute Zinemaldiko arduradunek ere: «Izugarrikeria biologikoaren, atmosfera aztoratzaileen eta unibertso pertsonal bezain transferiezinaren maisua».

Irailaren 16tik 24ra egingo da aurten jaialdia, eta hilaren 21ean jasoko du saria Cronenbergek, Viktoria Eugenia antzokian egingo duten galan. Haren film berriaren proiekzioarekin borobilduko dute ekitaldia ondoren: Crimes of the Future, zinemagilearen aspaldiko obsesioak dakartzan filma, eta Viggo Mortensen, Lea Seydoux eta Kristen Stewart protagonista dituena.

Hogei film luzetik gora zuzendu ditu Cronenbergek, eta hainbat generotan kultuzko izen handia da gaur egun harena, hala nola zientzia fikzioan, thrillerrean eta drama psikologikoan. Guztietan klasikotzat hartzen diren aleak utzi ditu. Zinemaldira Eastern Promises filmarekin heldu zen aurrenekoz (2007), eta, hirian orduan soilik egon bazen ere, atzera begirakoen atalean erakutsi zuten Crash (1996), 2004an.

Pianista baten eta idazle baten semea da Cronenberg, eta liburu eta komikietatik jasotako istorioz inguratuta hazi zen. Modu autodidaktan filmatu zituen lehen lanak —Transfer (1966) eta From the Drain (1967) laburrak eta Stereo (1969) eta Crimes of the Future (1970) luzeak, esaterako—. Eta jada agerian utzi zuen bere obra ezaugarritu duten hainbat gaitarako joera orduan: indarkeria, sexua, gorputza, esperimentazio zientifikoa eta beste. Haren lehen lanetan da nabarmena, hain zuzen, esperimentazio zientifikoaren ardatz hori; Shivers (1975), Rabid (1977) eta The Brood (1979) filmetan, esaterako.

Zinemaldiko antolatzaileen arabera, ordea, badira nabarmentzeko bi mugarri Cronenbergen ibilbidean, «genero zinema erradikalaren» alorrean ospe iraunkorra ekarri ziotenak: Scanners bata (1981), botere mental hilgarriak dituen pertsona talde bati buruzkoa; eta Videodrome bestea (1983), new flesh deituriko (haragi berria) estetikaren gailurretako bat.

The Fly lanean (1986), intsektu bihurtzen den zientzialari baten istorio itogarria kontatu ondoren, Jeremy Irons aktorea jarri zuen protagonista lanetan hurrengo bi filmetan: Dead Ringers (1988), non aktoreak bi rol bete zituen—bi anaia ginekologorenak—; eta M. Butterfly (1993), operako abeslari misteriotsu baten eta 1960ko hamarkadan Txinan bizi den diplomazialari frantses baten arteko «erromantze anbiguoa» kontatzen duena. Oso txalotua izan zen, halaber, 1999ko eXistenZ.

Giza organoen artista

Telebistarako hamaika lan eta zenbait idazleren eleberrien zinema moldaketak ere egin izan ditu. Horien artean daude, besteak beste, Stephen Kingen The Dead Zone (1983) eta William Burroughsen The Naked Lunch (1991). Moldaketa da 1996ko Crash ere, J. G. Ballarden izen bereko eleberria hartu baitzuen zinemagileak oinarritzat auto istripuak izan ostean sexu grina sentitzen duten pertsonaiak arakatzeko —Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen film harekin Cannesko jaialdian—. Eta moldaketak soilik ez, eleberri bat ere badu idatzita zinemagileak: Consumed: A Novel (2014).

Luzea da Cronenbergekin lan egin duten aktoreen zerrenda ere —Gabriel Byrne, Willem Dafoe, Ed Harris, Naomi Watts, Robert Pattinson, Juliette Binoche...—, eta azkenaldian haren gertuko bihurtu direnen artean dago Viggo Mortensen, hain justu duela bi urteko Zinemaldian Donostia saria jaso zuena. A History of Violence thrillerrean (2005) egin zuten aurrenekoz lan elkarrekin Cronenbergek eta Mortensenek, ondoren Eastern Promises eta A Dangerous Method filmetan ere bai (2011), eta berriki itzuli dira elkarrekin aritzera, zuzendariaren Crimes of the Future filmean. 1970ean egindakoaren izenburu bera izan arren, ez da haren re-make bat; bai, ordea, zientzia fikziorako eta beldurrezko generoaren estetikarako itzulera bat zuzendariarentzat. Giza organoekin lan egiten duen artista bat du protagonista, eta Cannesko jaialdian estreinatu zuen, maiatzean; sei minutu luzeko txaloaldia jaso zuen.

Hura erakustearekin bat, Donostia saria jaso duten zuzendarien zerrendan sartuko da, bada, kanadarra aurten; Ford Coppola, Allen, Stone, Varda, Koreeda, Costa-Gavras eta besteren atzetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.