Edward Saidek erakutsi zigun, besteak beste, prozesu kolonialen atzealdean ez daudela soilik armadak, agintariak eta negozio gizonak; kulturak ere, bere espresio ugaritan, zeresan handia duela pertsona eta komunitateen azpiratzean. XX. mendeko bigarren erdiko kritika oso emankorra izan zen esplikatzen botere harremanen eta zapalkuntzen konplexutasuna eta zeinen erkin geratzen ziren XIX. mendeko kritika eredu mekanikoak (marxismo ortodoxoa, esaterako). Bidenabar, berriki Ibai Atutxak itzuli duen Stuart Hallen Kultura, aurkakotasuna eta boterea liburu bikaina da, Saidez besteko tradizio batetik (baina ez oso urruti), kultur prozesu horien inguruan sakontzeko.
Saidek arreta berezia jarri zuen maila goreneko literaturan, Joseph Conraden literaturan bereziki, eta nola hor ere ikus daitekeen marko koloniala erreproduzitzen. Halere, gehienetan ahaztu egiten da, batetik, Saidek berak dioenez, Conradek idazten duen marko kolonial hori historiko-kulturalki determinatua dagoela, beste idazle, pentsalari, zapatari eta moda-diseinatzaile guztiena bezalaxe (non eta ez dugun pentsatzen geure buru jainkotuak historiaren bilakabidetik aparte daudela). Bigarrenik, marko horretan idazteak ez diola amiñirik kentzen haren lan literarioaren bikaintasunari. Azkenik, Saidek dioenari, egundik, gutxienez beste puntu bat gehitu beharko litzaioke: azken mende eta laurdenean literatura kanonikoaren eragin soziala izugarri murriztu dela; hau da, ideologiaren prozesu hegemonikoetan literaturaren itzala hutsaren hurrena dela bestelako dispositibo kulturalekin (mass-medietatik baliabide digitaletara) konparatuta. Gaur egun, literatura obrei azpiratze prozesuetan erantzukizun mugarria leporatzen dienak bere literaturarekiko herra besterik ez du azaleratzen.
«Prozesu turistifikatzaile eta azpiratzaileek adar ekonomikoak izaten dituzte, noski, adar urbanistikoak eta judizialak ere bai, eta baita adar kulturalak ere»
Edonola ere, hor dago paraliteratura, merkantzia hutsa diren obra horiek guztiak zeinek, prozesu kolonial horietarako askoz ere efizienteagoak izateaz aparte (irismen eta eraginez), askoz ere gordinago azaleratzen baitute hondoan dagoen ideologia. Sarritan esan izan da garai jakin bateko ideologia eta marko kultural hegemonikoa ezagutzeko askoz egokiagoa dela paraliteraturari eta, oro har, produktu kultural estandarizatuei erreparatzea garai horretako obra gorenei baino.
Turistifikazio prozesuek badute prozesu kolonizatzaileen antzekotasunik, nahiz eta azken horien gordintasun eta sarraski mailara ez iritsi. Turistifikazioan ere lurraren okupatzea gertatzen da, herritarren kanporatzea ere bai maiz, eta prozesu horietan ere kulturak bere papera jokatzen du. Espazio jakin bat turistifikagarri hautemateko bidean zeresana izaten dute kultur produktuek ere, spot itxura duten filmetatik hasita gida turistiko diruditen nobeletaraino.
Liburuaren Egunaren karietara lagun baten bidez iritsi zitzaidan Paloma San Basilioren «lan literario» (halaxe deitzen dio gaztelaniako wikipediak) berriaren azala: Uxoa, el secreto del valle: Una historia de amor y búsqueda en el valle de Baztán. Lehenaz gain, lehengo doloreez gain, pentsatu nuen, zer eta Paloma Basilio Doneak ere bere harritxoa jarri bide du Baztan turistifikatzeko prozesu tai gabean. Leku bat turistiko edo, are, kolonia, bilakatzeko bidean lehenengo fasea izaten da hura exotizatzea, eta bistan da zenbait idazle-modu Baztan exotizatzeko lan nekaezinean dabiltzala aspalditik. Haatik, Paloma San Basilioren nobela berriarena zaila zen aurreikusten, abenduaren 28tik haratago.
Ia ekidinezina da bata bestearekin erlazionatzea: aste honetan bertan hasi da Baztango zazpi herritarren kontrako epaiketa, Aroztegiko proiektu lasvegastarraren kontra protesta egiteagatik. Hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isuna eskatzen dizkiete. Jakina, ez dut esan nahi Paloma San Basilio konspirazio ezkutu eta kalkulatu baten parte denik edo Palacio de Arozteguia SM enpresaren mendeko idazle erosia. Baina, dudarik gabe, kultur produktu paketatuek beren alea ipintzen dute gure hautemateak eta ulerkerak naturalizatzen. Prozesu turistifikatzaile eta azpiratzaileek adar ekonomikoak izaten dituzte, noski, adar urbanistikoak eta judizialak ere bai, eta baita adar kulturalak ere.
«La llave penetró en la cerradura como una daga en el corazón de un viejo árbol» esaldiarekin hasten da nobela. Bada hortxe imajinatu dut balizko Aroztegiko resortera etorritako multidiruduna, golfeko makila sorbaldan, bere apartamentuko sarrailan giltza penetratzen, daga batek Saioaren magaleko urki zahar baten bihotza bortxaz penetratzen duen modu bertsuan.
