Dantza, aniztasunaren topaleku

Gaur hasiko da Maitaldia jaialdia, Miarritzen, eta hilaren 17ra bitarte hainbat emanaldi izango dira ikusgai. Euskal sortzaileek ere hartuko dute parte; besteak beste, Jon Maiak, Mizel Theretek eta Ziomara Hormaetxek

Elirale konpainiaren Fuga! obraren irudi bat. MAITALDIA.
Jone Bastida Alzuru.
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Gorputza askatu, artea egin, eta gozarazi; «dantza bere molde guztiekin»: gaur hasiko da Maitaldia dantza jaialdia, Miarritzen (Lapurdi). Eskarmentudun festibala da —33. aldia du—, eta programazioan ere nabaritzen da esperientzia hori: 93 proposamen bilduko ditu jaialdiak, 250 artistaren eskutik. Badu, gainera, berrikuntzarik: lehen aldiz, Iparraldean eta Hegoaldean egingo dituzte dantza emankizunak. Hain zuzen, Miarritze izango du topaleku nagusi, baina Ipar Euskal Herriko beste bederatzi herritan eta Errenterian (Gipuzkoa) ere izango da. Askotariko ikuskizunak biltzen ditu jaialdiak, eta irailaren 17ra bitarte izango dira ikusgai.
 
Mugak lausotu eta harremanak sendotzea du xede festibalak, elkarkidetza sustatzea. Hala, Elena Eiherabide antolatzaileetako batek adierazi du jaialdi «herritarra» dela Maitaldia. «Publiko guztiarengana iristen saiatzen gara, eta betidanik garrantzia eman diogu Hegoaldea eta Iparraldea lotzeari». Euskal Herriko sortzaileen presentzia bermatzea eta erakusleiho izatea bilatzen dute, eta, horregatik, nazioarteko taldeez gain, euskal sortzaileek pisu nabarmena izango dute jaialdian. Mizel Theret, Pantxika Telleriaren Elirale konpainia, Dantzaz konpainia, Ziomara Hormaetxe, Kukai konpainia eta Jon Maia egongo dira Euskal Herriko sortzaileen artean.

Hala, Euskal Herriari lotzen zaizkion gaiei eta kulturaren ezaugarriei helduko diete euskal ekoizpenetan. Ahotsak obra, esaterako, Ziomara Hormaetxe Gernikako (Bizkaia) koreografoak sortu du, eta herriak jasan zuen bonbardaketako lekukoen testigantzekin osatu du.

Malandain Ballet Miarritzeko artista asoziatua izango da, berriz, Jon Maia, eta Yarin ikuskizunean hartuko du parte, Andres Marinekin batera: «Flamenkoaren eta euskal dantzaren arteko topaketa bat izango da». Horrez gain, Kukai dantza konpainiarekin Giza ikuskizuna ere egingo du Maiak. Mizel Theret euskal koreografoa ere egunero arituko da Maitaldian, Miarritzen, Komunikazio-Inkomunikazio obrarekin: Mikel Laboaren pieza ospetsuan oinarritutako dantza emanaldi bat da.

Euskal taldeez gain, hauek dira Maitaldian jasoko dituzten atzerriko konpainien izenetako batzuk: Italiako Aterballetto Dantzaren Fundazio Nazionala, Niza Mediterraneoko balleta, Rhineko Opera Nazionala eta Alemaniako Hessisches Staatsballet. Olivia Grandvillek zuzendutako Debandade obra ere azpimarratu du: «Izenburu pixka bat probokatzailea du, maskulinitateaz hitz egiten baitu. Estereotipo maskulinoak begirada feministatik landuta, gizonei eskatzen die desfile baten bidez kontatzeko haiek zer harreman duten maskulinitatearekin».

Eiherabideren arabera, aurtengo topaketa «fidela» da jaialdiaren historiari, eta «estilo aniztasunean» dago oinarritua. Ballet ikuskizunetan jarri du arreta: «Aurten bost ballet ekarri ditugu. Horietako bat Aterballetto konpainiarena da, eta berak hasiko du festibala». Dantzari kopuru handiko konpainia dela azaldu du.

Gainera, dantza ikuskizunez haragoko programazioa ere eskainiko dute: hala nola festibalak irauten duen bitartean film emanaldiak, konferentziak, hitzaldiak eta tailerrak izango dira, betiere, dantzaren bueltakoak.

Adin guztietako ikusleak erakartzea da antolatzaileen asmoa. Horregatik, ikuskizunetako batzuk dohainik izango dira, eta dantza saio publikoak ere egingo dituzte. Gainera, langabeentzat eta ikasleentzat prezio bereziak izango direla azaldu du Eiherabidek.

Ingurumenari keinua

Festibalak duen dimentsio «ekoarduratsua» eta solidarioa ere aldarrikatu dute antolatzaileek. Horri lotuta, Itsasoaren Maitaldia eguna antolatu dute. 17an izango da, eta itsasoaren zaintza izango du ardatz. Hainbat ekitaldi prestatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.