Berri Txarrak-en kontzertuaren kronika

Dantza arteko agurra

Berri Txarrak taldeak dantza betean jarri du Nafarroa Arena azken-aitzineko kontzertuan, 11.500 lagunekin pabiloia beteta. Gaur gauean eginen dute aitzineko emanaldia.

Berri Txarrak taldearen azken aurreko kontzertua. IDOIA ZABALETA, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko azaroaren 23a
15:39
Entzun

Agur guztiak ez dira gozoak izaten. Berri Txarrak taldeak etenaldi mugagabea egingo zuela iragarri zuenetik, jende anitzek espero zuen eguna: azaroak 22, taldearen azken-aitzineko kontzertua. Mingotsa baino gehiago, agur gozoa egin zuen Lekunberriko taldeak. Bi ordu pasako kontzertuan, taldearen 25 urteko ibilian sortutako kantak jo zituzten, disko guztietakoak. Adin guztietako 11.500 pertsonak bete zuten pabiloia, eta une oro abestu eta dantzatu zuten Berri Txarrak. Ilusio eta emozio aurpegiak ziren nagusi Nafarroa Arena aretoan.

Nizuri Tazuneri trap taldeak berotu zuen giroa. Ordurako pixkanaka betetzen hasia zen Nafarroa Arena. 22:30ean, iragarritako orduan, ekin zion Lekunberriko hirukoak kontzertuari, eta nola ekin ere. Jaio.Musika.Hil diskoko Gelaneuria kantako akordeak izan ziren despedidako lehenak. Ordurako zutik zen harmailetan eseritako jendea, eta pistakoak, dantzan eta jauzika. Horrela jarraitu zuten kontzertu bukaerara arte. Txalo zaparrada erraldoia jaso zuen taldeak lehen kanta bukatu orduko. Gero etorri zen Jaio. Musika. Hil, eta argi adierazi zuen kantuz Gorka Urbizu abeslariak kontzertuaren egitekoa: «Gure arimak hustu, eta zuenak bete».

Jarraian, etenik egin gabe jo zituzten Izena, izana, ezina, azken diskoko Spoiler eta Payola. Lehen aurkezpena ere egin zuen Urbizuk: «Gabon, Iruñea. Berri Txarrak, Nafarroatik. Mila esker etortzeagatik. Komunitate handi bat gaude hemen». Solaserako apenas tarterik hartu gabe, kantu bat bertzearen atzetik jo zuen hirukoak kontzertuan. Ikusleak, gozatzen, taldearekin une oro bat egiten. Hil nintzen eguna eta Kanta Goibelak abesti klasikoen ondotik egin zuen Urbizuk bigarren mintzaldia: «Sentsazio arraroa da hemen egotea; duela 25 urte ez genuen amesten 11.000 pertsona egotea euskarazko musika entzuten». Eta, jarraian, Zertarako amestu. Publikoak gogoz erantzun zuen, txaloka eta eskuak gora igoz.

Taldearen zale orok ezagutzen ditu Libre-ren hasierako akorde famatuak. Taldearen ikurretako da kantu hori, eta haren ondotik jo zituzten Min hau, Poligrafo Bakarra eta Lemak, Aingurak dantzagarriagoak, eta jadanik ehunka aldiz jo duten eta publikoak hain ongi ezagutzen duen Bueltatzen. Kanta gogorragoak eta leunagoak nahastu zituzten kontzertuan, disko batekoak eta bestekoak.

Kontzertua hasi eta ordubete igaro zenerako, taldeak hamabortz kanta joak zituen. Kontzertu oro ohi duen gisan, mikroa hainbat aldarri egiteko erabili zuen Urbizuk: «Entzuten ditut oihu batzuk Altsasukoen alde; kanta hau haientzat, eta dei baten esperoan dauden guztientzat». Zerbait asmatuko dugu jo zuten orduan.

Etengabeak ziren jendearen dantzak. Oreka-ren lehen akordeak jo orduko erotu zen publikoa enegarrenez. Azkeneko kontzertuetako batzuetan egin bezala, Oreka Columpio Asesino taldearen Toro abestiarekin lotu zuten, erritmo gogorrak dantzagarri bihurtuz. «Dantzan jarriko zaitut», dio kantaren letrak, eta bai lortu ere. Kanta bukatzear zirela, ordea, dantzarako unea eten egin zuten taldekideak 30 segundoz. Estatuak bailiran gelditu zien. Berriz ere Oreka jotzen jarraitu zuten. Jarraian Isiltzen banaiz eta taldearen ikurretako bat bihurtu den Biziraun.

Kontzertua hasi eta ordu eta erdira egin zuten lehen eten txikia. Berriz ere itzulita, Soilik agur eta Tortura nonahi jo ondotik, zaleak erabat erotu ziren Urbizu Takolo, Pirritx eta Porrotxen Riki-Riki kantua jotzen hasi orduko. Txikitan ikasitako dantza berriz dantzatu zuten mila pertsonak Berri Txarrak-en kontzertu erdian. Kataluniarekin ere oroitu zen, Kop taldearekin egindako Sols el poble salva el poble abestia joz. Bi ordu igaroak ziren ordurako, eta berriz ere oholtza utzi zuten taldekideek, Ikusi arte jo ondotik.

Nahiz eta oholtzatik kanpo egon David Gonzalez, Galder Izagirre eta Gorka Urbizu, publikoa ez zen isildu, eta kantuan eta saltoka jarraitu zuten berriz ere oholtzara igo ziren arte. Orduan, ordea, Urbizu bakarrik igo zen, eta hark kantatu zuen Maravillas Lambertoren omenez idatzitako Maravillas abestia. Jendea ordurako erabat hunkitua zegoen, eta malko bat edo beste ere ikusi zen ikusleen begietan. Berriz ere hartu zuen hitza Urbizuk: «Eskerrik asko. Benetan geratuko den hutsunea zuek guri utziko diguzuena da. Azken bi-hiru kantak geratzen dira, gozatu». Eta jendeak gozatu zuen.

Ikasten-en akordeak entzun orduko erotu zen jendea. Katedral bat jo zuenean bota zuen Urbizuk azken mezua, denetan mezurik zintzoena: «Maite zaituztegu». Oihu-ren gitarra soinu gogorrekin bukatu zen kontzertua, hasi eta bi ordu eta erdira. 37 kantuko sortarekin. Kosta zitzaion jendeari aretotik irtetea: mugitzeko gogorik gabe zeuden, hunkituta. Denbora luzean gogoratuko dute eguna.

Gaur gauean du azken kontzertua Berri Txarrak taldeak. 25 urteko ibilbidea itxiko du. Leihotikan talde nafarra izanen da artista gonbidatua, eta sarrera guztiak aspaldi salduta daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.