Igandean hasiko da Donostiako Musika Hamabostaldiaren 87. aldia, eta makina bat jarduera antolatu dituzte jaialdia inauguratzeko. Kontzertuei dagokienez, hiriko hainbat txokotan egingo dituzte, eta, egingo dituzten zortzi kontzertuetatik, bost doakoak izango dira. Gainera, saio horietako batzuetan Bitoriano Gandiaga frantziskotarra, eta Valentin Larrea eta Manuel de Falla konpositoreak omenduko dituzte. Juan Diego Florez tenorra 22 urteren ondoren itzuliko da Musika Hamabostaldira, eta kontzertua emango du Kursaalean, 20:00etan.
Jon Urdanpilleta pianistarena izango da Hamabostaldiko lehen saioa; udaletxeko batzar aretoan izango da, 12:00etan. Manuel de Fallaren obrek ardaztuko dute kontzertua, konpositorea jaio zenetik 150 urte betetzen baitira aurten. «Kontzertua ibilaldi bat izango da; konpositore eta pianista gisa izandako eboluzioa azalduko da», esplikatu du piano jotzaileak. De Fallaren lanez gain, konpositore horrentzat garrantzitsuak izan ziren beste musikari batzuen piezak ere joko ditu, hala nola Valentin Larrearenak, Frederic Chopinenak, Claude Debussyrenak eta Maurice Ravelenak.
Beste urte batez, Verdini dantza taldeak ikusgarri bat egingo du; aurten, Verdiniren distira izango da. Isabel Verdini konpainiako sortzaileak eman ditu emanaldiaren nondik norakoak: «Ikuskizunak ez du ez gidatzen ez zuzentzen, gonbidatu egiten du. Dantza oro barrutik sortzen dela gogoratzeko gonbita egiten du». 45 minutu pasatxoko saioa izango da, eta 18:00etan udaletxean egongo da ikusgai.
Andoni Salamero olerkariak eta Ignacio Arakistain organistak poesia eta musika uztartuko dituen emanaldi bat prestatu dute: Liturgia bat Gandiagari; Bitoriano Gandiagaren olerkietan oinarrituta egongo da. «Musika eta poesiaz jantzitako erritu bat izango da», azaldu du Salamerok. Bost zatitan banatu dute saioa, eta, horretarako, Gandiagak kaleratutako zenbait liburutan oinarritu dira bi sortzaileak. Olerkiak Johann Sebastian Bachen, Jesus Guridiren eta Lili Boulangerren piezekin uztartuko ditu Arakistainek. 18:00etan Atotxako Aita Frantziskotarren parrokian izango da saioa.
Buelta bat euskal dantzei
Kresala dantza taldeak Zure barnean: Hidraren mitoa ikuskizuna emango du Zuloaga plazan, 20:30ean; bederatzi eszenatan banatuta dago saioa. Josu Sagardia Kresalako kidearen hitzetan, euskal dantzen «berrinterpretaziotik, ikerketatik eta birsorkuntzatik» sortutako ikusgarria da, «ikuspegi garaikidetik eta tradizionaletik aztertuta» dagoena. Faustino Aranzabalek sortutako proiektua da, eta hogei pertsona egongo dira oholtza gainean.
Haurrek ere izango dute euren lekua jaialdian. Besteak beste, ipuin kontaketako bi saio antolatu dituzte aurten haurrentzat; lehena igandean izango da, eta bigarrena, berriz, datorren ostegunean. Ander Edo arduratuko da ipuinak kontatzeaz, eta lau musikariz lagunduta egongo da; denak saxofoi jotzaileak. Edok azaldu du emanaldi «goxoak» izango direla biak ala biak, eta publiko murriztua izango dutela, hain zuzen, goxotasun hori bermatzeko —bietarako sarrerak agortuta daude—. Urtero, ikuskizuna ardazteko, instrumentu familia bat aukeratzen du kontalariak, eta aurten saxofoia aukeratu dute. «Asmoa da haurrek instrumentua gertutik ezagutzea; bai instrumentua, baita haren aukerak ere».
Emanaldi berezi batekin hasiko da Organo zikloa igandean. Ana Belen Garcia organista eta zikloko antolatzaileak kontatu duenez, zikloaren helburu nagusia organoaren ondarea ezagutzera ematea da, eta horrexegatik antolatzen dituzte kontzertu bereziak. Ataungo Tourseko San Martinen elizan (Gipuzkoa) izango da saioa, 12:30ean. Andres Cea organista Ane Labaka eta Julio Soto bertsolariekin arituko da. Garciaren ustetan, kontzertu pedagogikoa izango da entzuleentzat, bai bertsolariek, baita organistak ere euren jarduna saioaren ezaugarrietara moldatu dutelako.