Dantza zaharrak, pauso berriz

Gero Axular dantza taldeak sorgin ehizari buruzko 'Higa' ikuskizuna emango du bihar Donostian

GORKA RUBIO / @FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Baga: «Emakumeek historikoki jasan duten bazterkeria». Biga: «Euskaldunok geure hizkuntza eta kulturagatik bizi izan dugun bidegabekeria». Higa: «Garai guztietan jarrera aurrerakoia izan duten gizarte taldeek beren eskubideak eta ametsak lortzeko egin behar izan duten ahalegina». Hiru hari horiek gurutzatu ditu Gero Axular dantza taldeak Higa dantza ikuskizun berriaren josketan. Donostian emango dute bihar, Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan. Sarrerak salgai daude Donostia Kulturaren webgunean.

Juan Luis Unzurrunzaga koreografoak zuzendu du lana; Gero Axular taldeko zuzendari artistikoa da. Hark azaldu duenez, gizartean gaur egun kezka iturri diren gaiei buruzko gogoeta bat egin nahi zuten euskal historiaren pasarte bat ardatz hartuta, aurreko lanetan bezala: «Gizon eta emakumeen arteko berdintasunik ez dago gaur egun, eta, hori salatzeko, zapalkuntza islatzen duen istorio bat kontatuko dugu».

Donibane Lohizunen (Lapurdi) kokatu dute obra, XVII. mendearen hasieran. Gizonak arrantzara joaten ziren hilabete luzeetan, eta emakumeak geratzen ziren etxeetan, herrietan. «Etxea gobernatzen zuten, diru kontuak antolatzen zituzten, senideak eta ingurukoak zaintzen zituzten, sendagileak ziren...».

Lurren jabetzarekin arazoren bat zegoela eta, Henrike III.a erregeak Pierre de Lancre epailea bidali zuen Lapurdira, auzia konpon zezan. Hark ez zuen ulertu inguruan zer gertatzen zen. Unzurrunzagak epaileari atentzioa eman zioten hiru gauza nabarmendu ditu. Baga: «Emakumeek gobernatzen zuten herria». Biga: «Ez zuen haiek erabiltzen zuten hizkuntza ulertzen». Higa: «Ez zuen ulertzen nola ziren emakume horiek gaitzak euren kabuz sendatzeko gai».

Sorginkeria leporatu zien dozenaka emakumeri, eta sorgin ehiza abiatu zuen: emakume ugari atxilotu, torturatu eta hil zituzten haren aginduz. Itsasgizonak lurreratu zirenean, sarraskiaren ondorioak ikusi zituzten, eta De Lancre epailearen aurka matxinatu ziren. Istorio hori kontatu dute dantzaren bidez.

Lau zatitan banatu dute ikuskizuna: lehenak herriko marinelen giroa erakusten du; bigarrenak, lur jabeekin izan ziren liskarrak eta De Lancreren iritsiera; hirugarrenak, nola jo zituen emakumeak sorgintzat, eta zer leporatu zien, inkisidoreen «paranoia» irudikatuta; eta laugarrenak, gizonen itzulera.

Saioak ordu eta erdi iraungo du, eta 26 dantza egingo dituzte. Koreografiak Unzurrunzagak sortuak dira, eta musika pieza batzuk, Andoni Iparragirre taldeko musika zuzendariak eginak. Oinarriak folklorean izanda, Unzurrunzagaren esanetan: «Koreografiak moldaketa batzuk ditu, dantza garaikidearen aldera; adibidez, folklore tradizionalean ez da besorik erabiltzen, ez hemen ez Europan, eta guk erabili egin ditugu, keinu batzuk lortzeko».

Bederatzi musikari ariko dira agertokian jotzen, eta 110 dantzarik parte hartuko dute oraingoz, nahiz eta aldaketaren bat egon litekeen osasun egoerak behartuta. Nagusien taldeak gidatzen du obra, eta 17 eta 25 urte arteko gazteek osatzen dute hura, baina haurrak ere ariko dira dantzan pasarte batzuetan.

Dantzari gazte horietako bi dira Aimar Perez eta Ane Rincon. Unzurrunzagarekin batera aurkeztu dute ikuskizuna Donostian. Biek adierazi dute agertokian aritzeko gogo biziz daudela. «Gu gogotsu gaude, eta ikusleei ere gustatzea espero dugu», esan du Perezek. «Bi urtean ez dugu emanaldirik egin ia, eta Viktoria Eugenian aritzea plazera da».

Zabaltzeko gogoz

Unzurrunzagak azaldu du lanak izan dituztela ikuskizuna prestatzen, COVID-19aren aurkako neurriak direla eta: dantzariak taldetan banatu, elkarrekin nahastu gabe entseatu, materiala behin eta berriz garbitu... Koreografo lana ere zaildu dio egoerak, ez dutelako izan entsegu orokorrak egiteko aukera askorik.

Ikuskizuna Lasarte-Orian (Gipuzkoa) eta Azpeitian (Gipuzkoa) aurkeztu dute Donostian baino lehen, eta badute emanaldiak egiten jarraitzeko asmoa; besteak beste, Lapurdin emateko.

Gero Axular taldeak dozenaka emanaldi egin izan ditu Euskal Herritik kanpo, eta Unzurrunzagak esan du dagoeneko joateko gogoz daudela, haientzat garrantzitsuak baitira horrelakoak, eta iaztik ez baitute ateratzeko aukerarik izan. Trukean, atzerriko dantza talde batzuetako ordezkariak etorriko dira Viktoria Eugeniako saioa ikustera.

Ikuskizunaren aurretik, Apoyo Dravet elkarteak sari bat emango dio Gero Axular taldeari, gizarte inklusioaren alde egindako lanarengatik. Eta emanaldiaren ondoren, Unzurrunzagak sorkuntza prozesuaren berri emango du antzokiko Club aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.