Marokoko desertua. Hautsez beteriko hainbat bozgorailu muntatzen ari dira. Egiten duten zarata gertu dauden arroilek ekartzen dute bueltan, anplifikatuta. Hutsik zegoen desertua gorputzez betetzen da. Alde batetik bestera mugitzen dira, birak ematen dituzte, astindu egiten dira. Eguzkiak errea dute azala, denborak urratuak jantziak, baina horrek guztiak ez du axola; musika eta gorputza musika horren erritmoan, askatasunez mugitzea da orain garrantzitsua. Trantzean dauden gorputzak dira, eta onarpen eta euforia giroa arnasten da.
Luis eta haren 10 urteko semea, Esteban, rave-aren erdian daude: lekuz kanpo dauden bi gorputz. Dantzan ari direnengana hurbiltzen dira, banan-banan, neska baten argazkia erakutsiz. Irudikoa Mar da, Luisen alaba eta Estebanen arreba, eta bost hilabetez ez dute haren berri izan. Ustez desertuko festa horien parte izan daitekeelakoan joan dira haren bila, baina ez dirudi inork ezagutzen duenik. Egun batzuk barru beste rave bat egingo dela esaten die Jadek, Mauritaniatik gertu. Militarrek festa amaitzera behartuko dituzte, larrialdi egoera dekretatuz, eta aita-semeak bigarren rave-rantz abiatuko dira, Stef, Josh, Tonin, Bigui eta Jaden atzetik.
Oliver Laxe fikziozko lehen film luzea prestatzen ari zen Marokon, Mimosas. Gau batean, bizi zen lekutik gertu zegoen lursail batean, rave bat antolatu zuten. Zinemagilearentzat, gaztea zarenean amorru handia duzu barruan, eta lekuz kanpo sentitzen zara une oro, eta dantzak energia hori eraldatzen laguntzen du, exorzismo bat balitz bezala. Laxek 80ko hamarkadaren amaieran Ingalaterratik irten ziren techno-rave kolektibo bidaiariekin konektatu nahi izan zuen. Eta lehen ideia hartatik irten zen Sirât, haren laugarren luzea. Orain bi aste amaitu den Cannesko jaialdiko Sail Ofizialean lehiatu da filma, eta epaimahaiaren saria jaso du.
Bidaia bat da zinemagile espainiarrak proposatzen duena; zerbaiten bila ari diren pertsonaiek egiten duten bidaia bat. Senide baten bila ari dira batzuk, soinu eta esperientzia berri baten bila besteak, eta, azken batean, erantzunak nahi dituzte denek. Kanporantz egiten den bidaia bat da, trantze baten antzera bizitzen dena, baina bila ari diren erantzun horiek barnean dituztela ohartuko dira pertsonaiak. Zinemagilearen hitzetan, bidaia fisiko bat da, baina baita metafisikoa ere. Beste errealitate baten parte dirudien unibertso honek, ordea, ezin die ihes egin inguruan gertatzen diren ezbeharrei, eta alboan duten gerraren berriek bozgorailu propioak izango dituzte.
'Sirât'
Zuzendaria: Oliver Laxe. Gidoilariak: Oliver Laxe, Santiago Fillol. Aktoreak: Sergi Lopez, Bruno Nuñez, Richard Bellamyun, Stefania Gadda. Argazkia: Mauro Herce.Generoa: drama. Urtea: 2025. Iraupena: 120 min. Herrialdea: Espainia. Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:
'La buena suerte'
Zuzendaria: Gracia Querejeta. Gidoilariak: Gracia Querejeta, Maria Ruiz. Eleberria: Rosa Montero. Aktoreak: Hugo Silva, Megan Montaner, Miguel Rellan, Eva Ugarte. Argazkia: Juan Carlos Gómez. Generoa: thrillerra. Urtea: 2025. Iraupena: 90 min. Herrialdea: Espainia.
Pablok herri bateko geltokian trenetik jaistea erabakiko du; trenbideen parean dagoen pisu zahar bat erosi, eta benetan den arkitekto ospetsua ez balitz bezala bizitzen hasiko da. Agian norbaitengandik ihesi dabil, beharbada bere buruarengandik. Herrian dena geldirik dagoela dirudi, Raluca izan ezik: bizitza onerako alda diezazuketen sorpresei irekita dagoen emakume baikor bat.
'Sharp Corner'
Zuzendaria: Jason Buxton. Gidoilaria: Jason Buxton. Istorioa: Russell Wangersky. Aktoreak: Ben Foster, Cobie Smulders, Gavin Drea. Argazkia: Guy Godfree. Generoa: thrillerra. Urtea: 2024. Iraupena: 110 min. Herrialdea: Kanada.
Josh, familia gizon bat, bere etxeko bihurgune itxian gertatzen den trafiko istripu bortitz baten lekuko da. Gertakariak eragin handia izango du gizonarengan, eta auto istripuetako biktimak salbatzeko obsesio bat garatuko du. Obsesio arriskutsu horrek ustekabeko mugak gainditzera eramango du, baita bere emaztearen eta semearen segurtasuna arriskuan jarriz ere.
'CUATRO PAREDES'
Zuzendaria: Ibon Cormenzana. Gidoilariak: Roger Danes, Alfred Perez Fargas, Ibon Cormenzana, Manuela Velles. Aktoreak: Sofia Otero, Manuela Velles, Roberto Alamo, Elena Irureta. Argazkia: Alejo Levis. Urtea: 2025. Iraupena: 82 min. Herrialdea: Espainia.
10 urte betetzear dela, Sofiak aita galdu du. Orain amarekin bakarrik bizi da, Juanarekin, inoiz imajinatu ez zuten errealitate bati aurre eginez: egonkortasuna eta pobrezia bereizten dituen lerro mehean orekan. Juana etsi-etsian borrokatuko da Sofia ezegonkortasunetik eta depresiotik babesteko, normaltasun itxura bat mantentzen ahaleginduz. Bitartean, Sofiak antzerkirako duen zaletasunean aurkituko du babeslekua.