Dantzari eta pasioari eman diete saria

Jose Lainez eta Concha Martinezek Vianako Printzea kultura saria jaso dute Erriberriko gazteluan, dantza garaikideari egindako ekarpenarengatik. Dantza sustatzeko beharra nabarmendu dute

Jose Lainez eta Concha Martinez, Vianako Printzea saria jasotzen. I. ZABALETA / ARP.
Iker Tubia.
Erriberri
2017ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mendez mende zutik iraun duten harrizko hormen itzalaren azpian, malkoei eutsiz hartu dute saria Erriberriko gazteluan (Nafarroa). Oholtza gainean, Jose Lainez eta Concha Martinez, dantza garaikideari egindako ekarpenagatik goratuak, eta Uxue Barkos, Nafarroako lehendakaria, Vianako Printzea kultura saria banatzeko prest. Ohorezko oroigarria jaso, eta berehala musu eman dio Lainezek Martinezi, beste bat bueltan gero Martinezek Lainezi. Eta txalo zaparrada inguruan. Emozioak dantzan hasi dira.

Mikrofonoaren aurrean paratu, eta buruan zuena azaldu du Lainezek: «Gauza batek atentzioa eman dit. Hau inguru ezin hobea da zerbait egiteko. Dantza ikusgarri bat egin dezakegula pentsatu dut». Gonbita egin die ingurukoei. «Nik erritmoa emanen dizuet nahi dudana egin dezazuen. Izan ere, pentsatuko duzue zuen kasa ari zaretela, baina emaitza nik aurretik pentsatutakoa izanen da». Jendeak arropa batzuk erantzi, eta elkarri trukatuta irudikatu du ikusgarria, pertsonalitateak aldatuta. Barkosek erantzun dio gero: «Zuen izaera trukean hartuko genuke, noski, egin duzuen lan guziarengatik eta zuen pasioarengatik».

Pasioa. Horixe izan da Barkosek behin eta berriro azpimarratu duen hitza. Lainezen eta Martinezen pasioa eta haiek taldean egindako lana nabarmendu ditu. Nafarroako kultura sari nagusia dantza alorreko norbaiti eman dioten lehenbiziko aldia izan da aurtengoa; lehenbiziko aldia, halaber, bikote profesional bati egiten diotela gorazarre. Barkosen esanetan, Nafarroako kulturan «historia» egin dute: «Dantzaren abangoardia Nafarroara ekarri, eta gure erkidegoan zein gure erkidegotik kanpo hegalak zabaldu dituzten dantzarien belaunaldi baten sorrera eragin dute».

Bizitza dantzari eskaini izana, hori ere nabarmendu du lehendakariak. Sorkuntzan, eszenaratzean eta formakuntzan, hiru alorretan egindako ekarpena funtsezkotzat hartu du Barkosek. «Aitzindariak izan zarete zuen ikuspegi artistikoarengatik, zeinaren oinarria baita gorputzak espazioarekin duen erlazio esperimentala eta probokatzailea».

Dena den, Bertha Bermudez dantzariaren hitzak izan dira hunkigarrienak, eta Lainez zer esan —edo erantsi— jakin gabe utzi dutenak. Hark ere, bi koreografoen «pasioa, lana, jakin-mina, sormena eta eskuzabaltasuna» nabarmendu ditu. Gogora ekarri du Yauzkari konpainiarekin sortutako obrek belaunaldi oso batengan eragina izan dutela, baita berean ere. «Tandem bat eta bakarra» direla uste du. «Dantza ez da tresna haiendako; haiek dira dantza, haien bizia da». Gainera, haien konpainietatik eta eskoletatik igaro direnak gogoan izan ditu, eta saria haiendako ere badela nabarmendu.

Bi koreografoen ibilbide profesionala ahotan izan du Bermudezek. 16 urterekin Amsterdamera joan zirenetik, Bartzelonako Antzerki Institutuko lana utzita Iruñera etorri zirenera arte. Pascual Aldave Pablo Sarasate kontserbatorioko orduko zuzendariaren gonbita onartu zuten, baina dantza konpainia sortzeko baldintzarekin. Anexa, Yauzkari eta Piejuntoapie konpainietako lana ere gogoratu du Bermudezek.

Dantzaren aldarria

Behingoagatik Vianako Printzea saria dantzaren munduan geldituko, eta aldarrikatzeko aprobetxatu du Lainezek. Koreografoak azaldu duenez, 57 urteren ondoren, arazo berak ditu dantzak Nafarroan. «Egoera zuzendu dezakegu». Batetik, Civivox eta bestelako areto anitz izanda, dantza zirkuitu bat sortzeko premia paratu du mahai gainean. «Dantzagarai gozoan bizi da Nafarroan. Gazteek lan egiteko aukera izateko laguntza eta bultzada eman behar zaie».

Bestetik, beken afera aipatu du. «Oso ongi dago atzerrian ikasteko bekak ematea, baina nik beti pentsatu dut hemen geratzen zirenengan. Bestelako bekak ere eman beharko lirateke, soilik kanpora joan nahi dutenek alde egin dezaten, eta ez halabeharrez». Desio bat ere plazaratu du hitzartzea bukatzeko: «Ea heldu den urtean sari hau berriz ere dantzaren alorrera datorren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.