Musika ikustea. Hori da Emmanuel Joutheren Danse Carpe Diem taldeak sortutako Écoute pour voir emanaldiaren helburua. Buruz buru daude dantzaria eta ikuslea; entzungailu pare banarekin, baina iPod berari lotuta. Eta hasten da dantza. Isiltasunean. Izan ere, ikuslea eta dantzaria dira musika entzuten duten bakarrak. Eta mugimendu horien bidez bilakatzen dute ikusezina ikusezin. Inguruan jendea, musika entzun gabe, musika ikusten. Hori da 3,2,1 Forma Eszeniko Berrien Nazioarteko Topaketan egingo diren ikuskizunetariko bat. Atzo hasi zen jaialdia, eta larunbatera arte abangoardiako dantza eta antzerkia eskainiko ditu Bilboko Alondegian.
Antzerkia eta dantza dira jaialdiaren ardatz nagusia; abangoardiako antzerki eta dantza, zehazki. Baina arkitekturari ere egin diote keinu bat antolatzaileek, eta jaialdiak iraun bitartean Plastique Fantastique taldearen eraikin puzgarri bat ere jarri dute horregatik Alondegiko atarian. Begi erraldoi baten itxura du, eta horregatik artistek hautatutako izena: Polifemoren begia. Jaialdiak iraun bitartean izango da han, zabalik.
Antzerkia, dantza eta performancearen bidegurutzean diren lanak aurkeztuko dituzte jaialdian, eta Euskal Herriko, Frantziako, Austriako, Koreako, Suitzako, Alemaniako, Italiako eta Portugalgo artistak izango dira Bilbon.
Ez da hori izango egunotan Alondegian egingo den jaialdi bakarra, halere. Paraleloan antolatu dute MOV-S topaketa ere. 3, 2, 1 jaialdiaren modura, atzo hasi zen hura ere, eta larunbatera arte iraungo du. Sortzaileak eta bitartekariak elkartu nahi ditu ekitaldiak, eta ehun pertsonak baino gehiagok eman dute izena.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.alhondigabilbao.com
Dantzariaren isiltasuna
Hasi dira 3,2,1 forma eszeniko berrien jaialdia eta MOV-S topaketa Bilbon, eta larunbatera arte iraungo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu