Danubioa urdindu, bihotza alaitu, oinak astindu

Gaur beteko dira bi mende Johann Strauss konpositorea jaio zenetik. Adituek sakon aztertu eta laudatu dute haren lana geroztik. Landa jatorriko musika gizartearen goi mailetaraino eraman izana da haren lorpen nagusietako bat.

Johann Straussen jaiotzaren urteurrenaren harira, Vienan antolatutako erakusketa bateko irudia. OLATZ CASTRILLO / EFE
Johann Straussen jaiotzaren urteurrenaren harira, Vienan antolatutako erakusketa bateko irudia. OLATZ CASTRILLO / EFE
Marta Garcia
2025eko urriaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1925eko urriaren 25ean bete ziren ehun urte Johann Strauss konpositorea jaio zenetik, eta Franz Schalkek, garaian Austriako Estatu Operako zuzendari zenak honako hau idatzi zuen Neue Freie Presse (Prentsa aske berria) egunkarian, Strauss semearen urtebetetzeaz. «Lehen mailako ospakizun nazional austriartzat har liteke eta hartu beharko litzateke; Straussen musikan Austriako dantzaren arimaren oinarrizko indarra dago, adierazpen garbi eta iraunkorraz transmititua». Ez zen, haatik, hari buruz idatzi zuen bakarra izan: 1925eko urriaren 24 eta 27 bitartean beste 116 idazki argitaratu ziren alderdi desberdinetako aldizkari eta egunkarietan. Egile anonimoek, kazetariek zein musikari lotutako profesionalek idatzitako artikuluak, anekdotak, olerkiak, satirak, fikzioak, gutunak, kronikak, bildumak eta binetak topatu daitezke argitalpen haien artean. Eta hori gutxi balitz bezala, kontzertuak, erakusketak, oroimen plaken inaugurazioak —haietako bat bere jaiotza etxea izandakoan, eta Danubio urdina idatzi zuen tokian jarritakoa bestea—, bere estatuapeko omenaldiak eta gaualdi musikalak ere izan ziren haren omenez. Zaila da irudikatzea, bada, zer gehiago esan, zer egin liteke desberdin 2025eko urriaren 25ean, haren jaiotzatik 200 urte betetzen diren honetan.

Zabala da konpositore austriarren katalogo historikoa, eta, horregatik, deigarria suertatu daiteke orokorrean Austriak eta zehazkiago Vienak Strauss semeari dioten miresmen eta maitasun berezi eta ukaezina. Haren biografo eta iruzkingile gehienek egiten dute bat Viena eta strausstarrak —familia osoa, baina batez ere Johann semea— esentzian banaezinak direla esatean. Karl Kobald da aditu horietako bat. 1925ean konpositoreari buruz argitaratutako biografian halako hitz samurren bidez adierazi zuen hiriaren eta sortzailearen arteko lotura hori: «Gaur egun ere, austriar batek, vienar batek, munduko edozein bazterretan, Straussen doinu zoragarri eta alaiak entzuten dituenean, nostalgia sakon batek hartzen du, barre eta negar egiten du, eta haren buruan Danubio ibaiaren ertzeko hiri maitearen irudi ederra agertzen da». Deigarria izan daiteke batasun hori, baina ez da harritzekoa. Izan ere, haren obrek, kasu askotan, hiriko bizitzarekiko lotura esplizitua dute, bai konposizioaren nondik norakoei, bai, zuzenean, haien izenburuari erreparatzen badiegu ere.

Vienako edozein gertakari garrantzitsu musikatzeko ohitura zuen konpositoreak. Hala sortu zituen bals inperialak (Enperadorearen balsa), printzesa bati eskainitako konposizioak (Vienako bonboiak), trenbideetan inspiratutakoak (Gozamenaren trena), eta txutxu-mutxuei (Tritsch-Tratsch-Polka) edo hiriko mugak eraitsi zituzten gizonei eskainitako polkak ere (Demolirer-Polka). Ekitaldi jakinetarako ere idazten zuen Straussek, hala nola Ingeniaritza Eskolako dantzaldirako sortu zuen Azelerazioak balsa. Udaletxerako dantzarako doinuak ere sortu zituen, eta, jakina, badaude haren bidaietan inspiratutako piezak ere. Adibidez, San Petersburgori agurra eta Limoiondoak loratzen diren tokia Italian egindako biran idatzi zituen.

Balsaren goraldia

Denera, bostehun pieza baino gehiago idatzi zituen, eta, nola edo hala, guztiek lortzen dute, aldi berean, musika arin bezain zirraragarria eskaintzea eta Vienako bizitza sozialari lotutako eszenak marraztea: maskara dantzak eta gizartean tokia hartu nahi duten gaztez betetako saloiak, triki-traka erritmoak hartuta egiten diren bidaiak, «kafe etxeetan» eguneko albisteak irakurtzen ordu luzeak ematen dituzten hiritarrak...

Johann Straussek 19 urte besterik ez zituen Dommayerren Kasinoan orkestra zuzendari gisa debuta egin zuenean, 1844an. Urte horietan, Vienako publikoa bere aitaren eta Josef Lannerren artean banatzen zen, eta haietako bakoitza bere aldetik ari zen bere orkestrarekin hiriko saloi, areto eta kafetegiak alaitzen eta mugiarazten saiatzen. Haien emanaldietan dantzarako musika propioak zein beste konpositoreen obra serioen moldaketak entzun zitezkeen, baita pot-pourri gisako piezak ere, publikoak erraz identifikatu zitzakeen melodiez osatuak. Biek ala biek hasi zuten jatorri landatarreko balsa, tradizio batzuetan oraindik ere lizuntzat hartzen zena, Vienako gizartearen bizimodu dotore eta aberatsaren sinbolo bihurtzeko bidea. Baina semea izan zen, egiaz, balsei, polkei eta galopei berezkoak zaizkien bizitasuna eta alaitasuna hiriko zirkulu gorenen erroetan txertatu zituena, baita arrakasta pertsonal itzelaz egin ere. Hori da, agian, bere erdiespen handienetarikoa: arintasuna arinkeriarik gabe aurkeztu, eta publikoari melodia gogoangarriak eskaini izana, Danubioa urdina dela sinetsarazi arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.