Dario Villalbak (Donostia, 1939) Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren eskolan egin zituen ikasketak, eta 1957an zabaldu zuen bere lehen erakusketa, Madrilgo galeria batean. Margolaria eta argazkilaria izan zen, eta bere artelanetan bi arloak uztartzen asmatu zuen 1960ko urteetan; aitzindaritzat jotzen da horretan. Gizakia muturreko egoeretan erakutsi zuen bere koadroetan, eta maiz hartu zituen mina, gaixotasuna eta heriotza bere sormen lanen gai nagusitzat.
Hainbatetan saritu zuten Villalba; 1973an, Sao Paoloko Pintura Biurtekoak nazioarteko saria eman zion, eta, 1983an, Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen, besteak beste. Haren lanak Europako eta AEBetako bilduma publiko nahiz pribatu esanguratsuenetan daude, tartean, Solomon Guggenheim bilduman, New Yorkeko Metropolitan museoarenean eta Osloko Arte Garaikidearen zentroarenean.
Euskal Herrian, Donostiako San Telmo museoan, Kubo-Kutxa aretoan, Bilboko Guggenheim museoan eta Bilbo Arte aretoan erakutsi izan dituzte Villalbaren lanak, besteak beste, baita hainbat galeriatan ere. Madrilgo Reina Sofia zentroak atzera begirako erakusketa eskaini zion 2007an.