Bizitza beteenaren promesa betikotzen duten koadroek egin zuten ezagun 1960ko hamarkada amaieran, zeru orbangabeen pean eguzkitara distira egiten zutela ziruditen Kaliforniako igerileku eta gizonezko ederren irudiekin, eta pop artearen izen nagusietakotzat aipatzen dute adituek halakoengatik. Ia zazpi hamarkadako ibilbidea egin du geroztik, ordea, eta, igerilekuez gainera, ezagun dira haren sorterriko basoei eskainitako paisaiak, bere inguruko lagunei egindako erretratuak eta teknika berriekin esperimentatuz sortutako artelanak ere. Haren margolanek memorian diren bezala iltzatuta geratzeko duten gaitasuna nabarmendu izan dio Julian Barnes idazleak; haren hitzetan, urteekin haiek berriz ikusiz gero, lehen aldian ikusitako berbera ikusten baitu bisitariak. Publiko orokorrak ez ezik, arte merkatuak ere bereziki balioetsi izan ditu haren lanak, eta, haren gertukoek jakinarazi dutenez, XX. mende osoa zeharkatuta ere, ia-ia azken egunetaraino aritu da margotzen. 88 urterekin hil da David Hockney (Bradford, Ingalaterra, 1937 - Londres, 2026).
Londresen egin zituen arte ikasketak, eta, abstrakzioa ere landu zuen arren, figurazioaren alde egin zuen hasieratik. Irakasleen arreta ere hasieratik erakarri zuen. Bai trebetasunagatik, bai eta haren jarrera inkonformistagatik ere. Uko egin zion emakumezko modelo biluzi bat margotzeari, esaterako, eta aldizkari batetik hartutako gizon baten margolana aurkeztu zuen haren ordez. Eta ezetz esan zion artelanekin batera aurkeztu beharreko idazkia aurkezteari ere, haren artea baloratzeko artelanak nahikoa zirela iritzita. Legez, 1967ra arte, Erresuma Batuan homosexualitatea delitutzat jotzen bazen ere, artistak ez zuen neke handirik hartu bere homosexualitatea ezkutatzeko.

«Inork ez zuen mundu garaikidearen itxura eta sentimendua hark bezainbesteko onarpenez irudikatu». Jonathan Jones arte kritikariak esaldi horrekin laburbildu du artistaren ekarpena, artistaren heriotza jakin berritan, The Guardian egunkarirako idatzitako artikuluan. «Ikasle zela egin zituen margolanek bizitza modernoa onartzen dute, baina ez ikuspegi ironiko edo ideologiko bategatik, baizik eta huraxe zelako bere bizitza: lanparak direla, dantzaldiak direla edo dutxak direla, zergatik ez zuen bere belaunaldiak zuen bizimodua irudikatuko?».
Kontsumo produktuei eskainitako margolanak sortu zituen 1960ko lehen hamarkadetan. Sasoi hartakoak dira Alka-Seltzer botikaren kutxatxo bat irudikatzen duen margolana eta te poltsatxoei eskainitako margolan sorta ere. 1963an Kaliforniara (AEB) joan zenean, eraldatu egin zen artea ulertzeko haren modua. Bizitzaren ikuspegi hedonista nabarmentzen zuten haren orduko lanek. Maiz argazkigintza baliatu zuen irudi horiek sortzeko inspirazio iturritzat. Gay aldizkarietako argazkiak baliatu zituen, adibidez, 1964an, Boy About to Take a Shower margolana sortzeko. Eta sasoi hartakoak dira haren lanik ikonikoenetako batzuk ere.
A Big Splash da haren lanik ezagunenetako bat. Zeru ezin garbiago baten pean, igerileku bat erakusten du. Norbaitek jauzi egin berri du uretara, eta sortu dituen zipriztinak baino ez dira ikusten irudian; bide batez, ikusleari, nolabait, margolanera jauzi egiteko proposamena ere eginez. 1967an margotu zuen artistak, eta Tate Modern museoaren webgunean gehien bisitatzen den irudietako bat da. Esperimentazio teknikorako joera ere bazuen. Eta fotokopiagailuak, fax makinak, inprimagailuak eta, are, iPadak ere baliatuta sortutako hamaika artelanak dira horren froga.

«Sekula ez nintzen gehiegi ibili festetan», azaldu zuen 2022an eskainitako elkarrizketa batean. «Ez zitzaidan inporta jendeak hori pentsatzea, baina langilea naiz. Artista batek ontzat eman dezake hedonismoa, baina ezingo da sekula hedonista bat izan». Beti lanean aritu izan dela ere esaten zuen elkarrizketa hartan, eta, atzera begiratuta, horrela gogoratzen zituela bere egunik hedonistenak ere. Margotzen. Lanean. 2005ean itzuli zen Kaliforniatik Ingalaterrara, eta Suedian ere bizi izan zen hainbat urtez. Heriotzak, edonola ere, Londresen harrapatu du.
Ofizioaren defentsa
Euskal Herrian hainbatetan izan dira haren lanak ikusgai. Bilboko Arte Ederren Museoak, esaterako, haren hamabi marrazki ditu bere bilduman, eta orain haren paisaia bat ere badago ikusgai Iberdrola bildumako lanei eskainitako erakusketan. Edonola ere, Bilboko Guggenheim museoa izan da Hockneyren lana zabalen aurkeztu duena: bi erakusketa zabal eskaini dizkio. Kalifornia utzita, eta jadanik edadetuta, haren sorterri izandako Yorkshireko basoetako paisaiak biltzen zituen bilduma jarri zuen ikusgai 2012an, lehenik; eta bere erretratugintza erakusten zuen erakusketa bat ere zabaldu zuen 2017an —Bilbon bertan izan zen artista hura aurkezten—.
Polemika sonatua izan zuen artistak Bilbon ikusgai egon zen lehen erakusketa horren harira. Euskal Herrian egon aurretik, Londresen ere jarri zuten ikusgai, eta, bertan, ohar txiki bat gehitu zion artistak bildumari. Han ikus zitezkeen lan guztiak artistak berak bere eskuz egin zituela zehazten zuen testu labur hark. Eta ez zen arantzarik gabeko aipamena. Sortzaileak berak onartu zuenez, Damian Hirst artista buruan zerabilen hori idaztean, eta hari zuzendutako gezi bat zen testu labur hura. Tate Modern museoan bere lehen atzera begirakoa zabaldu berri zuen orduan Hirstek, eta diamantez eta metal preziatuz osatutako garezurra zen erakusketa hartako haren pieza nagusia. Hockneyk itsustu zionez, ordea, Hirstek ez zuen inolako esku hartzerik izan artelan horiek sortzeko orduan, eta, horregatik, «artisauei egindako irain bat» iruditzen zitzaiola adierazi zuen irratian. «Arte eskolan ofizioa ikasi egin zitekeela irakatsi ohi nuen; poesia da irakatsi ezin dena. Baina orain poesia irakasten saiatzen dira, eta ez ofizioa».
