Veneziako 69. Zinemaldia abuztuaren 29tik irailaren 8ra egingo da, eta antolatzaileek jakinarazi dute zein film lehiatuko diren sail ofizialean, Urrezko Lehoia irabazteko ahaleginean. Hamazazpi dira guztira, eta tartean daude Terrence Malick zuzendariaren To The Wonder eta Brian de Palmaren Passion.
Malickek Cannesko Zinemaldiko Urrezko Palma irabazi zuen iaz The Tree of Life-rekin. Sean Penn eta Brad Pitt elkartu zituen film hartarako. Orain ere aktore ezagunak batu ditu bere inguruan. Ben Affleck, Javier Bardem, Rachel Weisz... Ezkonduta zegoen gizon batek bere jaioterriko emakume batekin berreskuratutako harremana kontatzen du filmak. De Palmaren lana, berriz, Un crime d'amour (2010) Frantziako filmaren egokitzapen pertsonala da. Exekutibo gazte batek prestaturiko mendeku hilgarri baten bueltan garatzen da filma. Beste hamabost filmeen artean nabarmentzekoak dira, esaterako, Kim Ki-duk korearraren Pieta, eta Takeshi Kitano japoniarraren Outrage: Beyond.
Sail ofizialetik kanpo, Spike Leeren Bad 25 dokumentala aurkeztuko dute, adibidez, eta Manuel de Oliveiraren O Gebo e a Sombra emango dute.
De Palma eta Malicken filmak, Veneziako zinema jaialdian
Abuztuaren 29tik irailaren 8ra egingo da, eta jakinarazi dute zeintzuk lehiatuko diren Urrezko Lehoia lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu