Joan den urteko Donostiako Zinemaldiaren palmares ofizialean protagonista erabatekoa izan zen Dea Kulumbegaxvili zinemagile georgiarra. Hark zuzendutako lehenengo filmak (Dasatskisi / Beginning) Urrezko Maskorra eskuratu zuen, baina baita zuzendaririk onenari dagokion Zilarrezko Maskorra eta gidoirik onenaren saria ere. Urtebete geroago, Kulumbegaxvili zinemaldira itzuliko da, baina, oraingo honetan, Sail Ofizialaren epaimahaiburu gisa. Harekin batera, Maite Alberdi zuzendari eta gidoilari txiletarrak, Audrey Diwan zuzendari eta gidoilari libanoarrak, Susi Sanchez aktore espainiarrak eta Ted Hope ekoizle estatubatuarrak osatuko dute epaimahai ofiziala.
Gainerako epaimahaiak nola osatuta egongo diren ere jakinarazi dute, gaur Jose Luis Rebordinos zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez Anuzita komunikazio arduradunak, Tabakaleran egindako aurkezpenean.
Zinemira euskal zinemaren saileko epaimahaiburua Aitor Arregi zuzendari eta gidoigilea izango da, eta, harekin batera, Arantzazu Calleja konpositorea eta Edurne Portela idazlea arduratuko dira erabakitzeaz Irizar saria norentzat den.
Zuzendari Berriak saileko epaimahaia Mary Burke ekoizle eta British Film Institute erakundeko ekoizpen eta garapeneko arduradunak (epaimahaiburua izango da), Irene Escolar aktore espainiarrak eta Suzanne Lindon zuzendari eta gidoigile frantziarrak osatuko dute.
Horizontes saria emateko ardura izango dute Maria Zamora ekoizle espainiarrak (burua), Lila Aviles zuzendari eta aktore mexikarrak eta Luciano Monteagudo zinema kritikari argentinarrak.
Sergio Oksman zinemagile brasildarrak (epaimahaiburua), Miriam Heard gidoigile eta aktore galestarrak eta Elena Lopez Riera zuzendari katalanak osatuko dute Zabaltegi-Tabakalera sariko epaimahaia.
Nest saria Isabel Peña gidoigile espainiarrak, Jorge Cantos zuzendari espainiarrak, David Pinheiro zuzendari portugaldarrak eta Elsa Rosengren zuzendari alemaniarrak emango dute.
Azkenik, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko saria Eva Morsch Tolosako (Okzitania) Arcalt-Cinelatino Rencontres jaialdiaren koordinatzaileak, Paloma Bienzobas zinema programatzaile eta kritikariak eta Marisa Fernandez Armenteros ekoizleak erabakiko dute.
Aktore eta zuzendariak
Gaurko aurkezpena baliatu dute Donostiako Zinemaldiaren arduradunek jaialdira etorriko diren hainbat aktore eta zuzendariren izenak emateko. Lehenengoei dagokienez, besteak beste, honako hauek aipatu dituzte: Javier Bardem (El buen patrón, Sail Ofiziala), Jessica Chastain (The Eyes of Tammy Faye, Sail Ofiziala), Penwlope Cruz (Competencia Oficial, Perlak), Emmanuelle Devos (Vous ne désirez que moi, Sail Ofiziala), Dolores Fonzi eta Maria Valverde (Distancia de rescate, Sail Ofiziala), Charlotte Gainsbourg (Jane by Charlotte, Perlak), Louis Garrel (La Croisade, Perlak), Vincent Lindon (Undercover –Sail Ofiziala– eta Titane –Perlak–), Noemie Merlant (Mi iubita, mon amour, Zabaltegi-Tabakalera), Clarke Peters eta Stanley Tucci (La Fortuna, Sail Ofiziala).
Era berean, hainbat zuzendari ere Donostiara etorriko dira euren filmak aurkeztera, hala nola Laurent Cantet (Arthur Rambo), Lucile Hadzihalilovic (Earwig) eta Claire Simon (Vous ne désirez que moi) Sail Ofizialeko zinemagileak. Perlak sailean hautatutako filmei dagokienez, honako hauek izango dira Donostian: Julia Ducournau (Titane) Cannesko Urrezko Palmaren irabazlea; Todd Haynes (The Velvet Underground); Virginie Efira aktorea —Benedetta filmaren ordezkari gisa—; Louis Garrel eta Joseph Engel La Croisade filmarekin; Xavier Giannoli zuzendaria eta Benjamin Voisin aktorea (Les illusions perdues); Les Intranquilles / The Restless filmeko errealizadorea, Joachim Lafosse (Zilarrezko Maskorra 2015ean), Damien Bonnard eta Leila Bekhti bikote protagonistarekin etorriko da, eta, azkenik, Celine Sciammak, Petite Maman aurkezteaz gain, master eskola magistral bat eskainiko du Nesten.