Aritz Galarraga.
Klasiko gisakoak

Deabruzki unibertsala

2026ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badakit kultura, horrela, oro har, baina zehatzago ikus-entzunezkoak (film, serieak), edota musika bera, Amerikako Estatu Batuetatik heldu zaigula masiboki, eta ia esklusiboki (literatura, zorionez, gutxixeago). Pixka batean Joseba Sarrionandiak esan zuen hura, kultur eremura ekarrita: «Europa, gaur egunean, estatubatuarra da». Eta horrexegatik hain justu zentzuduna iruditzen zait Carlota Gurt idazle katalanak aitortutakoa, hots, kultura estatubatuar gutxiago kontsumitzeko zina egin duela. Baina gero begiratzen diozu apalategiari, agertzen zaizu Flannery O’Connor, hartzen dituzu haren ipuinak, eta aparkatzen duzu gerorako asmo antiinperialista oro.

Ezen, O’Connor, baiki, ezin estatubatuarragoa da, estatubatuar estereotipo batekoa, behintzat, goazen klixean murgiltzera: espazio handiak, etxaldeak, arraza aurreiritziak; lasto ziria, kakahuete gurina, giro lodia; eta oroz gain, karga erlijioso handi bat. Estetika erabat hegoaldetarra. Jende latz, landajende, orotariko jendilajea, ipuinotatik dabilen pertsonaia zerrenda da amaiezina, eta ezin bereziagoa, pertsonaia errari, okertu, makurren katalogo konpletoa. Ez bereziki pertsonaia gaizto, ez derrigorrez pertsonaia on; gaiztakeriaren bat egin duten pertsona onak aurki ditzakegu, edo ontasun izpi bat agertzen duten pertsona gaiztoak. On izateak ez die errukia segurtatzen, gaizkia motiborik, merezi gabe paira dezakete, edo, kontrara, inolako zigorrik jaso ez txarki jokatuta ere. Irakurleari uzten dio idazleak azken judizioa; ez du berak determinatzen, ez du bere kredoa inposatzen.

Azken ipuina, gogoangarria, eleberri labur bat ia, MAGA mugimenduaren eskuliburu bat izan liteke, esaldi honetan laburbil daitekeena: «Aberriaren alde zerbait egin duen jendearekiko daukat nik obligazioa»

Patroi batzuk errepikatzen dira, alabaina, ipuinotan zehar: aitona-biloba, ama-alaba, emakumeen arteko harremanak orobat, maitasun harreman direnak, baina harreman gatazkatsu ere bai. Gatazkarik gabe ez legoke narraziorik, noski. Ez gutxi abiatzen dira, edo gutxienez lehertzen, bidegurutzeak norabide bat hartzen duenean, balantzak alde batera egiten duenean; eta sarri izaten da ezezagun baten ezusteko etorrera, agerpenarekin, hortxe askatzen da korapiloa, trenkatzen, horixe da elementu disruptiboa. Izan daiteke serie hiltzaile, noski, baina, disimulatuago, izan daiteke Biblia saltzaile, predikatzaile, are langile soil edo mukizu bat. Inkontru horiek eztandaraziko dute giza mozolokeria, egoismoa, biolentzia, munstrokeria, giza horrore oro, gizakia bere osotasunean irudikatzeko gaitasuna baitute ipuinok, eta kriminal potentzial bat dela erakusten (beti bukatzen dira ezongi, abandonu, sute, sarri heriotza batekin).

Noski, ez da O’Connor iruditeria hau guztiau landu duen bakarra. Estatu Batuetako hegoaldea aipatu dugu, eta William Faulkner, Carson McCullers, Truman Capote datozkigu burura, eskola literario bat bainoago, nazio literario bat ia. Porrot batetik sortutakoa, porrot militarra eta morala, Sezesio Gerra galdu baitzuten, Gerra Zibila, esklabotza iraungitze bidean jarri zuena, baina era berean, eta batez ere, mundu ikuskera oso bat. Porrot hori gabe, segur aski, ez zen existituko loraldi literario hau ere. Dena delakoarekin, porrotez beterik dago O’Connorren literatura, esperantzarik gabekoa da, baikortasunari tarterik uzten ez diona, iluna, itxia, bortitza; eta, aldi berean, eta paradoxikoki, poz, atsegin, bizigarria, zer esanik ez dibertigarria. 

(ID_17425582650035) Flannery O\'Connor idazlearen argazki bat ANDALUSIA izeneko lande
Flannery O'Connor idazlearen argazki bat.

Eta umorearekin batera, oraingo irakurlearekin konektatzen duen beste faktore bat da ipuinen umorea, hau da, aldarte orokorra, halako esaldi, ideia, jarrera sorta bat, gure garaiko zeitgeist-a bikain jasotzen duena: «Inork ez du pentsatzen, gaurko egunean», edo «gaurko egunean munduari gertatzen zaiona dela inori ez zaiola deus inporta». Eta erruduna beti da, noski, bestea, maingua, negroa, deserritua, maiz europarra (hate pilo bat botatzen zaio Europari, psikoanalista batek aztertzeko modukoa: «misterioz eta gaiztakeriaz betea, deabruaren esperimentu gunea»). Azken ipuina, gogoangarria, eleberri labur bat ia, MAGA mugimenduaren eskuliburu bat izan liteke, esaldi honetan laburbil daitekeena: «Aberriaren alde zerbait egin duen jendearekiko daukat nik obligazioa». Mundua gero eta ergelagoa izango zela uste zuen O’Connorrek, kontu inondik ere gogaikarria, salbu eta idazleentzat, gero eta gauza gehiago izango luketelako kontatzeko (gauza horiek irakurriko dituen inor izango ote duten, horra zalantza).

Berrogei urteak bete aurretik hil zen, lupusak jota (zorigaitzaren iturri, baina idazketaren akuilu), bi eleberri eta bi ipuin liburu (hogeita hamar bat narrazio guztira) idatzi ondotik, Amerikako Estatu Batuetako idazle handienen artean kokatu duen obra laburra, segur aski narrazio laburrekin goia jo duena. Eskas bizi izan zen, gaixotasunak hertsia, baina haren hitzetan «haurtzaroa gainditu duen edonork badu aski esperientzia obra literario oso bat elikatzeko». Etxean bezala sentiarazten zaituzten ipuinak dira azkenerako, oso estatubatuar eta, aldi berean, oso gertuko, oso ezagun, eta ez bakarrik Europa estatubatuarra delako. Izango da giza arima gutxi-asko unibertsala delako baizik, han eta hemen, deabruzki unibertsala. 

'EZ DA ERRAZA GIZON ON BAT AURKITZEA'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA