Agur esateko ordua iritsi zaio Delirium Tremens taldeari. Ia lau urte iraun duen itzulera honetan, bi disko argitaratu ditu taldeak, eta azken emanaldia Bilbon egitea erabaki du. Orokorrean, hunkigarria izan zen larunbateko agurra: zenbat ereserki, kantu sorta sarkor eta emozio biz izan ziren Santana 27 aretoan... Bertaratutakoek betirako oroitzeko modukoa izan zen, hala sinbolismoarengatik nola garrantzi historikoagatik. Baina, horren aurretik, ezin ahaztu hasierako taldea: Jan.
Talde hori sortu berria da, eta oraindik ez dute kanturik argitaratu; beraz, erronka nahiko zaila zeukaten esku artean. Zorionez, beteranoz beteta dago taldea, eta aurrera atera zuten lana, zailtasunak zailtasun. Zarama taldeko Roberto Moso eta Tontxu gitarra jolea, Jorge Murillo (baxua) eta Alfredo Carames (bateria) dira lau partaideak. Rock-and-roll gordina egiten dute: oinarrizko eskemen balioa frogatu, eta potentzialitate handiko kantu sorta bat jo zuten. Zoritxarrez, soinua ez zen egokiena izan: ahotsak ez ziren ondo entzuten, baxua oso gutxi, eta atabalen platerak eta tinbalak ez ziren ia nabaritzen; soilik bonboak eta kaxak zeukaten behar bezalako soinua.Â
Gitarra bai, indar betean entzun zen. Gainera, Tontxuren soloak benetan hiltzaileak izan ziren, bai teknikoki bai sentimenduei dagokienez. Egia da Mosok lortu zuela lekua hartzea, bere tonu altu eta indartsuari esker; izan ere, benetan harritzekoa da haren ahotsa gaur egun ere. Kantu batzuen tituluak ezagutarazi zituzten: Emaidazu une bat eta Otsoak ehizan, esate baterako. Abesti berri horiek guztiak erabat eraikita daude jada; beraz, laster argitaratuko dituzte. Zaramaren bertsio pare batekin jo zuten goia, hori bai. Goazen borrokara —hori da hori ahotsa, Roberto!— eta Bihotzak sutan pizgarriak izan ziren guztiz. Egin zituzten bi bisetan, kantu berriei egin zieten lekua berriz ere. Behetik gora egin zuen kontzertuak: tentsioa handituz joan zen, eta amaiera indartsua izan zen.Â
Lagunez inguratuta
Eta hogei minutuko itxaronaldi motz baten ondoren taularatu zen Delirium Tremens: Andoni Basterretxea (ahotsa, gitarra) eta Juan Iurrita (atabalak) jatorrizko partaideak alde batetik, eta Mikel Kazalis (baxua) eta Haritz Harregi (gitarra) azken fitxaketak bestetik. Santana aretoa ez zen guztiz bete, eta, nahiago izanik ere betetzea, eskertzekoa izan zen mugitzeko lekua egotea ere. Kantu berriekin hasi ziren (Dirudidu eta Saihesten), eta, horrek bidea erraztu ez zien arren, azken diskoko bost kanta jo zituzten, ausart. Ihes etorri zen gero, bukatu bezain pronto Galduta nabil-ekin elkartu zuten, eta segidan etorri ziren kanturik zaharrenetako bi: Ezin leike eta Batzuetan mitikoek hainbat ikusle dantzarazi zituzten. Segidan Zaramako Roberto Moso eta Tontxu igo ziren, beren taldearen Gasteizko gaua jotzera. Hunkigarria izan zen hori ere, eta kantu horrek zer zailtasun duen ikusita, Mosok meritu handia izan zuen.

Dalila abesti berria eta aurreko diskotik jo duten bakarra (Aio) etorri ziren gero, eta, segidan, Mikel Laboaren Baztan-en bertsioa —1990ean atera zuten, Laboaren omenezko Txerokee diskoan— , baina kontzertuak ez zuen goia joa. Jotakie taldeko Elortxa oholtzara igo zenean, aparteko giroa jarri zuten haren taldeko Kriston burrundaie lehergarriarekin. Abiadura, indarra, arriskua... Gaueko onenetako bat izan zen, dudarik gabe. Sua kantuak, hau da, azken diskoan berriro grabatu dituzten bi abestietako batek —bestea  Batzuetan da, gorago aipatutakoa—, eta Ta Nora?-k kontraste interesgarria egin zuten, eta, kontzertuaren bigarren erdian sartuta, Noizean behin pizgarria izan zen, nahiz eta momentu gorenak gonbidatuak taularatu zirenean izan ziren. Soinua ona izan zen, eta interpretazioa —kontzertu osoa aintzat hartuta— teknikoki oso ona.
Jotakie taldeko Elortxa oholtzara igo zenean, aparteko giroa jarri zuten haren taldeko 'Kriston burrundaie' lehergarriarekin. Abiadura, indarra, arriskua... Gaueko onenetako bat izan zen, dudarik gabe
Nahia abestia izan zen Zarrapo taldearekin argitaratu zuten disko hartatik jo zituzten lauretako bat; zaharrenetakoa, beraz. Gauzak horrela, Zea Mayseko Aiora Renteriarekin egin zuten Kafe usain hura beste gailur bat izan zen, bai ikusleen erantzunagatik bai Renteriaren ahotsagatik. Basterretxearen grabeek kontraste benetan ederra egin zuten Renteriaren tonu altuekin. Publikoa olatuaren aparretan zegoela, Kaixo arrakasta erabatekoa izan zen, ikusleak gero eta alaiago, animatuago... eta hitzak osorik kantatu zituzten. Baldin Bada-ko Katu bere taldearen izena daukan abestia (Baldin bada) abestera eta gitarra jotzera igo zenean, zalaparta eta zoriontasuna apartekoak izan ziren lehen lerroetako eta erdialdeko ikusleetan. Hain zuzen ere, Jotakieko Elortxak kantatutako Kriston burrundaie eta Baldin bada izan ziren, ziur asko, gaueko punturik beroenak. Haritz Harregi oso parte hartzaile egon zen emanaldi osoan, eta Mikel Kazalis, berriz, bere lekuan: baxuari egurra eman zion, eta hori gutxi balitz bezala, koruak ere egin zituen, Harregirekin batera. Kaixo kantua Iñigo Muguruzari eskaini zion Kazalisek, eta sobran nabaritu zen emanaldiari eta azken diskoari eman dien ukitu heavya. Aparta.

Ikusi eta ikasi diskoa ia osorik jo zuten, ohi bezala. Orain, azken txanpa honetan, disko hartako bost jo zituzten jarraian, bertaratutakoen gozamenerako. Delirium Tremens izeneko instrumental mitikoa gaueko bihozkadarik gogorrena izan zen. Energia izugarri horri Ikusi eta ikasi-k ere eutsi zion, eta horrelaxe erretiratu ziren, nahiz eta laster berriz taularatu: Ni naiz naizena, Laino ilunak eta Boga Boga-k eman zioten amaiera kontzertuari. Ikusleek jarrera bereziki sutsua izan zuten kantuotan. Azken txanpa ondo kalkulatua eta neurtua egon zen, hain zuzen ere efektu hori lortzeko egin baitzuten.
Agur esan ziguten, hunkituta, baina beste sorpresa bat ere bazegoen, nonbait taldekideei abisatu gabe prestatutakoa: soinuarekin Hiru aeroplano jo zuten, kontzertuan taularatu ziren musikari gonbidatu guztien ahotsak lagunduta, Delirium Tremensekoenak barne, noski.
Delirium Tremensek ibilbide oso luzea egin ez zuen arren, euskal eszenan arrasto handia utzi zuen, eta utzi du orain ere, 2025eko azaroan.