Adarretatik ibiltzen da tarteka, baina Javier Gonzalez de Duranak (Bilbo, 1951) diskurtso aberatsa dauka. Normala da. Hezkuntza akademiko oparoa du letren alorrean, eta, gainera, Balentziaga museoko ardura hartu aurretik, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea izan zen, eta Bilboko Rekalde aretoa eta Gasteizko Artium museoa zuzendu zituen, besteak beste. Ez da hankak airean ibili zalea, eta ez du konbentzitzen, adibidez, museoan egin nahi zuten formakuntza eskolak. «Museo bat berez da formakuntza eskola bat». Argitu nahi izan du, aldi berean, Balentziagaren 1.300 pieza dituztela, baina horietatik «300 eta gutxi» baino ez direla jantziak. «Halere, astero hiruzpalau soineko ematen dizkigute». Bestalde, eraikinaren aretoetan, aldaketa batzuk egin nahi ditu.
Balentziaga museoak urtebete egin du. Zein da 12 hilabete hauetaz egiten duzun balorazio orokorra?
Orain 15 bat urte, museoa egitea erabaki zenean, iruditzen zitzaidan apustu arriskutsua zela. Arriskutsua, modari buruzko erakusketek, museoek, ez zutelako orduan oraingo posizioa. Gaur egun edozein museok modu normal batean egiten ditu modari buruzko erakusketak. Izan ere, urte askoan existitu den aurreiritzi bat desagerrazi dute. Esaten zen moda zela bigarren mailako artea edota arte txikia, eta ezin zuela lehiatu pintura edo eskulturarekin, besteak beste. XIX. mendeko arte historialarien aurreiritzia zen, baina azkeneko 10-15 urtetan desegin egin da. Oso-oso arraroa zen modari buruzko erakusketak egitea 1990eko hamarkadaren erdialdea arte.
Zertan nabaritzen da aldaketa?
Egun, edozein museok jartzen du margolan bat jantzi baten ondoan inolako aurreiritzi, konplexu edo kezkarik gabe, baldin eta bien artean nolabaiteko harremana baldin badago.
Moda gizartean nahiko normalizatuta dago egun.
Begira, igandeetako gehigarriek orrialde asko eskaintzen dizkiote orain modari. Londresko Victoriam and Albert museoak, esaterako, modari buruzko erakusketak egiten ditu. Mundu guztiak egiten ditu. Alde batetik, badago modaren mundua gehiago ezagutzeko eskaera soziala, desira —nahiz eta askotan famatuen azaleko giro horretan, aparrean, glamour-ean soilik geratu—... Jendeak jakin nahi du zein den modaren errealitatea, nola dauden eginda jantziak, eta jakin nahi du, aldi berean, zeintzuk diren pizgarri sozialak, ekonomikoak, psikologikoak, antropologikoak, janzten garen bezala janzteko. Beste aldetik, mitoaren desegitea dago. Beraz, museoak ateak ireki zituen eskaera sozial hori puri-purian dagoenean, eta mito historiografiko hori desegin denean. Hortaz, une egokienean ireki genituen ateak. Museo hau haurtxo bat da oraindik... Baina urtebetean 100.000 bisitari baino gehiago edukiko ditu, eta behin museotik irtenda, galdetzen zaie, inkestak egin izan ditugu, eta esaten dizute merezi izan duela. Etorri aurretik zituen espektatibak gaindituta alde egiten du jendeak museotik. Jendea harrituta geratzen da kalitatearekin, kantitatearekin eta, noski, markoarekin.
Eta inkestei erreparatuta, zeintzuk izaten dira jendeak museoari etortzeko edukitzen dituen arrazoiak?
Izenak erakartzen du jendea, batez ere. Izena marka bat da, baina balio jakin batzuei lotutakoa. Eta balioa horiek dira kalitatea, bikaintasuna, sormena, berrikuntza, eta jantziei ematen dien akabera.
Bisitariak, hortaz, jantziak nola eginda zeuden ikusteko irrikaz etortzen dira.
Bai, asko bai. Jada adin bat daukaten emakumeek osatzen dute gure bisitarien multzo nagusia, eta multzo horretako kideek badakite josten, badakite zer den joskintza...
Adin bateko emakumeak aipatu dituzu. Zein da bisitarien gutxi gorabeherako profila?
Emakumeena da multzo nagusia. Gizonezkoen multzoa erakarri beharra daukagu... Gizonezko askok pentsatzen dute hau dela panpinentzako museoa, edo emakumezkoentzakoa, eta joskuntzak ez daukala zerikusirik haiekin. Negargarria da... Joskuntza ere sormen lan bat da. Erakusketa aretoetan ez ditu jantzitako gorpuak ikusten, jantziak baizik. Sorkuntza ekintza bat da. Jada ez dago emakumezkorik; jantziak emakumezkoentzako egin ziren, baina jada ez duzu emakumezkorik ikusiko, sormen ekintza soila baizik. Koloreak, formak, diseinuak, lantze bat... Jantziari erreparatuko diozu, beste edozein artelani bezala. Jendea ez da denbora-pasa etortzen.
Nongoak dira, normalean, bisitariak?
Geografikoki, normala den bezala, %55a baino gehiago Euskal Herrikoak. %12-13a frantziarrak, %8-9a espainiarrak eta kataluniarrak, eta gainontzekoak toki guztietatik etorritakoak. Adinari dagokionez? Une honetan museoan daukagun jendeari erreparatzen baldin badiozu ikusiko duzu gehienak emakumeak direla, eta 50-60 urtekoak. Halere, bada beste multzo bat jende gazteak osatzen duena, eta saiatu behar dugu hori handitzen. Sortzaileak dira. Argazkilariak, diseinatzaileak, artistak, arte ederretako jendea... Balentziaga kidetzat daukate multzo horretakoek. Multzo hori oso interesgarria da. Gizonezkoena, berriz... Begira, hori gizonezko gehienok barruan daramagun aurreiritzi kultural bat da. Gizartean eta etxean irakatsi digute ekintza batzuk emakumezkoentzako bakarrik direla. Jada ez dugu hori sinesten, baina pertsona batzuengan iltzatuta geratu da ideia hori.
Zuen harribitxia erakusketa iraunkorra da. Orain bi aste aldatu zenuten museoa ireki zenetik egondakoa, eta orain beste 70 jantzi jarri dituzue ikusgai. Zein da bi erakusketen arteko aldea?
Aldea oso txikia da. Jantziak beste batzuk dira, baina beste guztia iguala da. Esan dezakegu erakusketa bera dela, baina bi kapitulutan banatu dugula, eta diskurtso eta oinarri kontzeptual bera dutela bi kapituluek. Areto batean, Balentziagak 1937an Parisera alde egin aurretik osatu zituen lanak ikus daitezke. 25 urteko lana. Eta areto horrek berezitasun bat ematen dio museoari, beste inon ez baitaude ikusgai 1937 baino lehenago Balentziagak egin zituen piezak. Beste aretoei dagokienez, eguneko jantziak hartzen ditu batek, gauekoak beste batek, cocktail-ekoena ere badago, ezkontzetarako jantziena, eta azkenekoan, berriz, jantziak nola egin ziren erakusten da monitore batzuetan, piezaz pieza.
Bildumako jantziak zaharrak dira, delikatuak. Zaintzerako orduan zein berezitasun dituzte jantzi horiek?
Delikatuak dira piezak, baina ez zaharrak direlako, material jakin batzuekin eginda daudelako baizik. Zeta, brokatuak, gazak... Material hori oso hauskorra da, zaurgarria... Jantzien zatiak, gainera, hariarekin lotuta daude... Pentsa! Eskultura bat, soldatuta baldin badago ere, askoz ere sendoagoa da [barrez]. Azken finean, soldadura bat joskura bat ere bada. Hori bai, ez dago haria baino gauza hauskorragorik. Baina etorkizunean ere ondasun honi gaur ikusten dugun baldintzetan mantendu nahi baldin badugu, mimo handiz zaindu beharko dugu.
Non gordetzen dituzue? Zer nolako zaintza behar dute?
Hemen behean daukagun biltegi batean. Zaintza berezia behar dute jantziek, bai. Esaterako, jantziak ezin ditugu manikietan zintzilikatu, grabitatearen pisua bera tentsio bat eragiten ari delako. Beraz, etzanda jarri behar dira, eta gainean pisu batzuk jartzen zaizkie, zaku txikitxo batzuk, kaxa barruan ez daitezen mugitu. Tenperatura berean, hezetasun puntu berean, eta argitasunik gabe mantendu behar dira, baina publikoaren aurrean erakusgai egon den denboraren laukoitza. Horrek presio handia sartzen dio bildumari. Ze, pentsa, hurrengo hiruzpalau urtetan ezingo ditugu erakutsi.
Zenbat areto gehiago dauzka museoak?
Erakusketa iraunkorrerako sei dauzkagu hemen, eraikin nagusian. Gero, Aldamar Jauregian, bi areto ditugu, txiki samarrak, behin-behineko erakusketarako. Hasieran esan zen museoak Balentziagaren figuran zentratu beharko zuela esklusiboko, baina uste dut hori kaltegarria dela. Ideia hori zeukan hasieran fundazioak, baina konbentzitu ditut ezetz, ez duela horrela izan behar. Balentziaga ezagutu behar da, eta baloratu beharko dugu bere garaikideekin egiten zutenarekin konparatuta.
Zer bilatzen duzue antolatzen dituzuen ekintza paraleloekin. Kontzertuak, jardunaldiak, tailerrak, zinema emanaldiak...
Modari buruzko ezagutza eremua handitzea. Lehen urte honetan antolatutako ekintza guzti hauekin adierazi nahi diogu inguruko gizarteari zeintzuk diren gure interesaren mugak. Baina gure interesaren muga bizitza bera da. Den-dena lotzen da janzkerarekin.
Zaila al da ideia horiek gizarteratzea?
Ez gaituzte arbuiatu, baina egia da ekintza horietan ez ditugula bezero gehiegi eduki. Lehen urte honetan ikasten ari gara. Jakin behar dugu zer egin nahi dugun, noiz, eta norentzako.
Eta egoera ekonomikoak zein egoeretan eragingo dio museoari?
Egoera ekonomikoa ez da erraza, baina instituzioak ondo erantzuten ari dira; ziurrenik, bisitariak etortzen ari direla ikusten ari direlako. Gainera, badakite lehen bi urteetan gasolina sartu behar zaiola deposituari, martxan jarri dadin. Gero, agian, ekarpenen kopurua txikituko da... Baina diru sarrera inportanteena bisitariek ematen dute. Sarrerarekin bakarrik aurrekontuaren %25-30a estali dezakegu. Museo batentzako gauza handia da hori.
Javier Gonzalez de Durana. Balentziaga museoko zuzendaria
«Den-dena lotzen da janzkerarekin»
Duela urtebete ireki zituen ateak, eta zuzendariak dio bisitariek espektatibak gaindituta alde egiten dutela. Uste du une egokian zabaldu zutela, «modaren errealitatea ezagutzeko grina baitago»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu