Zinema estreinaldiak

Denboran bidaiatzen duten beldurrak

Bertrand Bonello zinemagile frantsesak sentimenduak ezabatzeko bere aurreko bizitzetara bidaiatu behar duen aktore baten istorioa kontatu du 'La Bête' filmean, eta gogoeta egin garaiaren arabera forma diferenteak dituen maitasun batekin duen harremanaz.

'La Bête' filmeko fotograma bat.
'La Bête' filmeko fotograma bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko martxoaren 27a
05:05
Entzun

Emakume bat pantaila berde baten aurrean antzezten ari da. Gizon batek, kameraren beste aldetik, adierazten dio zer egin behar duen. Casting batean daudela dirudi, eszenatoki, atrezzo eta gainontzeko pertsonaia guztiak postprodukzioan gehituko diren beldurrezko film batean parte hartzeko casting batean. Gizonak esan dion bezala, izuturik azaldu behar du emakumeak, bertan ez dagoen mehatxu bati erantzunez.

2044. urtea da. Gabrielle aktoreak lana behar du, baina, adimen artifizialak eta haren ondorioek gizartea menperatzen duten garai horretan, ez-produktibotzat eta arriskutsutzat hartzen dituzte gizakien sentimenduak. Irtenbidea sentimenduak ezabatzea da. Horretarako, gizakiak substantzia likatsu batez betetako bainuontzi batean sartzen dira, eta, beren DNA garbitzeko, aurreko bizitzetako oroitzapenak bisitatzen dituzte. Horrela, Gabrielle hiru garaitara mugituko da, eta hiru garai horietan gizon berarekin egingo du topo, hau da, bere bizitza ezberdin guztiekin. Lehenengo, 1910. urtera bidaiatuko du, Parisko uholde handia gertatu zen urtera. Emakume ezkondua da Gabrielle, eta panpina fabrika baten jabe Louisez maiteminduko da. 2014an, Hollywooden muturra sartu nahian dabilen aktore bat izango da Gabrielle, eta saileko hiltzaile bat ezagutuko du. 2044an, bere aurreko bizitzetako sentimenduak ezabatzea erabakiko du Gabriellek.

Henry Jamesen The Beast in the Jungle istorioan inspiratutako lana da La Bête, Bertrand Bonello zinemagile frantsesak idatzi eta zuzendu duen azken film luzea, baina zuzendariak irakurketa propioa egin du, eta protagonistari sexua aldatu. Veneziako jaialdian aurkeztu zuen, eta, han saririk jaso ez bazuen ere, Valladolideko Semincin aktorerik onenaren garaikurra irabazi zuen Lea Seydouxek.

Adimen artifizialari, iraganari, DNAri eta sentimenduei buruzko hausnarketak egin ditu Bonellok, eta bere aurreko filmetan landutako gaiak gehitu: arima, oinazeak, nork bere burua topatu beharra. Mendez mende bidaiatzen duen Gabrielle hori izango da istorioaren hari bakarra: ingurua aldatu egingo da, baina aktoreak bere trauma eta beldurrak eramango ditu bizitza batetik bestera. Horrela, garai eta genero ezberdinak nahastuz, eta kontzeptualki eta formalki aberatsa izanik ere, La Bête erakargarria izan daiteke filmean gauza ezberdinak bilatuko dituzten askotariko ikusleentzat. Izan ere, zinemagile frantsesak zientzia fikzioz mozorrotutako maitasun istorio bat kontatuko du, beldurretik abiatuta: iraganeko oinazeen beldurra, etorkizuneko mehatxuen beldurra, eta, erdi-erdian, maitatzeko beldurra.

'La Bête' (The Beast)

Beste estreinaldi batzuk:

57 Magyarázat mindenre
Magyarázat mindenre fimaren irudi bat. 

'Magyarázat mindenre'

Ikasturte amaiera da Budapesten. Ahozko historia azterketa suspenditzean, Abelek erabaki du porrotaren arrazoiei buruz gezurra esatea gurasoei. Hala ere, gogoz kontra, eskandalu politiko eta mediatikoa sortuko da gero.

Zuzendaria: Gabor Reis. Gidoilariak: Gabor Reisz, Eva Schulze. Aktoreak: Gaspar Adonyi-Walsh, Istvan Znamenak, Andras Rusznak. Argazkia: Kristof Becsey. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 151 min. Herrialdea: Hungaria.

'Milli Vanilli: Girl You Know It's True'

Milli Vanilli, Rob Pilatus alemaniarrak eta Fab Morvan frantziarrak osatutako bikotea, fenomeno musikal bihurtu zen 80ko hamarkadaren amaieran eta 90eko hamarkadaren hasieran. Abesti oso ezagunak kaleratuta, mundu osoko kanta arrakastatsuen zerrendetan egon ziren. Bazirudien Fabek eta Robek ibilbide oparoa izango zutela aurrerantzean, egia azaleratu zen arte: kantak ez zituzten beraiek abesten. Musikaren historiako eskandalurik handienetako bat piztu zen horren harira.

Zuzendaria: Simon Verhoeven. Gidoilaria: Simon Verhoeven. Aktoreak: Tijan Njie, Elan Ben Ali, Matthias Schweighoefer. Argazkia: Jo Heim. Generoa: drama. Urtea: 2023. Herrialdea: Alemania. 

'Les choses simples'

Vincent enpresari arrakastatsua da. Egun batean, autoa matxuratuko zaio mendiko errepide batean, eta eten egin beharko du bere bizimodu frenetikoa. Pierre mundu modernotik aparte bizi da, naturaz inguraturik, eta laguntzera joango zaio. Bi gizon kontrajarri horien arteko topaketak sinesmenak nahastuko dizkio biei, eta beren buruari galdetuko diote ea benetan nahi bezalako bizimodua duten.

Zuzendaria: Eric Besnard. Gidoilaria: Eric Besnard. Aktoreak: Lambert Wilson, Gregory Gadebois, Marie Gillain. Argazkia: Jean-Marie Dreujou. Generoa: komedia. Urtea: 2023. Iraupena: 96 min. Herrialdea: Frantzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.