Donostiako 74. Zinemaldia

Denboran geldiak

Javier Ruiz Calderak '5 minutos más' aurkeztu du Sail Ofizialean, Berto Romerok idatzitako fantasiazko komedia beltza. Javier Camara, Belen Cuesta eta Romero bera ditu protagonista filmak.

Javier Ruiz Caldera zinemagilea (eskuinetik lehena), Javier Camara, Berto Romero eta Belen Cuesta aktoreekin, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Javier Ruiz Caldera zinemagilea (eskuinetik lehena), Javier Camara, Berto Romero eta Belen Cuesta aktoreekin, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
mikel lizarralde
Donostia
2026ko irailaren 19a
15:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Javier Ruiz Caldera zinemagile kataluniarrak 5 minutos más filma aurkeztu du gaur goizean Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehiara, fantasiazko elementuak dituen komedia beltza. Krisian dauden senar-emazte batzuk ditu protagonista. Bikoteak asteburu bat landa eremu isolatu bateko etxe batean igarotzea erabakiko du. Han, agentziako arduradunarekin elkartuko dira hark etxea erakutsi eta giltzak emateko, baina, halako batean, ezohiko zerbait gertatuko da: denborak bost minutu atzera egingo du. Eta bost minutu aurrera egin ostean, berriro egingo du atzera. Eta horrela, beste hamaika aldiz, etengabeko bukle batean. Javier Camara, Belen Cuesta eta Berto Romero ditu protagonista, eta Romerorena da filmaren gidoia ere.

Denbora bukleen inguruko film ugari egin izan dira zinemaren historian, eta Romerok azaldu du horietako askoren eta generoaren beraren zalea dela aspalditik. «Baina banuen zerbait berria proposatzeko gogoa. Uste dut generoaren barruan dena esan izan dela, eta mekanismoa ere agerikoa dela askotan. Baina aldaera bat aurkitu nuen, eta istorioa bera beste eremu batera eramateko aukera izan nuen». Izan ere, protagonistek atzera egiten duten heinean, igarotako bost minutu horietan gertatutakoen ondorioak ez dira desagertzen, eta pilatzen doaz pertsonaien minak, ezinak eta amorrua. «Azkenean, genero apokaliptikora hurbildu gara. Pertsonaiek bost minutu besterik ez dute, eta ondorioz, erreakzionatu egiten dute, ez besterik; ez dute gogoetarik egiten. Eta horixe bera gertatzen zaigu denoi. Azken batean, sentimendu garaikideak azaltzen dira filmean».

«Pertsonaiek bost minutu besterik ez dute, eta ondorioz, erreakzionatu egiten dute, ez besterik; ez dute gogoetarik egiten. Eta horixe bera gertatzen zaigu denoi»

BERTO ROMEROAktorea eta gidoigilea

Gaur goizean Kursaaleko auditoriumean bildutako publikoak erruz egin du barre emanaldi osoan, baina Romerok berak azaldu du gidoia idatzi zuenean ez zuela garbi komedia bat idazten ari zen. «Gidoi hau generoari erreparatu gabe idatzi nuen, eta atera zedila atera behar zuenak. Batzuetan barregarria izan daiteke, eta beste batzuetan, berriz, izugarri gogorra. Badu film korear batzuen etorri hori. Hor dago Parasites-en adibidea. Batzuetan barre egiten duzu, eta beste batzuetan izutu egiten zara».  

Romerok «modu konpultsiboan» idatzi zuen gidoia, baina ez zuen garbi bideragarria ote zen, eta hainbat laguni eman zien irakurtzeko, haien artean Ruiz Calderari. Eta hark berehala esan zion berak eraman nahi zuela gidoia zinemara. Ruiz Caldera: «Gidoia izugarria iruditu zitzaidan, orain arte egin dudanaz oso bestelakoa. Eta iruditu zitzaigun azkar filmatzeko beharra genuela, oso gaurko kontuez hitz egiten duelako. Ez dugu ulertzen munduan gertatzen ari dena, eta kontatu egin behar genuen, ahalik eta azkarren».

Filmaren tonuari edo generoari dagokienez ere, Ruiz Calderak aitortu du ez dakiela zer egin duten: «Komedia bat izan daiteke, baina baita istorio pesimista bat ere. Momentu umoretsuak azaltzen dira, eta ez ditugu ukatzen, baina protagonistek bizi dutena beldurgarria da; min handia egiten diote elkarri».

«Momentu umoretsuak azaltzen dira, eta ez ditugu ukatzen, baina protagonistek bizi dutena beldurgarria da; min handia egiten diote elkarri»

JAVIER RUIZ CALDERAZinemagilea

Film ia osoa bost minutu irauten duten plano sekuentziez osatuta dago, eta bai zuzendariak bai aktoreek aitortu dute filmaketa ez dela erraza izan. Lehendabizi, sekuentzia bakoitza entseatzen zuten, eta ondoren, dena prest zutenean, filmatu egiten zuten, hutsen bat izanez gero sekuentzia osoa berriro filmatu beharko zutela jakinda. Javier Camarak adierazi du filma ikusi duenean asko disfrutatu duela, baina filmaketa bera «oso gogorra» izan zela ere esan du: «Tentsio emozional handiaz egin dugu lan». Eta Cuestak, berriz, esan du antzerkiaren moduak ekarri dizkiola gogora filmaketak, bost minutuko plano sekuentzia horietako bakoitza etenik gabe egin behar izan dutelako.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA