Ez dauka gutizia handirik Tommy Lee Jonesek (San Saba, Texas, 1946). Orain arte ongi egin duen huraxe egiten segitu nahi luke, ahal duen neurrian. Aritu da zinemako pertsonarik garrantzitsuenekin: Clint Eastwood, Cohen anaiak, Oliver Stone eta beste. «Ez dut bereziki inorekin lan egitea desio. Idealizatu ditudan zuzendari guztiak hilda daude», dio, zinema munduko lau hamarkadatako ibilbideak ematen duen patxadaz. Eta, hain zuzen ere, horregatik jaso du aurtengo laugarren Donostia saria, zazpigarren artearen inguruan egin daitekeen ia dena egin duelako, bai egoki egin ere: zuzendari izan da, gidoilari, ekoizle eta aktore.
Donostiara, dena den, bikote heldu baten harremanari buruzko komedia batekin etorri da, David Frankelen Hope Springs-ekin. Kay eta Arnold dira protagonistak, eta elkarrekin 30 urte daramatzate. Itxura batean harmoniaz eta egonkortasunez josiriko harreman heldua dirudiena, ordea, monotoniazko aspertze huts bilakatu da Kayrentzat. Hastapenetako ilusioaren falta sumatzen du, garai bateko desioa, pasioa, haragikeria... Egun batez, bulkada horri erremedioren bat bilatu behar diola eta, Hope Springs herriko sexologo ezagun batengana joko du. Eta, gogoz kontra bada ere, Arnold berekin eramango du.
Jonesek Meryl Streep izan du filmeko kide. Eta hari buruz ez du laudorioak besterik: «Batek ez du goizero irribarrez jaiki beharrik; batzuetan triste esnatzen zara, besteetan aldarte makaleko zaude, aspertuta, edo dena delakoa. Merylekin lanean aritu nintzenean, goiz irribarretsuak soilik izan nituen». Kontatu duenez, «ezin hobeto» joan ziren filmaketa lanak, batere zailtasunik gabe. Albo kalteak ondoren etorri zaizkio, film berrienaren gaia kontuan hartuta jendea sexu aholku eske joaten hasi zaionean. «Ni ez naiz egunkarietako zutabegilea, aktorea baizik. Hamarretik zortzi kazetarik galdetzen didate sexuari buruzko zein aholku emango niekeen adinean aurrera doazen bikoteei, baina nik ez diet galdera horiei erantzuten». Ez horiek, ez eta politikarekin lotutakoak ere, argitu duenez. Galderen nondik norakoak hain era zorrotzean murriztu dituelarik, bere ibilbideaz aritzea beste erremediorik ez da geratu.
Garaile baten ibilerak
Andrew Davisen The Fugitive-n Marshall Sam Gerard pertsonaia antzeztearekin bat eman zuen jauzia Jonesek. Bigarren aktore onenaren Urrezko Globoa eta Oscarra poltsikora, eta haiekin batera, mundu osoko ospea. Sariketen osteko gauak oso ongi gogoratzen ez baditu ere, gauza jakina da gerora osatu duen ibileraren oinarriak ezarri zituela orduan. 2007an, Paul Haggisen In the Valley of Elah filmeko lanagatik Oscarretarako izendatu zuten ostera ere, eta, urte berean, bera aritu zen beste film batek —No Country for Old Men-ek— irabazi zuen. Kristau ikasbidean deusez harro ez egoten irakatsi ziotenez, Jonesek ez du gogoratzen bereziki eragin dion lanik. «Film on asko eta beste hainbeste txar egin ditut. Negozio ikuspuntutik erraza da esaten: diru gehien eman didaten lanekin nengoke harro. Begirada artistikotik, ordea, ez dakit zer erantzun». Harrotasunik ez, baina ego-ari jaten ematea ezinbesteko du artistak, haren irudiko. «Antzezleak besteen onespena behar du; gogorra da ikustea norberaren lana txalotzen ez dutela». Hark ez du alde mingots horretatik askorik probatu. Izan ere, umetatik datorkio irabazle sena.
Polizia, eskolako irakaslea eta kosmetika denda bateko saltzailea zuen ama; aita, berriz, petrolio ustiategiko langilea. Hardvarden ikasi zuen, eta bertako futbol taldeko defentsetako bat ere izan zen. Ingeles filologiako doktore titulua atera zuen han, cum laude notarekin, Flannery O'Connorren lanetako katolizismoaren mekanikei buruzko tesia egin ostean. Ikasketak amaitu bezain pronto, New Yorkera joan zen, aktore izateko asmoz. Antzerkian lehenik, filmetan gero, arrakasta eskuratu zuen, eta bi hamarkadaren buruan, Hollywoodeko soldatarik handienetako bat poltsikoratzen zuen.
Jones hiru bider egon da ezkonduta: Kate Lardnerrekin 1971tik 1978ra, Kimberlea Cloughleyrekin 1981etik 1996ra —bi seme-alaba izan zituzten— eta Dawn Laurelekin 2001etik egundaino. Pare bat arrantxoren jabe da, eta zaldian ibiltzea gustatzen zaio, besteak beste. 2000n, bere klasekide izandako Al Gore hautagai demokrataren aldeko bozka eskatu zuen AEBetako hauteskundeetan.
Donostiako 60. Zinemaldia
Denetik, sexu aholkulari izan ezik
Tommy Lee Jonesek jaso du laugarren Donostia saria, zineman 40 urtez egin duen lanaren aitorpen gisara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu