Asia Reaves kartzelatik atera berri da, eta, iragan beltza ahazteko asmotan, lan baten bila dabil; erabat etsita, hutsetik hasi nahi du. Bilaketa horretan, New Yorkeko The Virgil izeneko hotelean lan egiteko eskaera jaso du. Manhattan auzoko etxe orratz batean dago; oso esklusiboa da, eta luxuzkoa. Hala, gau batean, hotelera joango da, hura ezagutu nahian. Berak, baina, ez daki zer ezkutatzen den eraikin hartan: kutsu misteriotsua du, eta sekta batek egindako erritual basati baten eszenatokia da. Hainbat eta hainbat langile galdu dira bertan, eta sekula ez dute izan han desagertutakoen berririk.
Protagonistak, beraz, lehenengo gauari aurre egin beharko dio, eta bizirik ateratzen saiatu beharko du. Horretarako, labirinto forman eraikita dagoen eraikinean barrena, hainbat oztopori aurre egin beharko die: pasillo luzeak eta ezkutuko gelak daude; nahita diseinatuta daude hala, jolas parke baten antzera funtziona dezaten. Bertako langileek ez dakite Asia kartzelan egon dela, eta bertan ikasitako zenbait teknika probatuko ditu bere burua sektako kideengandik babesteko.
Zazie Beetz aktoreak gorpuztu du Asia, eta haren ahizpa Maria Reaves, Myha’la Herroldek. Maria ere hoteleko garbitzailea da. Ahizpak urte asko daramatzate bananduta, eta elkarren berririk izan gabe. Talde satanikoaren burua, berriz, Kevin da, eta Tom Felton aktoreak antzeztu du. Paterson Joseph, Heather Graham eta Patricia Arquette aktoreak ere ageri dira, istorioan funtsezko zeregina duten pertsonaiak antzezten.
Odola nonahi
Kirill Sokolov zuzendaria ohituta dago odola oinarrian duten filmak egiten. Ondu duen azken filmean, esaterako, hala ikus daiteke. Baita Otorvi i vybros (2021) eta Papa, sdokhni (2018) ikus-entzunezkoetan ere. Gainera, azken lanak IT (2017) film ospetsuaren sortzaileen laguntza izan du, Andy Muschietti eta Barbara Muschietti ekoizleena, hain zuzen ere. Aspaldiko beldurrezko film arrakastatsuena izan zen, eta Muschietti anai-arrebak beldurrezko filmen esparruko ekoizle ezagunak bihurtu ziren.
Oraingoan ez bezala, errusieraz egin ditu orain arteko film eta lan guztiak. Eta aldaketa nabarmena egon da aurreko bi lanetatik oraingora: aktoreen aldaketa. 2021eko eta 2018ko filmetan, esaterako, aktore berak izan zituen bidelagun —Vitaliy Khaev, adibidez—. Oraingo honetan, baina, AEBetan ekoiztu duenez, filma ingelesez egin du. Hortaz, aktoreen zerrenda ere goitik behera aldatu du.
Zuzendaria: Kirill Sokolov. Gidoilariak: Kirill Sokolov eta Alex Litvak. Aktoreak: Zazie Beetz, Myha’la Herrold, Patricia Arquette, Tom Felton. Generoa: beldurrezkoa. Herrialdea: AEB. Estreinaldia: Gaur estreinatuko da Ipar Euskal Herrian, eta etzi Hego Euskal Herrian.'they will kill you'
Beste estreinaldi batzuk:

Zuzendaria: Victor Garcia Leon. Gidoilariak: Borja Cobeaga eta Victor Garcia Leon. Aktoreak: Marian Alvarez, Israel Elejalde, Natalia Reyes. Estreinaldia: Etzi estreinatuko da Hego Euskal Herrian.'Altas capacidades'
Alicia eta Gonzalo klase ertaineko bikote bat dira. Haien umea, Fer, eliteko ikastetxe batean matrikulatzeko aukera eman diete, eta hala egingo dute. Horrek, baina, haien bizimodua erabat aldatzea ekarriko die: lagun berriak egin beharko dituzte, eta diru gehiago lortuko dute. Haien beldurrak eta printzipioak kontrajarri egingo dira, baina.
Zuzendaria eta gidoilaria: John Patton Ford. Aktoreak: Glen Powell, Margaret Qualley, Ed Harris. Generoa: Drama. Estreinaldia: Gaur estreinatuko da Ipar Euskal Herrian.'how to make a killing'
Zer egiteko gai da pertsona bat, herentzia handi bat ahalik eta bizkorren jasotzeko? Becket (Glen Powell) familiako zortzigarrena da dirutza handi bat oinordetzan jasotzeko. Arazo horrek badu konponbide bat, haren ustez: aurreko guztiak hiltzea, bera bakarrik gelditu arte. Ez du baztertuko hilketaren ideia hori, eta edozer gauza egiteko gai izango da herentzia jasotzeko.
Zuzendaria: Ric Roman Waugh. Gidoilaria: Ward Parry. Aktoreak: Jason Statham, Naomi Ackie, Bill Nighy. Herrialdea: AEB. Estreinaldia: Etzi estreinatuko da Hego Euskal Herrian.'shelter'
Urruneko uharte batean, erbestean bizi den gizon batek neska gazte bat erreskatatuko du ekaitz arriskutsu batetik. Arriskuan egongo dira biak ala biak behin baino gehiagotan, eta egoera horiei guztiei aurre egin beharko diete. Egunak igaro ahala, jabetuko dira elkarrekin egon beharko dutela luzera begira; beraz, une oro neska gaztea babestea izango da gizonaren helburua.