Idazlea: Juan Kruz Igerabide.
Ilustratzailea: Maite Gurrutxaga. Argitaletxea: Elkar.
Haurren eta gazteen literaturaren muga lausoan kokatzen da txori txoro honen kontakizuna.
Narrazio luzearen eitea harturik, laurogeita hamasei orrialdeetan luzaturik eta hogeita lau atal laburretan banaturik, desberdin jaiotako okil batek bere bizipenak kontatzen dizkigu sosegu handiz —gehienetan—, jaiotzen denetik seme-alabak edukitzen dituen uneraino.
Igerabideren obra jarraitzen duenak badaki zein saiatua den idazle hau haurren aroak deskribatzen, haurren unean uneko bizipenak paperera ekartzen. Hala egin zuen Grigorrekin, sei eta hamabi urte arteko haurren erretratuarekin (Egunez parke batean (1993), Gauez zoo batean (1995), Denboraldi bat ospitalean (1995), Oporraldi bat baserrian (1996)). Halaxe ere Jonasekin, lau eta sei urte arteko haurren erretratua osatzeko (Jonas eta hozkailu beldurtia (1998), Jonasen pena (1999), Jonasen iratzargailua (2001), Jonas larri (2002), Jonasek arazo potoloa du (2004), Adio Jonas (2007)).
Txori txoroa ez da Grigor, ezta Jonas ere, xumeagoa da, aurreko biekin sortutako obrarekin parekaezina eta, halere, haien osagarri da.
Igerabidek badu beste narrazio bat okila protagonista duena (Okili-kili (2003)). Harako hartan, gizaki batek okil-kume ahul bat artatzen du eta ahuldade-ezintasun horrek batzen ditu bi istorioetako okilak. Gainerakoan ez dute zerikusi handiegirik.
Bazen behin okil bat moko oker jaio zena.
Bazen behin okil bat desberdina, zurgin txarra baina eskultore bikaina. Beltzen artean zuri, zurien artean beltz, bazen behin okil bat bere bidea ekinez aurkitu zuena.
Kosta egin zitzaion bere burua aurrera ateratzea, okilen artean ohikoa da-eta lumaldatu eta berehala arbolan gora eta behera xomorroak bilatzen hastea euren erpe sendoak baliatuz. Okilak bakartiak baitira eta txikitatik hasten baitira bakardade honetan ohitzen.
Gure txori txoroa hanka ahula zen ordea, ezdeusa okil bizitza egiteko hain gaztetatik. Senideek ezin zuten hori eraman, moko oker eta hankez ahul, zer okil klase zen hura?
Heriotza ziurra zetorkion gure okil gaixoari, urretxindorra harekin errukitu ez balitz. Hala, senideek eman ez ziotena espero ez zuen lekutik etorri zitzaion eta aurrerantzean hala izango zela konturatu zen.
Bizilekua atzean utzirik baso berriak ezagutu zituen, baita harrizkoak ere... baina gehiago jakin nahi duenak liburua irakurtzea du onena.
Liburuaren edergailu Gurrutxagaren zuri-beltzeko marrazkiak ditugu. Bere ohiko bideari fidel, arkatza da marrazketaren lantresna nagusia. Berrikuntza landareak estanpaturik agertzea da, arkatzaren ondoan tintazko azalera epelagoa horien erakusgarri. Testuaren esanaren osagarri xume dira, baina basoaren sakontasuna zein eder agertzen duen miragarria da. Hainbat unetan, gainera, narrazioak eman ezin dizkigun ñabardurak jasotzeko ere baliagarria suertatzen da.
Biak ala biak, Gurrutxaga eta Igerabide, euskal letren erakusleiho aparta bihurtu dira txori txoroarekin.
Literatura. Haur eta gazte literatura. 'TXORI TXOROA'
Desberdinaren nekeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu