«Gure bizimoduaren kontra doan proiektu bat da hau». Joseba Sarrionandia idazleak korrontearen kontrako gisa deskribatu du Zaldibarko berbeta eta literatura: Zalduko urak liburua. Berez, XIX. mendetik hona Zaldibarren (Bizkaia) sortutako testu, kantu eta kontuak biltzen ditu lanak, eta, beraz, nolabaiteko entziklopedia lokal baten moduko zerbait da emaitza. Baina, testu bilduma huts bat izatetik harago, «errekuperazio ariketa bat» ere bada proiektua, Sarrionandiak esan duenez. Haren hitzetan, proiektuak aldi berean egiten dielako aurre bai gaur egungo bizimoduan nagusitzen ari den «deslokalizazioari», bai eta egungo bizimoduaren gehiegizko abiadaren eraginez gailentzen ari den «desmemoriari» ere. «Lokaltasuna eta memoria errekuperazio ariketa bat da hau».
Joseba Sarrionandiak ez ezik, Gaizka Zabartek ere sinatu du liburua, baina haiena «edizio» lana izan dela zehaztu dute biek. Liburuaren autorea, benetan, kolektiboa baita. Bilduma bat. Antologia moduko bat. Hamaika egileren eta kontalariren testuak, kantuak eta kontuak biltzen dituen «artefaktu bat». Zabarte: «Zaldibarko azken bost-sei belaunaldien kontuak daude hemen».
«Gure bizimoduaren kontra doan proiektu bat da hau: lokaltasuna eta memoria errekuperazio ariketa bat»
JOSEBA SARRIONANDIA Idazlea eta editorea
Hamaika motatako testuak topatuko ditu irakurleak liburuan, gaika eta sasoika antolatuta. Tartean badira ipuinak, kantak, lekukotzak, bertsoak, garai bateko umeen jokoak, herriko musika taldeen hitzak, umeek duela bost urte eskolan idatzitako kontakizunak, garai guztietako aldizkarietako artikuluak, elkarrizketak, udaleko aktak, bai eta Zaldibarko zabortegiaren hondamendia salatzeko egindako elkarretaratzeetan irakurritakoak ere. XIX. mendetik honakoak dira gehienak, baina badira lehenagoko pasarte batzuk. Eta, Sarrionandiak zehaztu duenez, testu multzo zabal horretan badira altxor batzuk ere.
Gernikako bonbardaketa
Pedro Gallastegi izeneko mutikoak emandako lekukotza da harribitxi horietako bat. 9 urte baino ez zituen umeak, 1937ko apirilaren 25eko goizean herritik alde egin eta Gernikara bidean abiatu zirenean. Munitibarren lo egitera gelditu, eta bertatik bertara ikusi zituzten bonbardaketak. Larri zauritu zuten Pedro, eta bi egunera hanka moztu zioten Bilbon. Handik Santanderrera, Santanderretik Arroxelara eta Arroxelatik Baionara heldu zen azkenik, eta Baionako Dr. Delay klinikan zegoela, han jaso zuen haren testigantza Jose Migel Barandiaranek. Eta hark jaso bezala datoz umearen hitzak liburuan.
«Jaurti zittuen bonbak. Neuk bat bakarrik entzun neban: lehelengo bonbak gortu eiñ nindduen, baña keie ikusten neban toki askotan. Gero eskue odolez beteta ikusi neban, eta beittu notsan hankiai, eta purtute neuken. Belauneko hazurre dana apurtute euki neban, eta belaunetik beherako azala eta okelie dana kendute. Makilla bategaz, nekez jagi nitzen, eta han ikusi nittuen Anjela eta beste andrie, lurrien etzunde, soñekuaz eta gonakin burue tapatute. Gero, behidxek euezan etxe zaharrera sartu nitzen, eta behidxen buztarriko narruen ganien etzun nitzen. Han egon zien trapu batzukin lotu neban hankie». Eta han, zaldia. «Han egon zan Saturren kaballue lotute, eta bonbak botatzen zittuenien bera saltoka hasten zan. Geldi egoteko esaten notsan: Geldi, kaballo! Gelditzen zan eta niri begire-begire egoten zan».
«Zaldibarko azken bost-sei belaunaldien kontuak daude hemen»
GAIZKA ZABARTE Idazlea eta editorea
Testuez gainera, hamaika irudi ere baditu liburuak, eta, QR kode batzuei esker, bertan biltzen diren kantuak eta lekukotzak entzuteko aukera ere badu irakurleak.
Historia tailerrak
1960ko hamarkadan Ingalaterran abiatutako «historia tailerrak» hartu ditu gogoan Lander Majuelo Pamiela argitaletxeko editoreak. «Paradigma aldaketa bat egon zen, eta nork bere herriko historia bere herritik eta batez ere behetik gora ikertzea zen saiakera. Mundu akademikotik Edward Palmer Thompson, Eric Hobsbawn eta beste historialari handi batzuk ere batu ziren egitasmo hartara, baina bertako historia ikertzeko manera bat saretzen asmatu zuten, ikertzeko grina akademiatik kanpo ere zabaltzen lagundu zuena. Jende xume asko batu zen ikerketa horiek egitera, eta akademia iristen ez den tokietara iritsi ziren horri esker. Hemen, Nafarroan lortu da hori, pixka bat, Gerra Zibilari buruz egin diren ikerketa batzuekin, baina arlo literarioan, hau da asmo horri gehien hurbiltzen zaion saiakera».
Izan, proiektu zabalago baten parte baita argitaratu berri duten Zaldibarri eskainitako liburua. Duela urte batzuk antzeko bilketa lana egin zuten Iurretan ere (Bizkaia), eta, 2024an ere, liburu modura eman zuten argitara bertan jasotakoa. Iurretako berbeta eta literatura: sator hegalariak zuen izenburua lan hark. Pamiela argitaletxeak eman zuen argitara, eta, ordukoan ere, Joseba Sarrionandia izan zen proiektu haren sustatzaileetako bat. XIX. mendetik gaur egunera arte Iurretan sortutako literaturaren eta kulturaren hainbat adibide jaso zituzten ordukoan, eta bizirik da proiektua orain ere.
Sarrionandiak azaldu duenez, beste hainbat herritan ere egina dute jadanik bilketa lan hori. Abadiño, Berriz, Ermua, Mallabia eta Otxandio aipatu ditu, besteak beste —Bizkaiko herriak dira bostak—. Material horri guztiari liburu itxura ematea baino ez zaie falta kasu horietan guztietan, baina, egileak azaldu duenez, hori da lanik zailenetako bat. «Testuen azken edizioa egitea falta da».
Liburuaren aurkezpen antzeztua egingo dute urriaren 7an
Behin liburua kaleratuta, bertan bildutakoa zabaltzea da bigarren erronka. Horregati, emanaldi modura egingo dute Zaldibarko berbeta eta literatura: Zalduko urak lanaren aurkezpena. Bertan jasotako testuak irakurriko dituzte hainbat aktorek, eta herritarrek ere parte hartuko dute. Urriaren 7an izango da saioa, Zaldibarko kaperan. Horrez gainera, iragarri dute hainbat saio egingo dituztela Zaldibarko ikastetxeetan, aurrez Iurretan egin bezala.